Netflixen 'Tudum' saioak zaleak omenduko ditu

Aurkezpen emanaldi globalak 145 protagonistatik gora izango ditu, eta 70 film eta telesailen aurrerapen esklusiboak eskainiko dituzte

Aurkeztuko dituzten telesailen artean, Stranger Things da zeresan handiena eman dutenetako bat. NETFLIX / EFE.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Netflix entretenimendu atariak mundu osoko emanaldi berezia egingo du larunbatean, Tudum izenpean. Aplikazioa abiatzean entzuten den soinu ospetsuagatik jarri diote Tudum izena egitasmoari.

Lehenengoz egingo duten egitasmo horren jomuga nagusia, antolatzaileen hitzetan, «Netflixen mundu osoko erabiltzaileak entretenitzea eta haiei guztiei, eskertza gisa, datozen edukien berri ematea da». Emanaldi hori egiten duten lehendabiziko aldia da, eta Netflixen Youtube, Twitter eta Twitch kanaletan emango dute.

Tudum, gainera, aurrerantzean eskainiko dituzten ikus-entzunezko edukien aurrerapen masiboa ere izango da, eta plataforma horren erabiltzaileek datozen filmen eta telesailen berri izango dute, hain zuzen ere, haietan parte hartzen duten protagonisten eta egileen eskutik.

Aurkezpen erraldoi horretan, halaber, 70 telesail eta film baino gehiago aurkeztuko dituzte, horretarako prestaturiko agertoki birtual batean. Hiru ordu inguruko saioa izango da, eta protagonistak elkarren artean solastatuko dira, panel interaktiboen bitartez. Ikus-entzunezko plataforma erraldoiko antolatzaileek adierazi dute mundu osoko aurkezpenean musikak, dantzak eta umoreak «leku berezia» izango dutela.

Izarrez jositako aurkezpena

Argitara emango dituen edukien nondik norakoak aurreratzeko, Netflixek protagonisten eta sortzaileen ahotsak baliatuko ditu. Hori dela eta, 145 protagonistatik gora edukiko ditu Tudum aurkezpenak.

Hauek dira parte hartuko duten nazioarteko izarrak, besteak beste: Dwayne Johnson, Jennifer Lawrence, Millie Bobby Brown, Chris Hemsworth, Jonathan Bailey, Jennifer Aniston, Kevin Hart, Charlize Theron, Adam Sandler, Elsa Pataky eta Omar Sy.

Aurkeztuko dituzten 70 film eta telesail berrietako batzuen izenak ere jakinarazi dituzte dagoeneko: Stranger Things, Bridgerton, The Witcher, The Crown, La Casa de Papel eta Cobra Kai. Telesail horien denboraldi berrien estreinaldiek hautsak harrotu dituzte mundu osoan honezkero. Estreinatuko dituzten filmei dagokienez, berriz, Red Notice, Don't Look Up, The Harder They Fall, Extraction eta The Old Guard dira, oraingoz, zeresanik handiena sortu duten izenak.

Gainera, Netflixek aurreratutakoaren arabera, egitasmoaren atal zentrala baino lehen, sail gehigarri batzuk eskainiko dituzte; haietan, film eta telesail indiarren eta korearren aurrerapenak erakutsiko dituzte. Atal bereziok, hori bai, kanal espezifikoen bitartez ikusi beharko dira: Netflix Anime, Netflix India eta Netflix The Swoon (Korea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.