Idoia Sagastizabal. EAJko diputatua Espainiako Kongresuan

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.

MARISCAL / EFE.
xabier martin
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
EAJk lortu berria du kupoaren ituna berritzea, eta hori da alderdi horrek azken urteotan Espainiako Kongresuan izandako mugarri nagusietako bat. Hala ziurtatu du EAJko diputatu Idoia Sagastizabalek (Eibar, Gipuzkoa, 1972). Ez du baztertu, gainera, Eusko Jaurlaritzak «luze gabe»lortzea aldiriko trenen eskuduntza.

EAJk hirugarrenez segidan babestu ditu Sanchezen gobernuaren aurrekontuak. Nahikoa da trukean lortutakoa?

Negoziazioa egiteko moduak asebete gaitu. Aurreko aurrekontu akordioen betetze maila handia zen, baina, hala ere, kupoaren bosturteko akordioa egitea lortu dugu, 2017an adostu zen parametroetan. Horrek segurtasun juridikoa ematen digu gure erkidegoko herritarrei laguntzeko bizi dugun egoera honetan. Baliabideak egongo dira langabeziari aurre egiteko, krisi energetikoari heltzeko, industriari laguntzeko... Itun horri esker, badakigu zenbat ordaindu beharko diogun urtean estatuari, eta zenbat izango dugun gure aurrekontuak diseinatzeko. Indarra eta fidagarritasuna ematen digu, aurrerantzean etortzen dena etortzen dela.

EAEk Espainiako BPGari egiten dion ekarpena apaldu egin da azken hamarkadetan, baina kalkulurako %6,24 hori erabiliko dute aurrerantzean ere.

Egia da dagokigun baino gehiago pagatzen ari garela urte hauetan guztietan, baina berdin jarraituko dugu. Ziurgabetasun handia dela-eta, ordea, oso garrantzitsua da aurrera egitea segurtasun juridiko horrekin.

Kupoa da, beraz, EAJren garaipenik handiena Madrilen?

Lortu dugu beste transferentzia batzuk mugitzea, adibidez aldiriko trenena eta ibai batzuen arroena. Gainera, 79 milioi euro arteko inbertsioak ahalbidetu ditugu, iaz halako bi. Baina legegintzaldiko mugarri nagusietako bat da kupoaren ituna, bai.

Gernikako Estatutua osatu gabe dago oraindik. Badu zentzurik botoen truke negoziatzen jarraitzeak, euskal gizartearen gehiengo batek agorturik ikusten duen honetan?

Lege organikoak bete egin behar dira, baina errealitateak esaten digu Madrilgo gobernuek ez dutela betetzen, eta, guretzat, formula bat izan da negoziazio parlamentarioa hura betetzen joan dadin. Ez litzateke negoziatu behar, legea bete baizik, baina ez da horrela, eta, horren ikusirik, dugun formula bat da botoen bidez negoziatzea.

EH Bilduk Nafarroara ekarri du trafikoko eskuduntza. EAJ ez da eskuduntzak Euskal Herrira ekartzen dituen bakarra orain. Harritu zaitu Sanchezekin egindako itun horrek? Haserretu?

Ez. Berretsi dudana da EAJk 40 urtez egin duen poltikan dabilela orain EH Bildu. Euskadirentzat eta Nafarroarentzat onuragarria den guztia positiboa da. Ongi etorriko da eskuduntza hori.

Urtebete geratzen zaio legegintzaldiari gehienez, eta, gero, PP-Vox gobernu baten aukera zabalduko da. Ez al zegoen EAJ beharturik Sanchez babestera, tranferentziak egon ala ez?

Aurrean duguna ez da inoren gustukoa Euskadin, eskuin muturrak birzentralizazio asmo argiak dituelako. Erkidegoen estatua nahi ez badu, nola nahiko du kontzertu ekonomikoa? Baina, edonola ere, oso jokaeku konplexuan gaude: pandemia igaro dugu, krisi energetikoa dugu Ukrainako gerrari lotua... Aurrekontuak behar ziren gutxieneko segurtasun bat bermatzeko, ekonomikoki eta politikoki, hori argi dago.

Montero ministroak bortxaketaren kultura sustatzea leporatu dio PPri Galizia eta Madrilgo gobernuen iragarki batzuen harira. Emakumea jartzen dute fokuan, eta ez bortxatzailea. Bortxaketaren kultura sustatzen dute?

Krispazioa neurriz gain dago Madrilen. Vox konfrontazio kanpaina batean dago, eta ministroaren hitzak ez dira egokiak izan. Montero nahastu egin da erantzun horretan.

Emakumeari badaezpada galtza elastikoak ez jartzeko helarazten dio iragarkiak...

Horrela bada, zuzendu egin beharko lituzkete iragarki horiek, baina nik ez ditut ikusi, egia esan. Bortxaketaren kultura oso zabala da; iragarki horietatik harago doa, eta Monterok beste modu batera aritu behar zuen.

Soilik baietz da baietz legea aldatu behar da zigorren apaltzeen auzia dela eta?

Legearen ardatza emakumearen onespena da, eta guk ez dugu hauspotuko populismoa. Auzitegi Gorenaren zain egon behar dugu ezer erabaki aurretik. Baina ezin dugu beste alde batera begiratu zigorren apaltzeak direla eta; azkenerako, zerbait aldatu behar bada, ba, aldatuko da.

EAJk baztertu egingo du PPri babesa ematea Kongresuan, Vox bazkide gisa baldin badu?

Voxekin ez dugu ezer adostuko; esan dugu sarritan.

PPrekin?

Orain, politikan nola dagoen ikusita, ez. Oso urrun gaude, eta ez dugu aldaketarik ikusten Feijoorekin. Ezin da esan «inoiz ere ez»; eboluzioa ikusi beharko dugu. Vox tartean bada, dena den, ez.

Zer da onena Euskal Herriarentzat Espainiako hauteskundeei begira? Sanchezek jarraitzea egungo bazkideekin?

Guk gobernu hori babesten dugu, eta kezkaz ikusten ditugu gobernu bazkideen talkak, eta Podemos barrukoak ere bai. Aliantzez aritzea alferrikakoa da haien emaitzak ikusi aurretik. Gainera, udal hauteskundeek haien arteko talka areagotu baino ez dute egingo. Vox indarra galtzen ari da, ordea, eta ikusteko dago PP-Vox baturak gehiengoa ematen duen ala ez. Emango balu, beldurtzen hasi beharko genuke.

EAJk emakume hautagaien alde egin du zenbait erakundetan. Noizko emakume bat EAJko bozeramaile nagusi gisa Madrilen?

Ez dakit noiz, baina iritsiko da. Orain bozeramaile ezin hobea dugu, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.