Maddi Castro. 'Pikuak' websailaren, sortzailea eta zuzendaria

«Istorioa ez da pornoa; hiru emakumeren ahalduntzea da»

Hiru andre gazte pornografia grabatzen hasiko dira, komedia giroan. Castrok 'Pikuak' websaila aurkeztuko du Durangon, larunbatean. Sarean hilaren 18tik aurrera ikusi ahalko da.

urtzi urkizu
Donostia
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
2010etik 2018ra, Euskadi Irratian aritu zen Maddi Castro kazetaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1988). Gaur egun, Mendifilm festibalean ari da lanean. Bere lehen fikzioa da Pikuak; hiru atal ditu, baina ez du baztertu gehiago egitea.

Harri Horri Ar izena zuen hasieran websailak. Zergatik jarri zenion gero Pikuak?

Harri Horri Ar-ek badu jolasetik zerbait; gustatzen zitzaidan, baina nahasgarria izan zitekeen. Hiru emakume protagonista daudenez, Baratzeko pikuak hiru txorten ditu kanta etorri zitzaidan burura. Jorge Gil gidoilariak aholkuak eman zizkidan gidoirako, eta fruta bat erabiltzeko iradoki zidan.

Nondik sortu zitzaizun pornografia egin nahi duten andre batzuen istorioa kontatzeko gogoa?

Proiektuak bi hanka ditu: batetik, galderak neuzkan pornoaren inguruan, eta, Glaukomak kanta batean esaten duen moduan, pornografiak sexu heziketan eragiten du. Gure belaunaldian, gizonezkoek askoz porno gehiago kontsumitu dute emakumeek baino, bereziki emakumeak kosifikatzen dituen pornoa. Desoreka bat dago generoen artean. Burutazio hori neukan, eta, bestetik, Tabakaleran 2deo laborategiaren deialdi bat atera zen; proiektua aurkeztu nuen, komedia ukituarekin, eta aurrera egin du.

Pornografiaz baino gehiago, beste gai batzuen inguruan hausnartzen duzu websailean.

Bai, istorioa ez da pornoa. Hiru emakume gazteri eman nahi nien ahotsa. Ahalduntzea da, eta, kasuren batean, feminismoaren deskubrimendua. Hiru andre protagonistak oso estereotipatuak daude, desberdinak dira, baina gai dira elkarrekin aritzeko. Dena den, nik fikzioan ez dut ezeren apologia egiteko asmorik.

Donostian egin dituzue grabaketa gehienak. Lokalizazioekin pozik zaude?

Bai, oso berezia izan zen Donostiako Emakumeen Etxean grabaketa batzuk egitea. Sekulakoa iruditzen zait hirietan eta herrietan emakumeen etxeak sortu izana. Bestalde, hasierako kredituetan emakume gorputzen irudiak eta koadroak ikusten dira; horien artean, Artemisia Gentileschiren koadro bat dago. San Telmo museoan zegoen haren erakusketa, eta baimena eman ziguten grabatzeko. Ilusioa egin dit horrek.

2deo laborategiarengatik izan ez balitz, ez zenuen proiektua aurrera eramango? Ala bai?

Garrantzitsua izan da. Ideiak izan ditzakezu, baina, ez bazaizu horrelako aukera formal bat azaltzen, epeekin... Lagungarria izan da ideia zehatzera eramateko.

Musika talde asko sartu dituzu websailaren soinu bandan.

Bai, Euskal Herriko talde pilo bat. Fin-fin portatu dira denak.

Instagramen ari zarete amuak botatzen. «Kalea eta poza» irakur daiteke post batean. Ez da dramarik egongo orduan?

Ez, ez, inola ere ez. Donostiako kaleak eta poza topatuko ditu ikusleak. Istorioa urbanoa da.

Baliabide gutxi izan dituzu, baina «lantalde majo bat» elkartu izana nabarmendu duzu.

Baliabideek mugatu egiten dute, noski. Baina, halakoetan, oztopoak irudimenarekin gainditzen dira. Oso eskertuta nago, eskatu diedana baino gehiago eman dutelako denek. Jone Novok, adibidez, kamerari lana, argazki zuzendaritza eta edizioa egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.