Primeran plataforman 3,5 milioi euro inbertituko ditu EITBk

2023ko aurrekontuen arabera, taldearen pertsonal gastuak 77,2 milioi eurokoak izango dira

ETBren programazioaren aurkezpena, irailean. 2023an, EITBk hiru milioi gehiago izango ditu saioetarako. R. BOGAJO / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean eta administrazio kontseiluan esan berri du EITB «euskal fikzioko eta zinemako edukien liburutegi bat» osatzen ari dela, 2023an plazaratu nahi duen Primeran plataforman eskaintzeko. EITBk dirua beharko du horretarako. BERRIAk 2023rako aurrekontuen zirriborroa eskuratu du, eta horren arabera, datorren urtean 3.530.000 euro erabiliko ditu Primeran plataforma berrian—edukietan, teknologian eta mantentzean—.

EITBren 2023ko aurrekontua 198,8 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino 21,4 milioi euro gehiago —diru horren parterik handiena Eusko Jaurlaritzak jarriko du—. Izan ere, Jaurlaritzaren Kultura Saileko diruaren erdia EITB finantzatzeko izango da. EITBko administrazio kontseiluan ez ziren onartu aurrekontuak —bi hereneko gehiengoa behar da horretarako, eta EH Bilduk, ELAk eta PPk aurka bozkatu zuten—. Baina bozketa horrek ez du betorik ezartzen, eta asteon sartuko da aurrekontu hori Jaurlaritzako Kultura Sailekoan.

EITB taldearen egiturazko gastuak dira handienak. Funtzionamendu gastuak 105,9 milioi eurokoak izango dira orotara 2023an, eta horietatik 77,2 milioi pertsonal gastuetarako dira; pertsonal gastuak 3,4 milioi euro handituko dira urte batetik bestera, eta funtzionamendu gastuak, berriz, 16,3 milioi.

EITBk 1.090 langileko taldea izango du datorren urtean: pertsonal gastuen %61 ETBkoak dira; %28, irratietakoak; %5, EITB Netekoak; eta %7, EITB taldekoak.

Funtzionamendu gastuen barnean, kirolen arloak 7,6 milioi euro izango ditu datorren urtean —aurten baino %10 gehiago—. Albistegietan ere igo egingo da aurrekontua, %11, eta 7,8 milioi eurokoa izango da. Programetarako hiru milioi gehiago izango ditu EITBk: aurten, 32,1 milioi zituen; 2023an, 35,1 milioi izango ditu.

Haurrentzat, Makusi

Aurrekontuen zirriborroak jasotzen du datorren urtean 200.000 euro gehiago gastatuko direla autore eskubideetan.

Zinemako ekoizpenetarako inbertsioari dagokionez —legeak taldea derrigortzen du aurrekontuaren %6 horretarako jartzera—, 1,3 milioi euro jarriko ditu datorren urtean EITBk, aurten bezalaxe.

Bestelako proiektuei dagokien atalean, talde publikoak aurreikusi du 200.000 euro jartzeaEITBLab laborategian. Gaztearen proiektu berriak milioi erdi euro jasoko ditu.

Bestalde, talde publikoak haurrentzako egitasmo bat abiaraziko du hemendik hilabete batzuetara: Makusi. Zaila da zehaztea zenbateko aurrekontua izango duen. Milioi bat euro baino gehiago inbertituko dutela esan dute EITBko iturriek.

EITB Podkast atariarentzat 300.000 euro jarriko dituzte datorren urtean. Eta komunitate digitaletan sakontzeko, beste 200.000 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.