Bidasoaldean dauden migranteekin amaituko da 'Ur handitan', gaur

ETBk saioa mantenduko du, baina taldeak denbora gehiago izango du erreportajeak lantzeko

Migrante bat eta Xabier Madariaga kazetaria, Bidasoaldeko mugan. BALEUKO.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
ETB1eko Ur handitan erreportaje saioa, euskal ikus-entzule askorentzat kutuna, etenik gabe eman dute astero azkeneko hilabeteetan. Denboraldia gaur amaituko du programak, baina ez dago argi noiz eta nola hasiko den berriz. «Ez dakigu noiz, baina itzultzeko asmoarekin goaz langabeziara», esan du Xabier Madariaga aurkezleak. Bizkaiko Baleuko ekoiztetxeak egiten du saioa. Datorren ikasturteari begira, Usua Garin saioko zuzendariak zera esan du: «Zuzendaritza berriak azaldu digu saioa mantendu nahi duela, baina gehiago mimatuz. Erreportaje bakoitzari denbora gehiago eskaini ahalko diogu».

Denboraldia amaitzeko, Mugan erreportajea emango du gaur gauean ETB1ek. Saio berezia izango da, Afrikatik bizitza hobeago baten bila Europara datozen migranteen istorioak kontatuko baitituzte. Hain zuzen ere, Bidasoaldeko muga zeharkatzen ari direnen eta migranteei laguntzen ari direnen ahotik jakingo du Madariagak egoera zertan den.

Irungo (Gipuzkoa) Harrera Sareko Oihana Galardirekin eta Josune Mendigutxiarekin batera, Irungo tren eta autobus geltokian gaua pasatuko dute. Boluntario horiek iristen diren migranteak artatu eta Gurutze Gorriko aterpetxera eraman ohi dituzte.

Ibrahime Diallo Gineakoa da, eta patera batean iritsi zen Espainiako hegoaldera. Penintsulan barrena noraezean ibili ondoren, Frantziara joatea erabaki zuen. Muga askotan pasatzea lortu arren, Frantziako Poliziak beti bidali izan du bueltan. Diallorekin batera, muga zeharkatzen dabiltzan hainbat migranterekin hitz egingo du Madariagak saioan.

Paxkal Aprendistegi Biriatuko (Lapurdi) bizilagunak azkeneko sei hilabeteetan hamarnaka migrante ikusi ditu etxe ondoan, Bidasoa ibaia gurutzatzen. Egoera «penagarrian» iristen direla dio; askok ez dakite igeri egiten ere. Aprendistegik berak ibaia zeharkatzen lagundu, eta, beste hainbat bizilagunek bezala, eskaini ahal dieten oro eman ohi die.

Tom Dubois, berriz, 2014an hasi zen Frantziako muga polizia gisa lanean, paperik gabe zeuden migranteak automatikoki Hegoaldera itzultzen. Migranteei ematen zieten tratu ezegokiarengatik, 2018an lana uztea erabaki zuen. Egun, Hendaiara (Lapurdi) iristen diren migranteei laguntzen aritzen da Dubois.

Mikel Erkiaga Lekeitiokoa (Bizkaia) da. Hendaian bizi da, eta hainbat afrikar gazteren migrazio prozesua «duintzen» saiatzen da: muga pasatu eta berehala, nekaturik, lo egiteko lekurik gabe dauden migranteak etxean hartzen ditu. Haren etxetik pasatu den Togoko migrante batek bere lekukotza emango du.

Aintzane Lasarteren laguntzarekin, berriz, Frantziako Poliziak migranteen igarobidea eragozteko dituen hainbat kontrol gune ezagutuko dituzte.

Denboraldiko 35. erreportajea izango da Mugan. Ez da kopuru makala, Madariagak aitortu duen moduan: «Gure inguruko errealitate konplexuenetan sakontzen ahalegindu gara. Zerbitzu publikoa betetzen ahalegindu gara, eta uste dut lortu dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.