Agirre: «Euskara ezagutarazteko kanal pribilegiatua da Netflix»

Plataformara euskarazko hiru film iritsi dira, eta horren eraginaz mintzatu da Katixa Agirre, Frisian

Katixa Agirre EHUko irakasleak Netflixen inguruko hitzaldia eman zuen Frisian, joan den ostegunean. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Euskara ezagutarazteko, nazio markagintzarako eta eusko branding-arentzako, deitu nahi duzuen bezala, baina euskal kultura eta hizkuntza nazioartean ezagutarazteko kanal pribilegiatua da Netflix». Hala esan zuen Katixa Agirre EHUko ikus-entzunezko komunikazioko eta publizitateko doktoreak joan den astean, Frisiako Leeuwarden hirian, Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Konferentzian. Basque language on Netflix: the extraordinary case of 'Handia' (2017) (Euskara Netflixen: Handia filmaren —2017— kasu harrigarria) izeneko hitzaldia eman zuen irakasleak, eta streaming plataformara iritsi diren euskarazko hiru pelikulen berri eman zuen: Handia, Loreak eta Errementari.

Agirrek gogorarazi zuenez, Loreak filmaren arrakastak atentzioa eman zion Netflixi —nazioartean hainbat sari jaso zituen, eta Oscarretarako lehian Espainia ordezkatu zuen—. «Prestigiozko art cinema-ko pelikula bat gehitu nahirik edo, Loreak katalogoan sartu zuten. Eta, gainera, egileen [Moriarti ekoizpen etxekoak] hurrengo pelikularen finantzaketan sartu ziren». Handia zen hurrengo film hori, eta aurrekontuaren herena Netflixen diruarekin osatu zuten Moriarti, Irusoin eta Kowalski ekoiztetxeek. «Proiektuak ekoizpen maila altuagoa zuen, publiko handiago batentzat zen». Iazko martxoan sartu zuen Netflixek bere katalogoan Altzoko (Gipuzkoa) erraldoiaren inguruko zinta.

Iazko urrian, berriz, Paul Urkijok zuzendutako Errementari jarri zuen Netflixek mundu osoko ikusleen eskura. «Film horren kasuak zerikusia izan dezake generoarekin. Fantasiazko generoak zale multzo handia dauka nazioartean, eta, agian, horregatik bihurtu zen Netflixen interesekoa. Dena den, plataformaren ekarpen ekonomikoa ezinbestekoa izan zen Errementari-ren postprodukzio fasean».

Agirreren iritziz, nazioarteko streaming konpainia batek hainbat abantaila ematen dizkio euskarazko zinemari: «Handia eta Errementari oso desberdinak izango lirateke Netflixen ekarpenik gabe, finantzaketari eta bideragarritasunari dagokienez. Eta halako plataformak kanal boteretsuak dira nazioartekotzeko».

«Unea aprobetxatu behar»

EHUko irakasleak Frisiako hitzaldian nabarmendu zuen sektorearen egoera asko aldatu daitekeelaepe laburrean. Aintzat hartzekoa da lehiakide berriak iritsiko direla: Disney+, Appleren plataforma, Warner... «Eta Netflixen hegemoniak ez du asko iraungo. Erabiltzaileak etorkizunean plataforma guztietatik kontsumituko ditu produktuak, banaka ordainduta, harpidetuta egon gabe».

Edonola ere, Agirrek uste du momentuz agerikoa dela Netflixen interesa. «Eta unea aprobetxatu beharko litzateke, batez ere telesailak egiteko». Baina gerta liteke katalogo zabal eta nitxo audientziei begirako amaiera iristea, eta eskaintza audientzia handien gustuko diren produktuetara mugatzea. «Hor, euskarazko produktu txikiak galtzaile atera daitezke», ohartarazi du Agirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.