Finalaren berri luze eta zabal telebista, webgune, sare sozial eta irratietan

BERRIAk partidaren aurrekoen berri emango du 'Berria.eus'-en, baita zuzeneko kontaketa egin ere

Osasunaren zaleak, udaletxeko balkoitik zintzilik dagoen kamiseta erraldoiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU.
jakes goikoetxea
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Osasunaren eta Real Madrilen arteko futboleko Errege Kopako finalaren berri (22:00) zuzenean emango dute Euskal Herriko zenbait komunikabidetan: BERRIAk partidaren kontakizuna egingo du webgunean (Berria.eus) eta Twitterren;ETB1ek partida emango du, euskaraz —TVEren lehen kateak ere bai, gaztelaniaz—; eta Euskalerria Irratian zuzenean entzun ahalko da Sevillako Cartuja estadioan (Espainia) gertatzen dena.

BERRIAk bi kazetari ditu Sevillan: Kirolak saileko Ainara Arratibel eta Berria telebistako Olatz Artola. Finalaren atariko xehetasun guztiak kontatzen ari dira egunotan handik, idatziz eta bideoen bidez, webgunean, paperean eta sare sozialetan. Futbola eta giroa. Garrantzitsua baita kirolari dagokion informazioa, baina baita Sevillara joandako Osasunaren zaleen bizipenak ere. Finalaz luze eta zabal informatuko du Berria.eus-ek gaur arratsaldetik aurrera.

Sevillan gertatzen dena bezain garrantzitsua da han gertatutakoak Euskal Herrian duen oihartzuna eta eragina, Iruñean bereziki, eta Uxue Rey kazetaria hori xeheki aztertzen ari da egunotan.

ETB1ek, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik zuzenean emango dute finala. Hain zuzen, programazio berezia egiten ari dira egunotan, Koparen bila lelopean. Izen bereko saio berezia egingo dute gaur, finalaren aurretik: Ana Ramosek aurkeztuko du, eta Sevillan izango ditu Jon Balentziaga, Amane Ibañez eta Iñigo Lasa lankideak. Finalaren kontakizuna, ordea, Naxari Altunak egingo du, Juan Antonio Larrañaga Realeko jokalari ohiarekin eta Mikel Arruabarrena Eibarko jokalari ohiarekin. Finala bukatzean, zelaian gertatutakoa aztertuko dute, Koparen bila saioaren jarraipenean.

Euskadi Irratian, Hiru Erregeen Mahaia kirol saioaren programa berezia egingo dute, 16:00etatik 20:00etara, Sevillatik. Jon Altuna eta Haritz Gallastegi esatariak arduratuko dira gaurko finala kontatzeaz.

Euskalerria Irratiak Josu Ganuza eta Eñaut Agirrebengoa kazetariak ditu Sevillan. Finalaren inguruan gertatzen direnen berri ematen ari dira irratian eta sare sozialetan. Irratiak 21:00etan hasiko du finalari buruzko saio berezia, Cartuja estadiotik bertatik.

Finalaren emanaldiak berrikuntza txiki bat izango du, bestalde: kamerak jarri dituzte kornerretako banderen barruan —bi kamera bandera bakoitzean—, kornerren prestaketen eta jaurtiketen gertuko irudiak izateko; beste ikuspegi bat partidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.