Maialen Lujanbiori eskainitako 'Hitzetik hortzera' emango dute etzi

Lujanbiok bere bertso ibilbideaz hitz egingo du, eta ez dira faltako haren bertsoaldi hautatuak

Eider Perezek Maialen Lujanbio elkarrizketatu du Errenteriako Mikelazulo kultur elkartean. HITZETIK HORTZERA.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Maialen Lujanbio Zugastik (Hernani, Gipuzkoa, 1976) 11 urte baino ez zituen bere herriko bertso eskolan hasi zenean. Euskal Herriko txapelduna da —bigarren txapela 2017an irabazi zuen—. Hiru hamarkadatan plazaz plaza bertsotan egindako ibilbideak baditu makina bat ertz. Eta ETB1eko Hitzetik hortzera saioan ibilbide hori aztertuko dute igandean, 15:00etatik aurrera.

«Egindako bidearen oroimen ederra daukat: lagunekin egin dut, eta mugimendu eder baten parte sentitzen naiz», esaten du Lujanbiok igandean emango duten saioan. Eider Perez programako aurkezleak nabarmendu du lehendik ere egin izan dituztela bertsolariei eskainitako monografikoak. «Orain Lujanbiorena egokitu da, eta denboraldi honetan Igor Elortzari ere eskainiko diogu atal bat».

Hitzetik hortzera-k igandeko programarako grabaketak Hernanin eta Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo kultur elkartean egin dituela azaldu du Perezek: «Hernanik agertu behar zuela argi genuen. Baina elkarrizketa egiteko espazio eroso bat nahi genuen, arte adierazpideekin lotura izan zezakeena, eta horregatik aukeratu genuen Mikelazulo. Bertan egingo dugu Lujanbiok eta biok haren ibilbideari buruzko errepasoa».

Bertsolariak gogoratuko du Hondarribian (Gipuzkoa) 1992an egin zuen aurreneko saioa. «Niretzat oso garrantzitsuak izan dira Hondarribia eta bertako emakume taldea», azalduko du txapeldunak. Txapelak lortu arte egindako bidea aztertuko du. Perezek iragarri duenez, bere barnetik kontatuko du bertsolariak egindako bidea. «Adibidez, gogoratuko du bidaia bat egin zuela, eta hortik bueltan bertsotan egiteko beste modu bat ekarri zuela. Gaur egun zer garaitan dagoen eta nola jarraitu nahi duen ere kontatuko du».

Igandeko saioan, gainera, Lujanbioren zenbait bertsoaldi esanguratsu emango dituzte: besteak beste, aipatutako 1992ko Hondarribiko saiokoak, 1993an Imanol Lazkanorekin Oñatin (Gipuzkoa) egindako saio batekoak, eta 2001eko eta 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusietakoak. «Aniztasun handikoa izango da bertsoaldien aukeraketa».

Andoni Egañaren hitzak

Programan, beste bertsolari txapeldun baten hitzak entzungo dira: Andoni Egañarenak. «Gai bakoitzean nahi duena esatera iritsi da Lujanbio, eta hori lorpen handia da bertsolari batentzat»,azalduko du Egañak programan. Perezen arabera, Lujanbiok eta Egañak oso batera egin dute ibilbidearen parte bat. «Ondo ezagutzen dute elkar. Eta Lujanbioren bertsokerari buruzko begirada emango du Egañak».

Hitzetik hortzera-n, era berean, maleta gorri batekin ibiltzen dira batera eta bestera. Igandeko atalean, maleta horretan bertan, larru gorriaren gainean, Lujanbioren ardatz kronologikoa marraztuko dute. Umorezko esketx labur bat ere ikusi ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.