Noiz sortua: 2019-07-30 00:30:00

Frantziako Tourreko etapek %3,6ko ikusle kuota lortu dute ETB1en

Etapa nagusiek %17,9ko kuota bereganatu dute La1 katean, eta besteek, %7koa Teledeporten
Egan Bernal Frantziako Tourreko irabazlea eta Geraint Thomas bigarren sailkatua, igandean, Parisen.
Egan Bernal Frantziako Tourreko irabazlea eta Geraint Thomas bigarren sailkatua, igandean, Parisen. G. HORCAJUELO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2019ko uztailak 30

Frantziako Tourrak ikusle ugari bereganatu ditu aurten ere Euskal Herrian, eta, aurreko urteetan bezala, zale gehiagok ikusi dituzte etapen amaierak erdaraz, euskaraz baino. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, TVEko La1 kateak ematen dituen etapek —probako garrantzitsuenak— %17,9ko ikusle kuota lortu dute; talde bereko Teledeporte kateak eman ditu sailkapen nagusirako garrantzi berezirik ez zuten etapak, eta horiek %7ko kuota izan dute. ETB1eko uztailaren 6tik 28ra arteko emankizunek %3,6ko kuota erdietsi dute —euskaldunen artean, %7,1ekoa—. Aurten, aurreneko aldiz, euskarazko kateak On Tour saioa egin du, etapa amaitu osteko solasaldiekin; emankizun horrek %3,1eko ikusle kuota lortu du. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan France2ko eta France3ko emankizunek zer datu lortu dituzten jakiteko modurik ez dago, ezta Nafarroako datuak zein diren ere.

Joseba Urkiola ETBko Kiroletako arduradunak esan du lantaldean «oso pozik» daudela On Tour-ek izan duen harrerarekin. «Egun batzuetan, etapak berak baino datu hobea eman du saioak. Erreferente asko pasatu dira platotik, eta interes handia piztu du txirrindularitzako komunitatean». Joan den larunbatean, %8,5eko ikusle kuota lortu zuen On Tour-ek —egun osoan ikusle gehien izan zuen saioa izan zen ETB1en—.

Urkiolak, edonola ere, aitortu du aurtengo etapek iaz baino datu txikiagoa izan dutela. Italiako Giroak, berriz —irekian soilik ETBk ematen du—, azkeneko hamabi urteetako daturik onenak lortu ditu: %5,5eko ikusle kuota.

Bi txirrindularitza probetan egindako Ez da Giro eta On Tour saioekin saialdia egin du aurten ETBk, eta datorren urtean formula bera erabiliko dutela iragarri du Urkiolak.

Maiatzean —Giroa korritu zen hilabetean— eta uztailean bereganatu ditu aurten ETB1ek batez besteko ikusle daturik onenak: bietan %2,4ko ikusle kuota. Arraunak ere datu onak ematen dizkio kateari; adibidez, Getxoko Banderak %13,7ko ikusle kuota lortu zuen herenegun —Euskotren Ligako estropadak, %10,2koa—.

Donostiako Klasikoa

Txirrindularitzarekin lotutako emankizunekin jarraituko du ETBko lehen kateak datozen egunetan: larunbat honetan, esate baterako, Donostiako Klasikoa emango dute zuzenean —aurreneko aldiz, emakumezkoen proba izango da ikusgai, gizonezkoenaren aurretik—. Proba bukatu bezain laster, saio berezi bat egingo dute lasterketak egun osoan eman duen guztia aztertzeko.

Abuztuaren 8an, berriz, Markel Irizar txirrindulariaren inguruko dokumental bat estreinatuko du ETB1ek. Hain zuzen ere, larunbatean Donostiako Klasikoarekin hartuko du erretiroa Irizarrek txirrindularitza profesionaletik. «Lan hori oso ikusgarria izango da ikusleentzat», iragarri du Urkiolak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Berria

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. 

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. ©Gorka Rubio / Foku

Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Andoni Imaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ©Aritz Loiola / FOKU

Leiho berriak mugikortasunari (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna