Sexu abusuak Eliza katolikoan

Mendizabalek hiru urteko zigorra du Elizan, eta fiskala ere ikertzen hasi da

Bi adingabek abusuak pairatu zituztela baieztatuta, Juan Kruz Mendizabal apaizarekin lotutako beste kasu bat ikertzen ari da Eliza. Fiskaltzak ikerketa hasi du ofizioz, eta informazioa eskatu dio gotzainari

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Eliza katolikoak hiru urteko zigorrarekin itxi du Juan Kruz Mendizabal apaizak egindako bi sexu abusuen kasua, baina auzia zabalik dago oraindik. Batetik, Elizan bertan, beste salaketa bat ikertzen ari da Donostiako Gotzaindegia, hango iturrietatik BERRIAk jakin duenez; abusuak salatu zituzten bi gazteek gutun batean aipatu zuten litekeena zela beste kasu bat behintzat egotea. Euskal Herritik kanpora joan da Mendizabal. Bestetik, justizia arruntean ere ekinbideak martxan jarri dira: diligentziak hasi ditu Gipuzkoako fiskalburuak, ofizioz, abusuak aztertzeko. Gotzainari informazioa eskatu dio, apaizaren aurkako auzibiderik hasi edo ez erabakitzeko.

Herenegun arratsaldean atera zen argitara sexu abusuen berri. Donostiako Gotzaindegiak ohar batean jakinarazi zuen Mendizabal bikario ohia —Kakux ezizenez ezaguna— zigortu egin zuela bi adingaberi «ukitze desegokiak» egiteagatik. Oharraren arabera, elizbarrutiko bikario ohiak aitortu du bi adingabeez abusatu izana, eta «prozesu psikologiko eta espiritual bat» egiten ari da orain.

Iazko martxoan jaso zuen salaketa elizbarrutiko gotzainak, Jose Ignacio Munillak. Bi gaztek adierazi zioten sexu abusuak jasan zituztela 2001 eta 2005 artean, Donostian, Xirimiri aisialdi taldean zebiltzala. Garai hartan, San Bizente parrokian zebilen Mendizabal, eta aisialdi talde horretako arduraduna zen. Gazteek gotzainari esan zioten hark egin zizkiela abusuak. Gazteekin halako beste talde batzuetan aritua da apaiza.

Kargurik ez, baina meza bai

Salaketaren berri izan zuenean, albo-alboko kide zuen Munillak: elizbarrutiko bikario nagusia zen —gotzainaren hurrengo kargua—. Ikerketa bat hasi zuen gotzaindegiak, salaketaren «egiazkotasuna» frogatzeko. Prozesu horretan, betiere gotzainaren arabera, abusuak aitortu zituen Mendizabalek.

Zigorra jarri zioten. Elizbarrutiko iturrietatik BERRIAk jakin duenez, hiru urterako zigorra da, eta iazko udaberritik ari da betetzen Mendizabal. Elizako karguak kendu dizkiote: joan den apiriletik ez da bikario nagusia, eta Groseko San Ignazio parrokiako arduraduna ere ez —elizbarrutiko ordezkariek orduan esan zuten «urte sabatikoa» hartu zuela—. Ardurak kendu dizkiote, baina, kontsultatutako iturrien arabera, aukera dauka meza ematen segitzeko, betiere eliza bakoitzeko apaiz arduradunak hori onartzen badio.

Baditu zigor gehiago: tratamendu psikologikoa hartu behar du, eta «prozesu espiritual bat» egin. Gainera, ezin da bakarrik bizi. Zigor horiek betetzen ari da orain.

Urtebeteren ostean argitara

Kontua da kasua ezagutaraztea erabaki dutela. Zergatik? Bi gazteek herenegun bertan ateratako gutunean dago giltzarria. Adierazi dute «beste kasu posible baten» berri izan dutela, eta horregatik erabaki dutela kaleratzea, «ezkutuan dauden biktima posibleak argitara atera daitezen». Bi gutunak batera hedatu zituzten: bi biktimena eta apezpikuarena.

Gotzaindegia ikertzen ari da bi gazteek eskutitzean aipatutako hirugarren kasu hori. Abian dago prozesua, eta Mendizabal Euskal Herritik kanpora joan da, «ikerketa egin bitarterako». Ez dute xehetasun gehiago oraingoz: salaketa zehatza helduko balitz, beste prozedura bat hasiko lukete.

Gogoan izatekoa da Eliza katolikoak badituela jarraibide batzuk halako kasuetarako. Orain ezagutarazi dira, Frantzisko aita santuarekin, baina lehenagokoak dira, Benediktoren aldikoak; Espainiako Gotzainen Biltzarrarena, esaterako, 2010eko agiria da.

Protokolo horretan zehaztua dago zer egin behar duen gotzainak halakoetan: lehenik, salatzailearekin egon, «ahalik eta azkarren», salaketa berrets dezan, eta ohiko justiziara jotzea aholkatzeko; bigarrenik, akusatuari jakinarazi salaketaren berri, salatzailearekin eta haren ingurukoekin harremanetan jartzea debekatu, eta badaezpadako neurriak hartu.

Kasu honetan, gotzaindegiaren arabera Mendizabalek abusuak aitortu zituenez, zigorra ezarri zioten. Gainerakoan, «arrazoizko zalantzak» egon izan balira, kasua artxibatu egingo zuen Elizak —hori dio protokoloak—, eta salatzaileei erantzungo zien ohiko auzitegira jotzeko aukera dutela.

Ohiko justiziaren bidean

Bi abusuen kasuan ez dute orain arte hori egin: gazteek eurek adierazi dute ohiko justiziara ez jotzea erabaki zutela, eurena «kasu isolatu bat» zelakoan, baina, orain, kasua ezagutarazi denean, iritsi da. Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa hasi du, ofizioz, deliturik ba ote den egiaztatzeko. Lehen pauso gisara, informazioa eskatu dio gotzainari. Gako bat badago argitzeko: abusuen delitua iraungita ote dagoen. Espainiako Zigor Kodean, bost-hamar urtera iraungitzen da delitu hori, larritasunaren arabera, baina berezitasun batekin: abusua jasandako adingabeak 18 urte betetzean hasten da kontatzen, ez delitua gertatu zenean.

Horregatik, kasuaren informazioa eskatu du lehenik, deliturik egotz ote daitekeen aztertzeko. Bidenabar, fiskalaren ikerketatik aparte, abusuak jasan dituztenek salaketa egiteko aukera daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.