Kleopatra zuria ala beltza zen?

Kleopatrarena egiteko aktore beltz bat hautatu dute Netflixen dokudrama batean, eta horrek aldeko eta kontrako jarrera sutsuak eragin ditu Egipton. Zerbitzuak gaur estreinatuko du saioa.

Adele James aktore britaniarrak egiten du Kleopatra Egiptoko erreginarena Queen Cleopatra dokumental saioan. NETFLIX.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Mendebaldeko zinema estudioek aktore zuriak jarri izan dituzte Kleopatra Egiptoko erreginarena egiten: Theda Bara, Elizabeth Taylor, Monica Bellucci... Baina halako batean, Adele Jones aktore beltza hautatu dute dokudrama baterako, eta Egipton eztabaida sutsua eragin du horrek; sinadura bilketak eta salaketak izan dira, besteak beste. Netflix plataformak gaur estreinatuko du Queen Cleopatra dokumental saioa. Kontakizunaren borroka ez da berehalakoan apalduko.


Saio horren ekoizle eragile nagusia Jada Pinkett Smith da. Afrikako erreginen historian sakontzea da haren xedea. Egiptoko erreginari buruzkoa lau atalez osatua dago. Zuzendariak Victoria Adeola Thomas eta Tina Gharavi dira. Irangoa da azken hori, eta, haren ustez, probabilitate gutxi daude Kleopatra zuria izateko. «Haurra nintzenean, Elizabeth Taylor ikusi nuen Kleopatrarena egiten. Pertsonaiak liluratu ninduen, baina pentsatu nuen haren irudia ez zela egokia», esan du Irango zinemagileak. Ziurtzat jo du erregina egiptoarra zela, eta ez Taylor bezain zuria. Pertsonaiaren arrazaz harago jotzeko eskatu du Gharavik: «Egiptoko herritarrei eskatu nahi diet beren burua afrikar gisa ikusteko».

Dokumental saioan hizketan ageri diren hainbat historialarik ere aipatzen dute Kleopatra beltza zela. Pinkett Smith ekoizleak, era berean, zera ohartarazi du: «Ez da ikusten ez entzuten erregina beltzen inguruko istoriorik. Kleopatra aktore beltz batek antzeztea erabaki dugu gaiaren inguruan dagoen eztabaida luzeari keinu bat egiteko».

Interneteko sare sozialetan erabaki horren kontrako mezuak zabaldu dira azkeneko asteetan, horietako asko Egipton. Adele James aktoreak iruzkin horiek deitoratu ditu: «Gogoko ez duenak ez dezala ikusi. Edo bestela, ikus dezala eta eztabaidan parte har dezala adituen iritziak erabilita».

Beste dokumental bat abian

Kleopatra beltza irudikatzeko hautuak Egiptoko hainbat arkeologoren kontrako erreakzioa eragin du. Abokatu batek, berriz, salaketa bat jarri zuen fiskaltzan, Egipton Netflix itxi zezatela eskatzeko, «afrozentrismoa» sustatzen duelakoan. Egiptoko Parlamentuko diputatu batek ere Netflix debekatzeko eskatu die lehen ministroari eta Komunikazio ministroari. Sinadura bilketa batek eman du zeresana: dokumental saioak historia «faltsutu» duela diote sinatzaileek. Errusiak Egipton duen enbaxadak ere zabaldu du kanpaina hori, eta 90.000 sinadura bildu dituzte.

Egiptoko Al-Watha'equeya telebista kateak, bestalde, aurrekontu handiko dokumental bat egingo du Kleopatraren inguruan. Ptolomeo XII.aren alaba zela nabarmendu du telebista kateak, baita arbaso mazedoniar-greziarrak zituela ere. Kate horrek adierazi du erreginari buruzko ikuspegi «zehatza» emango duela, arkeologian, historian eta antropologian adituak diren hainbat lagun elkarrizketatuta.

Zahi Hawass Antzinateko ministro ohiak Egiptoko katearen saioa defendatu du, eta argudiatu Alexandrian aurkitutako eskulturetan ikusten dela Kleopatrak jatorri mazedoniarra zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.