Juanjo Zubiria. Sorian ultrek eraso zioten Ion Aranbururen laguna

«Katalanen aurkako faxisten eraso bat izan da, eta erdian euskaldun bat harrapatu dute»

Maiatzaren 27an, Espainiako eskuin muturreko talde batzuek Ion Aranburu donostiarra jipoitu zuten. Burgosko ospitalean dago oraindik, koman, buruan duen kolpea dela eta.

JON URBE / FOKU.
inaki petxarroman
Donostia
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun

Ez zuten berehala pentsatuko lagunen artean igarotzekoa zen futbol egun bat faxisten eraso larri batekin amaituko zela. Non, eta Sorian (Espainia). Bi aste baino gehiago dira Ion Aranburu Sanchez (Donostia, 1979) Burgosko (Espainia) ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatean (ZIU) dela, koman. Burezurra hautsita, atzealdean eta belarri aldean; eta hainbat kolpe eta ubeldura aurpegian.

Eskuin muturreko dozenaka lagunek egin zioten eraso, maiatzaren 27an, Numantzia-Cornella partidaren atarian taberna baten kanpoan zerbait hartzen ari zirenean. Harekin zen Juanjo Zubiria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1974). Bi hilabete lehenago egin zuten plana Cornella de Llobregateko (Herrialde Katalanak) lagun batzuekin egun horretan Sorian elkartzeko. Adiskide bat du Aranburuk han, donostiarra, bertara bizitzera joandakoa, eta Cornella taldearen jarraitzailea da. «Cornellakoek Sanseren aurka Donostian jokatu zutenean erabaki genuen Sorian topatzea, Numantziarekin zuten partidaren aitzakian, eurei eta bioi nolabait erdibidean geratzen zitzaigulako».

Ikusi gehiago:EH Bilduk «irmoki» salatu du maiatzaren 27an Sorian gertatutako erasoa

Zubiria eta Aranburu ez ziren goiz iritsi Soriara. «17:00 aldera ailegatu ginen. Bidean bazkaldu genuen, eta lagun katalanekin 17:00 aldera elkartu ginen, El Chino esaten zioten taberna batean. Giro onean ginen, batere arazorik gabe». Tartean, baina, jakinarazi zieten Orgullo Numantino eskuin muturreko taldeak bigantxen ikuskizun bat antolatu zuela, eta hara joan zirela Zaragozako eta Madrilgo Ligallo eta Ghetto 28 taldeetako ultrak, antolatzaileekin batera. «Guk pixka bat bromaz hartu genuen kontua, baina, handik gutxira, tabernara joan ziren beste bost bezeroren artean, gizon nafar batek esan zigun kontuz ibiltzeko, bazebiltzala begiratzen ea nondik nora genbiltzan».

Jose Tudela kalearen mutur batean zeuden Aranburu, Zubiria eta Cornellaren zaleak. Bestaldeko taberna batean, eskuin muturrekoak. «Bat-batean sumatu genuen ezkerreko aldetik dozenaka lagun sartu zirela, burua estalita, makilekin, harriekin, guri eraso egitera... Babesteko asmoz, taberna barruan sartu ginen. Haiek mahaiak hartu zituzten, kristalak txikitu, jendea jipoitu... Hori dena umeak ere baziren taberna batean. Barrura sartzeko une horretan, tapoi bat egin zelako edo ez dakit zergatik, Ionek, sartu ezinik, kanpora alde egin zuen. Ni barrura sartu nintzen, eta ordutik aurrera ez nuen besterik ikusi, kalean konorterik gabe topatu genuen arte».

Hortaz, Zubiriak ezin du askorik esan Ion Aranburuk jasandako erasoaz. Garbi du, ordea, egoera zein izan zen. «60 bat lagun izan ziren erasotzaileak, gehienek burua estalia zuten, eta makilak, harriak eta botilak zituzten. Autobus batetik jaitsi ziren, eraso egin zuten, eta, ibilgailura itzultzean, alde egin zuten».

Taberna barruko tentsioaren eta txikizioaren lekuko izan zen Zubiria. Haur zein helduek pasatu zuten beldurrarena. Erasoa baretu zenean, tabernatik irten, eta laguna zuen tokira joan zen. «Lurrean zegoen, lau poliziak inguratuta. Poliziak segituan hasi zitzaizkidan galderak egiten, ea zertan ari ginen Donostiako bi lagun han. Zer gertatzen da? Gu Realaren zaleak gara, Bultzadakoak. Orduan, Poliziak bere pelikula egina du: Bultzadako bi tipo liskar batzuetan nahasita daudela eta amaitu da kontua. Baina ez gaitezen nahasi: gu joan ginen lagun batzuekin Sorian egun bat pasatzera, eta faxista batzuek eraso egin ziguten».

Ospitalera eraman zuten Aranburu, Soriara. Baina jabetu ziren zeuzkan zauriak oso larriak zirela, eta erabaki zuten Burgosera bidaltzea. «Medikua etorri zen, eta esan zigun kaskezurra hautsia zuela, belarri aldean kolpe bat eta aurpegian ubelduak. Esan zigun lehenik kolpe bat hartu zuela buruan, eta konorterik gabe, hauspez erori zela lurrera. Buruaren atzealdea txikitua zuen, eta aurpegian lau hematoma. Medikuak esan zigun erori izan balitz kolpe bakarra izango zuela, aurrean edo atzean; nekez, bi. Haren ustez, jo egin zuten; zerekin ezin jakin, ordea, makilarekin, harri batekin, auskalo...».

Poliziari kritika

Kexu da Poliziaren jarrerarekin. Egin zuten lehen atestatuan adierazi zuten zauritu arin bat izan zela, aintzat hartu gabe Aranburuk jasandako eraso larria. Partidarako patruila bakarra jartzea, agente gutxi batzuekin, oso baliabide eskasa iruditzen zaio Zubiriari. Eta, bide batez, ulertezintzat jo du eskuin muturreko hiru taldek halako topaketa bat egitea Poliziak ezer jakin gabe. «Antolatutako eraso bat izan zen: katalanen aurka joan dira faxistak, eta erdian euskaldun bat harrapatu dute». Orain ikerketa bat egiten ari dira. Zubiriari hainbat aldiz deitu diote, eta, orain, taldeko ezagutze saio baterako hitzordua eman diote. Erasoa jasan zutenen abokatuek berriki izan dute ikerketaren informaziorako sarbidea, eta auzia nola bideratu aztertzen ari dira. «Eurek argi dute: faxistek antolatutako eraso bat izan da, oso eraso larria, eta pertsona bat hilzorian utzi dute, ez da besterik gabeko liskar bat izan».

Ion Aranburu koman dago oraindik ere. Ebakuntza egin zioten kaskezurra kentzeko eta burmuinaren presioa arintzeko. Oraindik tutuz beteta dago, larri, nahiz eta jadanik kendu dioten sedazioa. Aitor Zabaletaren aurkako erasoa ekarri dio gogora Zubiriari, baina, kasu honetan, katalanen aurka eta talde txiki baten aurka. Beldurtuta daude Cornellakoak, Espainiako Federazioaren 1. mailako talde bat baita, zale gutxi mugitzen dituena. Aranburuk jasandako erasoa salatzeko, elkarretaratzera deitu dute senideek eta lagunek: ostegunean izango da, 20:00etan, Donostiako Antigua auzoan, Gaskuña plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.