Mendiaren ustez, hobe da akordioak egitea, 2020rako estatutua onartzea baino

Legealdia amaitu aurretik estatutu berria onartzea «zaila» dela esan du. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi egotzi die «baztertzaile» izatea

Idoia Mendia, atzo, Bilbon, PSEren egoitzan egindako agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE.
Maider Galardi
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
«Estatutu berria legealdi honetan amaitzeak ez du presarik». Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia irmo agertu zen estatutu berria adosteko denbora erritmoen inguruan, atzo, Bilbon egindako agerraldi batean. «Ez da egon denbora galtzerik, ez baita lege arrunt bat», nabarmendu zuen PSEk, Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai hautatu osteko lehenengo agerraldian. Autogobernu estatutu berriaren testu artikulatua egiteko denbora luzatzeko eskatu zuten orain bi aste adituek, eta azaroaren 30era arteko tartea eman zien autogobernu lantaldeak. Idoia Mendiak dio ez duela uste 2020an legealdia amaitu aurretik onartuko denik.

«Ahalik eta indar gehien jarri behar dugu akordioak lortzen»; estatutu berria bizkor onartzeari baino garrantzi handiagoa eman dio Mendiak akordio ahalik eta zabalenak osatzeari. Are, EAJri, Elkarrekin Podemosi eta EH Bilduri egotzi die autogobernu txostenaren oinarrietan «herritarren erdia baino gehiago» baztertzea: «Xedea desberdinen arteko akordioak egitea da, erraza baita berdinen artean ados jartzea, baina horrek herritarren erdia baino gehiago baztertzen du». Iazko uztailean egin zuten aurreakordioa EAJk eta EH Bilduk txostena onartzeko, eta irailean berretsi zuten adostasun hori. Elkarrekin Podemosek ere babestu zuen txostena, eskubideen atalean.

Mendiaren esanetan, estatutu berriaren legea ez da «arrunta», eta, hortaz, ia ezinezkoa da denbora gutxian hori onartzea: «Zaila dirudi erreforma legealdia bukatu aurretik onartu ahal izatea. Ezin ditugu presazko denbora mugak ipini». Gainera, oroitarazi du 2000. urtetik «autogobernuaren erreformaren inguruko hamaika txosten luze» egon direla, eta, horregatik, orain ezin dela mugarik jarri.

Joan den irailean estatutu berriaren oinarriak onartu ostean, alderdi bakoitzak aditu bat proposatu zuen oinarriak testu artikulatu bihurtzeko. Ekainean bukatu behar zuten lan hori, baina aditu taldeak azarora arteko tartea eskatu du lanean jarraitzeko. Testu artikulatua osatuta, Eusko Legebiltzarreko alderdiren batek erregistratu beharko du proposamena, eta, ondoren, gehiengo osoz onartu beharko dute. Bidea luzea dela kontuan izanda, Mendiak oroitarazi du estatutuaren erreformak «denbora eskatzen» duela. Hala ere, azpimarratu du ez dela «denbora galtze bat».

Batik bat, «presarik» ez izateko eskatu du PSEko idazkari nagusiak: «Euskal herritarren arteko elkarbizitza eta Espainiarekin izan beharreko harremana finkatuko ditu legeak». Horretarako, gutxieneko adostasuna behar luke, «Gernikako Estatutuak duenaren adinakoa, gutxienez». Kargu hartu die, horregatik EAJri eta EH Bilduri, «bi klasetako herritarrak» bereizteagatik.

Aurrekontuen negoziazioa

Estatutu berriaz ez ezik, 2020ko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen inguruan ere aritu da Mendia. PSEko idazkari nagusiak dio aurrekontuen negoziazioak «alderdi guztiei irekita» daudela, eta PPri ohartarazi dio DSBE diru sarrerak bermatzeko errenten erreformari babes emateagatik orain ez daudela derrigortuta erreforma fiskala negoziatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.