Abortuaren Legea. Rosana Triviño. Bioetikan aditua

«Ez du laguntzen abortuak sare pribatuan egiteak, ia ezkutuan»

Kontzientziarekin lotutako argudioak direla-eta alor publikoan aborturik ez egiteko erabiltzen diren arrazoiketei kritiko erreparatu izan die Triviñok; egokitzat dauka legea, zentzu askotan.

IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Rosana Triviño Caballero (Almendralejo, Espainia, 1977) bioetikan aditua da, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko irakaslea, eta adi erreparatu izan die, besteak beste, abortatzeko eskubideari usu jartzen zaizkion eragozpenei. El peso de la conciencia. La objeción en el ejercicio de las profesiones sanitarias liburuan (Kontzientziaren zama. Objekzioa osasun arloko lanbideen jardunean), esaterako, kontzientzia eragozpenaz sarri egiten den erabilera okerraren azterketa egin zuen, erietxe publikoetan abortuak ez egiteko arrazoibide gisara erabiltzen dela argudiatuta. Lege berriari alde on asko ikusten dizkio.

Abortu asko sare pribatuan egiten dira. Hegoaldeko datuei begira, horra: 2020an, %90 zentro pribatuetan egin ziren. Kontzientzia eragozpenarekin lotutako zioak erabiltzen dira usu. Gaiaren inguruko «obskurantismoa» salatu izan duzu. Hori aldatzeko oinarriak ditu legeak?

Hala izatea nahiko nuke, baina ez dut batere argi. Ikusi egin beharko da. Kontzientzia eragozleen erregistroak egiteko obligazioa ezarriko da. Berez, ondo pentsatuta dago; izan ere, gardentasuna ekar dezake horrek, obskurantismoan argi apur bat. Baina arazo izaten da zenbaitetan kontzientzia eragozpen kolektiboa; alegia, zenbait andreri gertatu izan zaie erietxe publiko batera joan eta han jakitea ginekologia zerbitzuak, zerbitzu oso-osoak, ez duela egiten aborturik. Halakoak kontzientzia eragozte kolektiboak dira; erregistroan izena emateko orduan, profesional bakoitzak bere izenean egiten du, baina gero ondorioa kolektiboa da. Beraz, erregistroak martxan jarrita ere, halakoak gerta daitezke. Gainera, legeak erregistroak derrigorrezko egiten baditu ere, profesional batek beti du zirrikitu bat: abortu bat egiteko orduan, esan dezake kontzientzia arazo bat duela, eta ez duela egingo. Halako egoera batean babestuta dago osasun profesionala, aurrez inolako erregistrotan sartuta ez badago ere, edo objekzio hori aurrez inoiz jakinarazi ez badu ere.

Beraz, erregistroekin ere egoerak lehengoan segi dezake?

Erregistroaren inguruan ezarri nahi den nahitaezkotasuna, nolabait ere, betebehar bigun bat da, kontzientzia eragozpenaren jokabide arduratsu batekin lotua, eta orain arte ez da horrelakorik egon. Datu partzialak besterik ez dugu, baina, horietan ikusi dugunaren arabera, kontzientzia objekzioak sarri ez dira modu arduratsu batean egin. Beti ez dago atzean kontzientzia motiborik, beti ez da norbanakoaren erabaki bat, eta askotan zerbitzuetako botere harremanak daude atzean, edo abortuak egitea inork egin nahi ez duen lan bat den ustea, sozialki ere ez duena, gainera, izen onik ematen. Nik daukadan ikuspegiaren arabera, abortuak egiten dituztenek andreekiko duten konpromisoarengatik egiten dituzte sarri askotan. Baina egokiena litzateke abortuak egiten dituzten profesional gehiago ere egotea. Gainerakoan, badira profesionalak esaten dutenak: «Nire zerbitzuko abortu egilea bihurtu naiz». Eta hori inork ez du nahi beretzat. Halakoak ezin dira utzi pertsona baten boluntarismoaren mende. Beraz, instituzioek ezarritako mekanismoek funtzionatu behar dute zer gertatzen den jakiteko. Horri, ordea, bizkarra eman zaio askotan.

Beraz, adi ibili beharko da?

Bai, sistema osoaren erantzukizuna ezinbestekoa izango da. Abortuak egiten dituzten osasun profesionalak ezin dira heroiak izan, eta horretarako ezinbestekoa da babes instituzionala.

Jokabide okerrak aipatu dituzu, instituzioek ere usu beste aldera begiratu izana. Horren atzean abortuaren gaineko itzalak eta aurreiritziak daude, ezta? Eta elikatu ere egin dira, justu, jokabide horien ondorioz?

Badira kontrako iritziak, baina niretzat horrek abortuaren gaineko estigma handitzen du. Eskubide gisara onartzen baldin bada, legitimitate moral bat ere behar du abortuak. Noiztikez da moralki guztiz legitimotzat hartzen eskubidetzat daukagun zerbitzu bat? Zergatik adierazi behar da beti andreentzat oso erabaki zaila dela? Oso gaizki pasatzen dutela? Zenbaitentzat ez da trauma bat: beren bizitzako une baterako irtenbide bat da. Beraz, arazoaren gaineko konfigurazio jakin horrek estigma areagotzen du. Zenbait andrerentzat trauma bat dela? Bai. Arazotsua izan daitekeela? Hori ere bai. Baina ez beti, ez denentzat. Eta ez du laguntzen abortuak sare pribatuetako erietxeetan egiteak, ia ezkutuan.

16-17 urteko nerabeek era izango dute gurasoen onespenik gabe ere haurdunaldia etetea. Abortatzeko eskubidea indartzeko beste urrats bat da?

Bai, guztiz. Legeak dakartzan aldaketa oinarrizkoetako bat iruditzen zait. Bazen garaia. Ikusiadago muga horrek onura baino kalte handiagoa dakarrela. Adin horretako neskak, normalean, gurasoekin edo gertuko pertsona batekin joaten dira abortua egitera. Horrela ez bada, ezin dutelako izaten da; familia barruan abusuren bat izan dutelako, gurasoekin komunikazio arazo larriren bat dutelako, edota haiekin hitz egiten badute umea izatera behartuak izan daitezkeelako... Eta benetako paradoxa da; 16-17 urteko neska bat ama izan daiteke, zer eta akaso gero umea adopzioan emateko, horrek dakarren traumarekin, eta ez dira kapaz haurdunaldia eteteko? Argudioei begira,nondik eutsi horri? Gainera, osasun gaietarako adin nagusitasuna, oro har, 16 urterekin heltzen da, eta gero ezin dute aborturik egin? Inkoherentzia bat da, etaagerian uzten du ez dela onartzen andreen autonomia.

Nolako garrantzia ematen diozu menstruazioa legean aipatu izanari? Andreen osasun eskubideen aitortzan zer esan nahi du?

Garrantzitsua da, balio sinboliko handia du. Eta kontra entzun diren mezuek ez dute zentzu handirik. Nola frogatzen da ba pertsona batek bizkarreko mina duela eta lanera joan ezinik dagoela? Iruzurren bat gerta daitekeelako legeak egiteari utziko diogu? Jakina, ikusi egin beharko da nola egiten den. Horren gainean gogoeta ere egin beharko da. Ikusi beharko da, esaterako, horrek naturala behar lukeen prozesu baten medikalizazioa ere ekar dezakeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.