RTVEn grebara deitu dute gaurko, lanean teknikariak falta zaizkielako

Langile batzordeak salatu du ez direla hutsuneak betetzen Madrilgo egoitzako sail teknikoetan

Asteartean eta atzo, RTVEko langileek elkarretaratzeak egin zituzten, gaurko grebaren aurkezpen gisa. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
RTVEren Madrilgo egoitzan, albistegietan kamerarien hutsuneak daudenean, programetakoak eramaten dituzte lana egiteko. Programetan dauden hutsuneak, gero, kanpoko ekoizpen etxeekin betetzen dituzte. Bestalde, igandeko eta maiatzaren 26ko hauteskunde gauetarako, RTVEk Miss Motion enpresa kontratatu du 200.000 eurogatik, grafismoak egiteko. Halako adibide asko daudela esan du Emiliano de la Torre Briñonek, RTVEko langile batzordeko presidenteak. «Teknikariak falta dira lana aurrera ateratzeko. Sail teknikoetan, ez dituzte hutsuneak betetzen: erretiroak, gaixotasunak, egoitza aldaketak...». Egoera horren aurka protesta egiteko, Madrilgo egoitzako RTVEko langile batzordeak grebara deitu du gaurko.

Langile batzordeak honela ohartarazi du: «Informazioaren manipulazioa ez da RTVEren arazo bakarra. Zuzendaritza berriarekin, langileen kontratazioan eta inbertsio teknologikoetan dauden politikak ezin txarragoak dira». Langileen ordezkariek hauxe eskatu dute: arlo tekniko guztietan sortu diren hutsuneak betetzeko; berrikuntza teknologikoei aurre egiteko plan bat definitzea helburuak bete ahal izateko; eta Madrilgo esternalizazioak geldiarazteko.

De la Torre Briñonek salatu du RTVEko kontratazio politikek areagotu egin dutela teknikarien eskasia: «Kontratazio gehienak kazetarienak izan dira; 455etik soilik 103 izan dira teknikariak. Sail teknikoetan dauden beharretatik oso behera daude lantaldeak. Ondorioz, teknikariak azpikontratatzen dira; Madrilen ekipamenduak badaude, baina langileak ez. Enpresek zerbitzu osoa egiten dute, eta, azkenerako, kostua oso-oso handia da».

Gutxieneko zerbitzuak

Langile batzordeko presidenteak azaldu du teknikarien eskasia 2006tik hona urtez urte areagotuz joan dela. «Arlo teknikoak hustuz joan dira. Eta ekoizpenaren parterik handiena ez dugu RTVEko langileok egiten».

Gaurko greba egunerako, %15eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte Madrilgo erkidegoan —Radio3 eta Radio Clasica irratietan eta Clan eta Teledeporte telebista kateetan ez dituzte gutxieneko zerbitzuak izango—. Taldeko albistegien ekoizpena eta emisioa ziurtatuta dago, baina De la Torre Briñonek ez daki eguneko programetan zer gertatuko den. «Zuzendaritzarekin ez da akordiorik egon». RTVEko zuzendaritzak «ezustekoa» hartu zuen greba deialdiarekin, «kontuan hartuta egunotan lan ituna negoziatzen ari garela zentro arteko batzordearekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.