Alex Romaguera. Kazetaria eta idazlea

«Biktima batzuk gogaituta daude minaren manipulazioaz»

Indarkeriaren zenbait biktimarekin mintzatu da Romaguera bere azken liburua egiteko; dioenez, biktima batzuek, «gorrotoaren diskurtsotik» aldenduta, «ekarpen handia» egin diote gizarteari.

DANI CODINA.
gotzon hermosilla
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Alex Romaguera kazetariak (Bartzelona, 1970) indarkeriaren biktima izan diren hamabost lagun elkarrizketatu ditu Víctimes en so de pau (Biktimak bake asmoz) libururako. ETAren bortxa pairatutakoak dira batzuk, hala nolaRosa Rodero, Sara Buesa eta Rosa Lluch; baina GALen biktimak (Pili Zabala), Poliziarenak (Fermin Rodriguez, Aitziber Berrueta) eta beste indarkeria mota batzuk nozitutakoak ere badaude.

Zer dela-eta piztu zitzaizun gaiaren inguruko interesa?

2011n artikulu bat idatzi nuen ETAren biktimen eta biktimarioen arteko topaketen inguruan, eta Maixabel Lasa eta [Jesus Maria Pedrosa PPko zinegotziaren alargun] Carmen Hernandezekin hitz egiteko aukera izan nuen. Orduan ikusi nuen bazeudela biktima batzuk, beren jarrerarekin lagundu zezaketenak euskal gizartean zegoen polarizazio eta gatazka deseraikitzen. Aurrerago egindako beste topaketa eta mahai-inguru batzuek uste hori indartu zidaten.

Pertsona horiek ez dira gorrotoan ainguratuta gelditu, eta bakearen, giza eskubideen eta aniztasunaren alde paratu dira. Kazetaritzaren ikuspegitik, hori interesatzen zitzaidan, baina etikaren aldetik ere, diskurtso hegemonikotik aldentzen dira, eta ekarpen bat egin dezakete bakea eta adiskidetzea lortzeko, eta horrek erakartzen ninduen.

Elkarrizketatu dituzun pertsona guztiek senide bat galdu dute indarkeriaren ondorioz, baina, horretaz gain, ba al dute beste ezaugarri komunik?

Denek pairatu dute senide bat galdu izanaren tragedia, eta, gainera, bigarren biktimizazio bat jasan dute, erakunde publikoek ez baitute lanik hartu haien eskubiderik oinarrizkoenak bermatzeko. Baina, nire ustez, ezaugarririk behinena da egiten duten ekarpena: mina gizarte osoaren aldeko lanerako akuilu bilakatu izana, uste dutelako xede nagusia dela horrelakorik berriro ez gertatzeko baldintzak sortzea.

Liburuaren sarreran argi diot: nire ustez, biktima guztiek merezi dute begirunea, baina urrats hori egin dutenak nabarmentzeko modukoak iruditzen zaizkit.

Foro Sozial Iraunkorrak «asimetria» aipatzen du biktimei emandako trataeraz aritzen denean. Zure ustez, biktima guztiek tratu bera dute?

Elkarrizketatutako guztiek esaten dute, lehen mailako eta bigarren mailako indarkeriarik ez dagoen bezalaxe, biktimak ere ezin direla lehen mailakotzat edo bigarren mailakotzat jo. Biktima batzuek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubideak bermaturik izan dituzte, baina beste batzuek ez: batzuek omenaldiak, diru laguntzak, arreta psikologikoa eta bestelakoak izan dituzte, eta beste batzuei, estatuaren segurtasun indarrek eragindakoei esaterako, biktima izaera bera ere ukatu egin diete. Zenbait kasutan, biktima horiei aintzatespena beste leku batetik iritsi zaie: gizartearen aldetik, erakundeei aurrea hartuta.

ETAren biktimen artean ere, badirudi diskurtso hegemonikotik aldentzen direnak ez direla berdin hartzen. Adibidez, zer deritzozu Maria Jauregik sareetan pairatzen duen jazarpenari?

Oso esanguratsua da, eta erakusten du biktima batzuk gogaitu egin direla, eskuinaren sektore batzuek mina nola manipulatzen duten ikusita. Maria Jauregi oldartu zaio mendekuan oinarritutako diskurtso manikeo horri, eta biktimen aniztasuna errespetatzeko eskatu du. Katalunian ere antzeko jarrerak egon dira, Robert Manrique, Rosa Lluch, eta kasu batzuetan mespretxuak eta irainak jaso dituzte. Are gehiago, Consuelo Ordoñezek ere salatu du inoiz PPren manipulazioa eta biktimen izenean hitz egin nahi izana.

Alderdi politiko batzuek, bereziki PPk eta Voxek, ate birakariak erabili dituzte, eta biktima batzuei karguak eskaini dizkiete, biktimen izenean aritzen direlako itxura eman ahal izateko. Hori gertatu da Marimar Blanco, Angeles Pedraza, Jose Vargas eta Francisco Jose Alcarazekin.

Asko al dira bestelako diskurtsoak dituzten biktimak?

Nik uste dut horrelako ahotsak gero eta ugariagoak direla. Biktimak ez ezik, giza eskubideen aldeko elkarteak ere ari dira horrelako mezuak zabaltzen. Nik esango nuke lehen entzuten ez ziren ahots horiek gero eta leku gehiagotara iristen ari direla.

Zure liburuan agertzen direnak behintzat aldendu egiten dira diskurtso horretatik.

Nik elkarrizketatu ditudan pertsonek pentsatzen dute bakea ez dela indarkeriarik ez egotea, eta uste dute bakeak bizikidetza esparru bati lotuta egon behar duela, justizian eta elkartasunean oinarrituta. Horregatik eskatzen dute trantsizioan sortutako diseinu instituzionala eraisteko, diseinu horrek inpunitatea babesten duelakoan.

«Biktimek beti dute arrazoia». Garai batean, arduradun politikoek askotan erabiltzen zuten esaldi hori. Zuri zer iruditzenzaizu?

Hasteko eta behin, biktimen amets nagusia da biktimak izateari uztea. Estatuak halakotzat aitortzea nahi dute lehen aipatutako hiru eskubide horiek bermatuak izan daitezen, baina ez dute etiketa hori eraman nahi, orban bat balitz bezala. Arrazoia ote duten? Iritzia badute, nork berea, eta oso errespetagarria da, baina arrazoia dutela esateak berarekin dakar biktima guztiak zaku berean sartzea, berdin pentsatuko balute bezala, eta ez da horrela: batzuek lan egiten dute biktima gehiago egon ez dadin, eta beste batzuek jarrera oldarkorragoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.