DAB irrati digitaleko emankizunak etzi iritsiko dira Euskal Herrira

Lapurdiko kostaldean entzun ahalko dira hastapenetan. Euskarazko irrati batzuk ere ariko dira

DAB audio emankizun digitalak entzuteko, irrati aparailu bereziak behar dira. GOIZEDER TABERNA.
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
FM bidezko irratian oraindik ez da aldaketarik izango Euskal Herrian, baina aste honetan aurrerapauso garrantzitsu bat emango da irratiaren eremuan: lehen aldiz, DAB edo DAB+audio transmisio digitalak abiaraziko dira (digital audio broadcasting). Lapurdiko kostaldean entzun ahalko dira aurreneko emanaldi digitalak, ostiraletik aurrera. Esleitze bat tokiko Baionari dagokio, eta beste bat Baiona zabalari —Lapurdiko eremu handiagoa hartzen du—, baina lehen hilabeteetan soilik Lapurdiko kostaldean entzungo dira emankizunak. Geroago zabalduko dira Lapurdi osora, Nafarroa Beherera eta Zuberoara. Irrati aparailu berri bat behar da emankizun horiek entzuteko; auto berri gehienek ere badakarte irrati digitala entzuteko tresna.

DABak irrati seinale analogikoak ditu jatorrian, eta digital bihurtzen dira. Baina ez da Internet bidezko irratiarekin nahastu behar. Hala, FMren tankerako frekuentziak erabiltzen ditu.

Christophe Betbeder Irrati Libreen Frantziako Sindikatu Nazionaleko ordezkari nagusiak nabarmendu du «irrati eskaintza potentzial berri bat» iritsi dela. Eta eragina izango du eskaintzan. «Irrati digitalean 26 irrati kate egingo dira, eta horietatik hemezortzi orain arte ez ziren presente Euskal Herrian».

Horietatik batzuk proiektu berriak izango dira: Surf FM, Mediabask irratia —irailean hasiko dute programazioa—, Kultura Antxeta... Aitziber Zapiain Antxeta irratiko koordinatzaileak azaldu duenez, Antxeta irratiak eta Kultura Radiok elkarlanean sortu dute Kultura Antxeta. «AIRK irratia deituko diogu. Zehaztasun handiagoarekin hurrengo ikasturtean hasiko gara. Egokitzapen aste batzuk ditugu orain, eta irailean programazio osoa eskainiko dugu». Kulturari eta aktualitateari lotutako magazinak eskainiko dituzte, euskaraz. Euskal Irratien parte da Antxeta, eta, hain zuzen ere, Euskal Irratiek irailean abiaraziko dute emanaldi digitaletara bideratutako programazio berezitua.

Baiona zabala deituriko esleipenean, France Bleu Urdin Euskal Herri Irratiak lehentasunezko frekuentzia digitala du. Betbederrek azaldu duenez, badira Frantziako irrati batzuk orain arte Ipar Euskal Herrian FMan entzuten ez zirenak, eta horiek orain DAB eskaintzan egongo dira.

FMa gelditzeko galdera

Betbederrek argitu duenez, oraingoz DAB emankizun digitalek ez dute inolako eraginik izango FM bidezko emanaldietan. «FMak lehen bezala segituko du». Baina susmoa du urte honen amaieran Paristik erabakiren bat irits daitekeela. «FMaren gelditzearen galdera pausatuko da. ARCOM Frantziako ikus-entzunezko komunikazio numerikoaren erakunde arautzailea Irratiaren Liburu Zuria idazten ari da, eta galderetako bat da ea FMa noiz gelditu behar den».

Beste datu bat bada: 2020. urtetik aurrera, Frantzian eta Iparraldean ekoitzi eta saldutako auto guztiek DABa hartzeko irratiak izan behar dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.