Albistea entzun

'Lokatza' podcast feministak Ondas saria jaso du, Malagan

Proiektu kolektiboa dela eta saria parte hartu duten andre guztiena dela adierazi dute egileek
Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko maiatzak 25

Pentsamendu feministaren argitan ikusteko, lokatzetara eraman zituzten zortzi auzi Lorea Agirrek, Ainara Lasak, Amagoia Gurrutxagak eta Idurre Eskisabelek podcast formatuan. Lokatza podcasta ekoitzi zuen Jakin-ek, eta EITB Podkast atarian ere entzun daitezke zortzi atalak. «Euskaratik eta feminismotik landu nahi genituen auziak lantzeko formula egokia izan da», adierazi dute, Malagatik (Espainia). Hiri horretan Ondas sari bat jaso zuten atzo Lokatza-ren sortzaileek: Estatuko Hizkuntza Koofiziletako Podcast Onenaren Ondas Saria. Ekitaldian, 21 sari banatu zituzten.

Oholtza gainean, podcastaren lau gidarien izenean mintzatu zen Amagoia Gurrutxaga kazetaria: «Gure podcasta bi ardatzetan oinarritzen da, bi subalternitatetan, ahizpak diren bi borrokatan: euskara eta feminismoa». Lokatza proiektu kolektiboa dela nabarmendu zuen, eta eskerrak ematerakoan aipatu zuen 70 emakumek «pentsamenduz» eta «bizipenez» armatu dituztela zortzi istorioak. «Saria zuena ere bada». Halaber, saria komunitate euskaltzale eta feministarena ere badela adierazi zuen Gurrutxagak. «Garai basati hauetan, podcasta sortzeko argia jartzen lagundu duen komunitate horrena».

Lourdes Iriondok Hala ere abestian kantatzen zuen «...eta nabilelako, nago hain zikin». Eta hala amaitu zituen hitzak Gurrutxagak: «Gabiltzalako gaude hain zikin».

«Pozik» daude podcastak izan duen zabalkundearekin. «Jende desberdinetara iritsi da. EITBk aitortu zigun gehien entzunen artean egon zela une batzuetan», adierazi dute Lokatza-ko lau sortzaile feministek, Andaluziako hiritik.

Eta Ondas saria jasotzeak ere eman die gustura egoteko motibo nahikoa. «Ondas sariak gureak ez izan arren, Espainiako kazetaritza sari garrantzitsuak dira, eta aitortza horrek poz handia ematen digu».

Egileek, halaber, zera nabarmendu dute: «Mimoz, arretaz eta gure komunitateari eta jendarteari ekarpen bat egiteko asmoz egindako lan bati aitortza egitea esan nahi du». Sariak podcastari bigarren bizialdi bat ekar diezaiokeela uste dute.

Laurek argi dute Lokatza «ikasbide handia» izan dela. «Neketsua izan da, pasioz beterikoa ere bai. Baina ordu asko eskatu zizkigun». Ez baitzuten ohiko saio bat egin nahi. «Saiatu gara sormenezko produktu bat egiten, oso doitua, osagai eta ahots askorekin».

'Abiapuntua' saioa, saritua

Galwayn (Irlanda), bestalde, bihar Prix Circom Regional sariak banatuko dituzte. Bertan, ETB1eko Abiapuntua programak Gutxiengoak gizartean ataleko saria jasoko du. Ikerketa kazetaritzako kategorian, bestalde, ETB2ko Aquí y ahora saioari aipamen berezia egin dio epaimahaiak. Circom nazioarteko sarearen jardunaldiak gaur, bihar eta etzi egingo dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / @FOKU

«Askotan, baimena eskatzea baino hobe da barkamena eskatzea»

Naroa Torralba Rodriguez

Munduko muralik onenetan hirugarrena Ondarroan dago, Kamiñazpin. Lian Monserrate da egilea, eta gaztetatik ari da gizarte gaiak hormetara eramaten. Memoria ariketa bat egin nahi izan du obra horrekin.
1 ©LABAYRU FUNDAZIOA / EZEZAGUNA

Itsasoko ezkutuko lana

Amaia Jimenez Larrea

Emakumeek itsasoan egindako lanaren balioa aldarrikatzeko, Labayru fundazioak 'Geu be bagara itsasoa' liburua argitaratu du. Zenbait belaunalditako hogei emakumeren testigantzak bildu dituzte.
<em>Irabazi arte</em> telesaileko bigarren denboraldiko aktore gazteak. ©EITB

'Irabazi arte'-ren bigarren denboraldia, ostiraletan ETBn

Urtzi Urkizu

Dorleta Urretabizkaia, Nahia Lacalle eta Joan Bailador dira aktore berriak. Zetak, Bengo eta Bulego taldeen kantak entzungo dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...