Telesail berriak «EITBren balioei» lotuta egingo dituzte

ETB1ek 'Irabazi arte' gaztetxoentzako telesaila estreinatuko du otsailaren 11n. Helduentzako hiru telesail, berriz, «garatze fasean» daude

Gasteizen egingo dute gaur Irabazi arte telesailaren lehen aurrestreinaldia. Argazkian, aktoreetako batzuk. ETB.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Helduentzako euskarazko hiru telesail berri «garatze bidean» direla iragarri du Unai Iparragirre ETBko zuzendariak: «Fikzioa EITBren balioetan oinarrituta egongo da. Balio horiek honako hauek dira: berdintasuna, aniztasuna eta gizarte justuago baten alde pausoak ematea. Balio horiek ukituko dituzte egingo ditugun hiru telesail berriek».

Telesail berri horietako lehenengoa maiatzean grabatzen hastea espero dute. Aurrestreinaldia, berriz, irailean egingo lukete, Donostiako 70. Zinemaldian. Helduentzat ETBk estreinatu zuen azkeneko telesaila Beti mugan izan zen, iazko udan —COVID-19 kasurik ez zuen herri txiki baten istorioak kontatzen zituen, umorez—. 2020ko udazkenean grabatu zuten hura.

Nazioarteko streaming plataformekin koprodukzioak egin ote daitezkeen galdetuta, Iparragirrek erantzun du hiru telesail berrietako bi plataformekin batera egiteko asmoa dutela. «Telesail baten kasuan negoziazioak oso aurreratuak daude plataforma batekin».

'Irabazi arte', hiru aste barru

Iaz ETBk grabatu zuen telesail berri bakarra Irabazi arte izan zen. Gaztetxoentzako fikzio hori otsailaren 11n estreinatuko du ETB1ek, Go!azen-en denboraldia amaitu eta hurrengo ostiralean. Datozen egunetan, berriz, telesailaren aurrestreinaldiak egingo dituzte hirietan: lehena gaur, Gasteizko Europa jauregian; hilaren 30ean, Donostiako Kursaalean; otsailaren 5ean, Bilboko Euskaldunan; eta otsailaren 6an, Iruñeko Baluarte jauregian.

Gaurko aurrestreinaldian telesail berriaren aktore protagonista gazteek parte hartuko dute. Honako hauek dira aktoreak: Sua Enparantza, Ane Iturrate, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ainhoa Azpitarte, Joana Garitano, Ibai Ugarte eta Ander Rovira. Beste aktoreen artean daude Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza, ETBko makina bat ekoizpenetan aritutakoak. Telesailaren hasierako abestia Chill Mafia taldeak egin du.

ETBko zuzendariak nabarmendu du Irabazi arte izango dela Go!azen-en arrakastaren garapen bat. «Sormen lantalde berak egin du fikzioa». Pausoka ekoiztetxearen ekoizpen bat da.

Istorioari dagokionez, Kataluniatik Euskal Herrira itzultzen den familia baten istorioa kontatzen du. Familiako alabak futbolean jokatzen zuen Katalunian, eta Euskal Herrian hala jarraituko du. Iparragirrek zera azaldu du: «Nahiz eta Euskal Herrian aurrerapen handiak egin diren, fikzioan ikusiko da lan handia dagoela egiteko emakumezkoen kirolean. Irabazi arte-k erakutsiko du nola toki batzuetan oraindik emakumeek futbolean jokatzen dutenean ez den ondo hartzen». Iparragirrek zera gaineratu du: «Emakumezkoen kirolari ikusgarritasuna ematea oso garrantzitsua da guretzat».

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten iaz Irabazi arte-ren lehen atala. Denboraldi osoa editatzeko lanekin ez dute amaitu. Baina Iparragirre oso gustura dago fikzioaren edukiarekin: «Orain artekoa ikusita, oso-oso pozik gaude. Kalitatea izateaz gain, bat egiten du gure balioekin». Horregatik, ETBk erabaki du bigarren denboraldia egitea. Litekeena da, iaz bezala, udan grabatzea telesaileko atalak.

ETBko zuzendariak ziurtatu du, halaber, Go!azen-ek beste denboraldi bat izango duela. Espero zitekeen, aintzat hartuta oso ikusle datu onak ari dela lortzen: iaz %6,4ko ikusle kuota bereganatu zuen —euskaldunen artean, %14,6koa—. 4 eta 12 urte bitarteko haurren artean, %33,8ko ikusle kuota izan zuen iaz.

Aurrera begira, Iparragirrek uste du ETBk gizarteari aurrerapausoak ematen lagundu behar diola. Bide horretatik joango dira fikziozko lan berriak. «Eduki idealak dira, entretenitzeaz gain, gauzak ikasteko baliagarriak direnak». Halako lanen artean kokatu du Irabazi arte. Go!azen-eko zaleek ordutegi berean ikusi ahalko dute lan hori: ostiraletan, 21:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.