'Itsatsita' osorik eta horizontalean emango dute Primeran plataforman

Plataformak etzi jarriko du euskarazko websaila. 'Lasa eta Zabala' hilaren 29ra arte dago ikusgai

Miren Arrieta eta Gari Uriarte dira Itsatsita websaileko aktore protagonistak. EITBLAB.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun
EITBLAB laborategiaren eskutik, Itsatsita websaila sareratzen hasi ziren irailaren 14an Instagramen eta Tiktoken. Fikzio hori bertikalean eman dute azkeneko asteetan; egunero 90 segundoko atal labur bat igo dute. Etzi, berriz, Primeran plataformak websaila osorik eta horizontalean estreinatuko du; fikzioaren 39 atalak errenkadan ikusi ahalko dira, film bat balitz moduan.

Websail musikala da Itsatsita—atalen erdiak musikalak dira—. Istorioa Kataluniako Pegados antzezlenanean dago oinarrituta. Neska bat eta mutil bat parrandan atera dira, bakoitza bere aldetik. Diskoteka batean egin dute topo, sexu harremanetan hasi dira komunean, eta unerik gorenean jabetu dira literalki itsatsita gelditu direla. Larrialdietara deitu beharko dute...

Miren Arrieta eta Gari Uriarte dira websaileko bi aktore protagonistak; Uriarte Dupla musika taldeko abeslaria da, eta bere estreineko lana da honakoa aktore moduan. Iker Huitzi Demode Quartet musika taldeko kidea da beste aktoreetako bat.

Pausoka ekoiztetxeak egin du Itsatsita. Xabier Zabaleta eta Carlota Ezkiaga dira eduki arduradunak. Irudi zuzendaria Jon Rodriguez da. Eta musika zuzendaria, berriz, Joli Paskualena.

Websaila horizontalean eta bertikalean grabatu zuten. Hartaz, atalka ikus daiteke bertikalean @itsatsita_eitb kontuan. Eta etzitik aurrera, Primeran-en ikusi ahalko da horizontalean, hasi eta buka.

'Lasa eta Zabala' filma

Egunotan estreinaldi gehiago izango dira Primeran plataforman. Filmeen eskubideetan askotariko akordioak lotzen dituzte banatzaileekin; esate baterako, Pablo Malok 2014an zuzendutako Lasa eta Zabala filma ikusgai da egunotan plataforman, baina ez luzarorako. Soilik hilaren 29ra arte egongo da ikusgai Primeran zerbitzuan. Filmak kontatzen du nola GALek 1983an Jose Antonio Lasa eta Jose Ignazio Zabala Baionan bahitu zituen, nola torturatu eta hil zituen. Kontatzen ditu, ondotik, epaiketaren ingurukoak.

Haurrentzako eduki batzuk ere badaude Primeran-en. Eta etzi Loa eta Laia euskarazko marrazki bizidunak jarriko dituzte katalogoan; 2 urtetik 7ra bitarteko haurrentzat dago zuzendua, eta haurrak musikara zaletzea eta balioak transmititzea du jomuga. Josu Bergara musikariak sortutako proiektu bat da.

Beste herrialde batzuetako fikzioak ere iritsiko dira datozen egunetan Primeran-era. Horien artean, L'Effondrement telesaileko zortzi atalak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko dira. Frantziako Canal Plus katearen ekoizpen bat da, eta 20 minutuko zortzi atalez osatua dago —denak plano sekuentzian—. Frantziako beste telesail bat ere estreinatuko dute ostegunean: Lycee Toulouse-Lautrec—TF1 katearena da—.

Aste honetan iritsiko da plataformara Danimarkako Pulse telesaila ere —18 atal ditu—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.