Lau begirada historian atzera

'Memoria eraikiz' eskaintzen ari dira ETB1en; Gogora-ren eta EITBren arteko itunaren emaitza da

Errepresio frankistari buruzko dokumentaleko irudia. NEW DIGITAL MEDIA EUSKADI.
jakes goikoetxea
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Gogora EAEko Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak hitzarmen bat sinatu zuen EITBrekin, memoria eta giza eskubideak sustatzeko. Hitzarmen horretan oinarrituta, lehiaketa publikora atera zuten memoria historikoari buruz lau dokumental egiteko proiektua. New Digital Media Euskadi ekoiztetxeak irabazi zuen lehiaketa, eta asteotan eskaintzen ari dira emaitza, Memoria eraikiz izenarekin, ostegunetan, 22:30ean, ETB1en; ETB2n, berriz, astelehenetik aurrera.

Dokumentalen gaiak lehiaketan zehaztuta zeuden, Maite Ibañez ekoiztetxeko sortzaile eta dokumentaletako zuzendariaren esanetan: bata ETAren indarkeriari buruzkoa, mehatxatutako zinegotzien ikuspegitik; bestea Euskal Rock Erradikalaz, «gogoeta kritikoa» eginez; beste bat errepresio frankistari buruzkoa; eta, azkenik, laugarrena, 1936ko gerrako gertaera bati buruzkoa. Bi saio eskaini dituzte jada: ETAk mehatxatutako zinegotziena eta Euskal Rock Erradikalari buruzkoa (herenegun), garai hartako testuinguruan eta kantuen hitzetan eta mezuetan oinarritua.

Dokumentaletan, gertaerak kontatzeaz eta lekukotzak jasotzeaz gain, mahai inguruak ere antolatu dituzte, gaiei buruzko gogoeta egiteko.

Transmedia proiektua da Memoria eraikiz. Podcastak ere egin dituzte —Jesus Artetxe kazetariaren eskutik—, eta baita bi bideopodcast ere, lehenengo bi dokumentaletan oinarrituta. Bideopodcastetan Julen Hernandez kazetari eta youtuberrak zenbait gazte elkartu ditu, eta eztabaida bideratu du, dokumentalean ikusitakoan oinarrituta —Hernandezek parte hartu zuen bi dokumental horietan—. Lehenengoa ikusgai dago jada Youtuben.

«Bideopodcastak bereziki gazteengana iristeko egin ditugu», azaldu du Ibañezek. «Belaunaldien arteko transmisioa interesatzen zitzaigun».

Azterketek diote belaunaldien arteko amildegia dagoela memoriaren transmisioan, eta, Ibañezen esanetan, hori ere erakutsi nahi izan dute: «Bideopodcastek agerian uzten dute belaunaldien arteko haustura».

Oraindik bi dokumental falta dira ikusteko. Batean frankismo garaiko polizien gehiegikeriak jorratuko dituzte: torturatu bat eta poliziek hildako bi lagun.

Felipe Suarezek Zestoako (Gipuzkoa) posta zerbitzuan lan egiten zuen, 1976an. Oposizio bat gainditu eta lanpostua lortu zuen Herrera de Pisuergan (Palentzia, Espainia). Federico Astilleros lagunarekin ospatu zuen, Zarautzen, eta etxera bueltan zihoazela guardia zibilek metrailatu zituzten. Suarez hil egin zuten; Astilleros, zauritu. Dokumentalean elkartu egin dira Suarezen eta Astillerosen senideak, 45 urte geroago.

Lino Zapirain oiartzuarra, berriz, Francoren kontrako propagandarekin atxilotu zuten, 1969an. Torturatu egin zuten.

Jose Emilio Fernandez 1978an hil zuten guardia zibilek, Durangon (Bizkaia) auto-stop egin eta Elorriora bueltan zihoala, tirokatuta.

1936ko gerrari buruzko dokumentalean fusilatutako lau emakumeren istorioak kontatuko dituzte. Juana Mir kazetariarena izango da ardatza, baina fusilatutako hiru emakumeren iloben testigantzak jasoko dituzte. «Testigantzak izugarriak dira», Ibañezen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.