Kataluniak ehunka bikoizketa eta azpidatzi emango dizkie plataformei

TV3k bikoiztutako eta azpidatzitako film eta telesailak jartzen ari dira 'streaming' plataformen esku

Natalia Garriga eta Rosa Roma i Monfa, atzoko agerraldian. ARNAU PASCUAL / KATALUNIAKO KULTURA DEPARTAMENTUA.
jakes goikoetxea
2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Kataluniako Generalitatea urrats sendoak egiten ari da streaming plataformetan katalana ere egon dadin. CCMA Kataluniako Ikus-Entzunezko Hedabideen Korporazioak bere katalogoan bikoiztuta eta azpidatzita dauzkan filmak eta telesailak utziko dizkio Generalitateari, eta Generalitateak streaming plataformei helaraziko dizkie.

Bi erakundeek hala hitzartu dute, eta plataformetan katalana sustatzeko estrategia aurkeztu zuten atzo. Kataluniako Generalitatea hasi da katalanez bikoiztutako eta azpidatzitako filmak eta telesailak plataformei ematen. Filmak dira lehentasuna. Film arrakastatsuenak. Hala ere, telesailak ere emango dizkiete plataformei.

HBO Maxek katalanezko ehun film baino gehiago izango ditu hurrengo hilabeteetan. Orain arte dozena bat inguru baino ez ziren, eta aste honetatik aurrera 43 eskaintzen ditu.

Netflixek «bere konpromisoari eutsiko dio» eta zenbait berrikuntza eskainiko ditu bere katalogoan. Kultura Departamentuak iazko martxoan hitzarmena sinatu zuen Netflixekin, eta ordutik Netflixek bere katalogoko 127 lan bikoiztu eta azpidatzi ditu. Orain CCMAren katalogoarekin bat datozenak ere gehituko ditu, 30 bat inguru, atzo emandako datuen arabera. Generalitatea hitz egiten ari da baita Movistar Plusekin, Amazon Prime Videorekin eta Filminekin ere. Filminek urteak daramatza edukiak katalanera bikoizten eta azpidazten.

Disney Plusi eskatu diote streaming plataforman jar ditzala zinema aretoetako filmetarako egindako bikoizketak. Disneyrenak eta 20th Century Foxenak. Hizkuntz Politikarako Zuzendaritzaren laguntzaz bikoiztu ziren.

CCMAk Generalitateko Kultura Departamentuaren esku uzten ditu TV3k bikoiztutako eta azpidatzitako filmak eta telesailak. Kultura Departamentuak plataforma bakoitzaren katalogoa aztertzen du. Bi zerrendetan ageri diren filmak eta telesailak baldin badaude, bikoizketak eta azpidatziak bidaltzen dizkie plataformei, aurrerantzean ikus-entzuleei eskaintzeko.

Prozesua ez da hain erraza. Bikoizketetako audioak plataformen audio formatuetara egokitu behar dituzte. Horrez gain, film eta telesail horien banatzaileekin ere hitz egin behar dute. Banatzaile horietako asko Kataluniatik kanpo daude, eta, Natalia Garriga Kultura kontseilariaren esanetan, «batzuek ez dute Kataluniako berezitasuna ezagutzen». Aintzat hartu behar dira filmen egile eskubideak ere.

«Premiazko lana zena egiten ari gara legegintzaldiaren hasieratik», nabarmendu zuen Garrigak, atzo. «Orain garrantzitsua da, herritarrak film edo telesail bat aukeratzen duen bakoitzean, begiratzea ea katalanez ikusteko aukera eskaintzen duen».

Bilatzailerik ez

Aurkezpenaren osteko galderen tartean, Garrigari aipatu zioten plataformetan ezin dela filmen eta telesailen bilaketa katalanez egin, alegia, aurrena titulua beste hizkuntza batean bilatu behar dela, eta gero ikusi ea katalanezko bertsiorik ote duen. Garrigak erantzun zuen hitz egingo duela plataformekin, katalanezko bilaketa ere ahalbidetzeko.

Beste bi erronka ere aipatu zizkioten Kultura kontseilariari: bata, plataformak jakinarazi eta zabaldu dezatela katalanezko eskaintza, harpidedunek jakiteko —erabiltzaileek egiten duten lana da—; bestea, plataformek itzul ditzatela interfazeak, erabiltzaileek katalanez nabigatu ahal izateko.

Urteetan egindako eta pilatutako ondarea dira bikoiztutako eta azpidatzitako filmak eta telesailak. Milaka dira guztira. «Neurriak beste bizialdi bat emango die CCMAren bikoizketei», Rosa Roma i Monfa CCMAko presidentearen esanetan. Plataformei bikoizketak emateak bikoizketen kudeaketari buruzko ikuspegia aldarazi die: «Katalanezko bikoizketak ematea lehentasuna da, horrek lehiakortasuna galtzea esan nahi badu ere».

Roma i Monfak gogorarazi zuen TV3ren eta Catalunya Radioren funtziorik garrantzitsuenetakoa katalana sustatzea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.