Desagerpen baten samina

Jose Miguel Etxeberria 'Naparra' desagertu zela 40 urte dira, eta dokumental bat ari dira egiten

Celes Alvarez eta Eneko Etxeberria Naparra-ren senideak, Bolante baten historia dokumentalean. JOSEBA ZABALZA.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Komando Autonomo Antikapitalisten kidea zen Jose Miguel Etxeberria Naparra, 1980ko udaberrian desagerrarazi zutenean. Batallón Vasco Espanol talde parapolizialak hartu zuen bere gain desagerpen hura. 40 urte geroago, Iñaki Alforja eta Iban Toledo Naparraren auziari buruzko dokumental bat ari dira grabatzen, une oro haren familiaren aldamenean. «Gure asmoa da ez gelditzea soilik Naparraren istorioan, baizik eta desagerpen bortxatu batek familia batean eragiten duen samina islatzea», azaldu du Toledok. «40 urte hauetan familiak nola aurre egin dien azaldutako traba guztiei. Bakartasun osoan ibili da familia, oso laguntza gutxirekin». Dokumentala aurrera atera ahal izateko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiaraziko dute igandean Verkamin —15.000 euro bildu nahi dituzte—. Lagundu nahi duenak ekainaren 11 arte izango du aukera.

[Vimeo]https://vimeo.com/413264251[/Vimeo]

Toledok nabarmendu du dokumentala ez dela izango soilik Euskal Herrian kontsumitzeko. «Desagerpen bortxatuak herrialde askotan eman dira. Nahiko genuke atzerriko ikusle batek beretzat jotzea Eneko Etxeberriaren [Naparraren anaia] kasua». Proiektua Sunny Side of the Dock azokan aurkeztu zuten; han, Akitaniako Vrai-Vrai ekoizpen etxearekin jarri ziren harremanetan, eta On Produkzioak-ekin batera arituko da lanean.

ETBk ere parte hartzeko konpromisoa eman du. Horrenbestez, egileen asmoa litzateke 2021aren hasieran zinema aretoetan estreinatzea, eta geroago ETBk ematea.

Toledok azaldu duenez, estilo «pausatua» izango du filmak. «Eneko Etxeberria asko inplikatu da proiektuan, eta haren anaiaren absentzia planoen bidez ari gara irudikatzen». Elkarrizketetan, Paco Etxeberria auzi medikua ere agertuko da.

Dokumentalak Bolante baten historia izena izango du. Sare sozialetan profilak sortu dituzte, eta webgune bat ere badute Naparrari buruzko nondik norakoekin.

Etzi, ETB2ko '360º' saioan

Naparraren kasuaz mintzatuko dira igande honetan, halaber, ETB2ko 360º saioan, 22:10ean. Desaparecidos en Iparralde: casos abiertos (Desagertuak Iparraldean: auzi irekiak) izeneko erreportajean, Eneko Etxeberria Naparraren anaia elkarrizketatuko dute. Azalduko du nola duela hiru urte Paco Etxeberria auzi medikuarengana jo zuen sendiak, Naparraren arrastoak bilatu ahal izateko. CESIDeko agente ohi baten informazioari jarraikiz, saioak Naparraren bilaketak zabalik segitzen duela jasoko du programak.

Era berean, Perturren desagerpenaz mintzatuko dira erreportajean Martin Auzmendi familiaren abokatua, Eugenio Etxebeste ETAko buruzagi ohia eta Anjel Amigo zinemagile eta ETApm-ko kide ohia. 1973an Ipar Euskal Herrian desagertu ziren Galiziako hiru gazteren auziaren nondik norakoak ere azalduko dituzte saioan. Horretarako, Isabel Fouz elkarrizketatuko dute, desagertutako horietako baten arreba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.