Milioi bat herritarrek ikusi dute uneren batean 'Altsasu' TV3en

Baleukok ekoitzitako fikzioaren lehen atalak %22,7ko ikusle kuota lortu zuen Katalunian

Jorge Monje eta Barbara Rivas, Altsasu telesaileko aktoreak. ETB.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Datu oso onak lortu zituen Altsasu telesailak abenduan ETB1en, eta, orain, Kataluniako TV3 katera iritsi da fikzioa —Altsasuko gazteen auzian oinarritutako lana da—. Astelehen gauean eman zuen TV3ek telesailaren lehen atala, eta milioi bat herritarrek baino gehiagok ikusi zuten uneren batean. %22,7ko ikusle kuota lortu zuen fikzioak. 600.000 ikus-entzulek ikusi zuten aurreneko atala osorik. Sekulako datua da hori, azkenaldian telesailek nekez lortzen baitituzte halako batez besteko kuotak. Altsasu-ri eta beste saio batzuei esker, TV3ek astelehenean %16,8ko kuota izan zuen egun osoan —bigarren kateari 4,2 puntu atera zizkion—. 2020an, katalanezko katearen batezbesteko kuota %14,6koa izan zen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %6,4ko ikusle kuota lortu zuen Altsasu-ren lehen atalak ETB1en —lau atalen batezbestekoa %4,6 izan zen, Alardea eta Hondar ahoak telesailen datua baino nabarmen hobea—. Gazteen artean oihartzun handia izan zuen Altsasu-k: 13-24 urte bitarteko ikus-entzuleen artean, %20,6ko ikusle kuota.

Idurre Cajaraville «pozik» mintzatu da Katalunian telesailak izan duen harrerarekin. «Gertuko gertakarien tiradizoa nabarmenduko nuke». Baleukoko ekoizleari iruditzen zaio euskarazko telesailek eta fikzioek nazioartean bidaiatu dezaketela. «Euskaldunak ez gara martzianoak, eta beste herrialdeetan egiten dena egin genezake. Ahalbidetzen baldin bada, jakina».

Altsasuko gazteen auziak Kataluniako herritar askoren sentimenduak astindu ditu urteotan. Horren erakusgarri, Altsasu: ferides obertes (zauri irekiak) erreportajeak izan zuen harrera: 2019ko urtarrilean estreinatu zuen TV3ek eta %22,8ko ikusle kuota bereganatu zuen. Telesailaren lehen atalak bezala, ia-ia. Albert Segurak eta Anna Sanmartik zuzendu zuten erreportaje hura. TV3en webgunean ikusgai da lana.

Bestalde, telesailaren TV3eko estreinaldiak eman du eztabaidarako beste mintzagai bat: lana katalanera bikoiztu dute osorik —euskarazko bertsioan guardia zibilek gaztelaniaz mintzo dira; eta TV3ekoan, katalanez—. Bikoizketaren kalitatearen inguruko iritzi desberdinak azaleratu ziren astelehen gauean eta atzo sare sozialetan. Bikoitzita ez ezik, TV3eko ikus-entzuleek Altsasu jatorrizko bertsioan ikusteko modua ere badaukate, katalanezko azpidatziekin.

ETBn, 'reality'-ak indartsu

Egunotan izan dira bestelako ikusle datu aipagarri batzuk:ETB1eko Baserria-k lehen egunean %5,7ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean nagusi, %13, 3ko kuotarekin—. Bigarren igandean %4,8ko kuota lortu zuen. ETB2ko El Conquistador del Caribe-k, berriz, aurreneko egunean %27,3ko ikusle kuota bereganatu zuen. Eta herenegun, bigarren atalean, %28,1ekoa (inoizko hasierarik onena da).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.