Donatella della Porta. Politika Zientzietako katedraduna

«Garrantzitsua da protesta molde alternatiboak garatzea»

Mugimendu sozialak «kriminalizatzen» ari diren honetan, haien rola defendatu du Della Portak, eta ohartarazi ez dagoela demokraziarik protestarik gabe: «Herritarren eskubide bat da».

BERRIA.
jon olano
2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Gizarte mugimenduen azterketan erreferenteetako bat da Donatella della Porta(Catania, Italia, 1956). Politika Zientzietako katedraduna da Italiako Scuola Normale Superiore unibertsitatean, eta mugimenduon kriminalizazioa eta kritika politikoaren jazarpena izan ditu aztergai azkenaldian, «behetik gorako» erreferendumekin batera. Hain justu, haren azken liburuaren izenburua da Social Movements and Referendums from Below. Direct Democracy in the Neoliberal Crisis (Gizarte mugimenduak eta behetik gorako erreferendumak. Demokrazia zuzena krisi neoliberalean).

Zein da protestarako eskubidearen osasuna?

Estatu autoritario askotan dago mugatuta oposizioa adierazteko eskubidea, baina demokratikotzat jotzen diren estatu askotan ere gero eta tolerantzia txikiagoa zaio desadostasunari.Espainia da horietako bat, bertan ikusten ari baikara jazarpen politiken garapen handi bat; esaterako, Kataluniako independentzia erreferendumean. Karitate ekintzatzat jo daitezkeenak ere kriminalizatzen ari dira, immigranteei eta iheslariei emandako laguntza giza trafikotzat jota.

Bada demokraziarik protestarako eskubiderik gabe?

Ez, ez dago. Protesta herritarren eskubideetako bat da, parte hartze politikorako eskubidea dutenez gero. Protesta oinarrizkoa da demokraziarentzat ikuspuntu etikotik, demokraziek ahalbidetu behar dutelako desadostasuna adierazteko aukera izatea, baina baita ikuspuntu pragmatikotik ere: ez badituzu onartzen ahotsa eta gatazka baten adierazpide baketsua, gatazka horrek adierazpide biolento bat hartuko du. 1970eko hamarkadara arte, zabaldu egin zen protestarako eskubidea, legearen arau hauste arinak barne —orain protesta forma konbentzionalak direnak—. Demokraziaren aldeko borroka, neurri batean, protesta forma jakin batzuk legeztatzearen aldeko borroka zen —manifestazioak, okupazioak, grebak...—. Sarri, protestak berekin dakar legearen arau hauste txiki bat, baina kritika adierazteko eskubide demokratiko gisa ulertu behar da hori. Demokrazia ez da soilik botoa ematea; desadostasuna agertzeko eskubidea aitortzeak ematen du demokrazia zabaltzeko aukera.

Ekintza kolektiboen moldeak aldatzen ari dira?

Uste dut grebak oraindik garrantzitsuak izango direla aurrerantzean ere, nahiz eta protesta forma hori den kriminalizatu direnetako bat. Lan merkatuaren desregularizazioaren ondorioetako bat izan da gero eta langile gehiago daudela grebarako eskubiderik gabe. Langile prekario asko langile autonomo gisa ari dira, edo legez kanpo ari dira lanean, eta ezin dute modu antolatuan mobilizatu. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da protesta molde alternatiboak garatzea, langile askok ez baitute greba egiteko aukerarik, eta ez baitute ahalmenik beren indarra lan merkatuan baliatzeko beren eskubideen alde presioa egite aldera.

Zein da gizarte mugimenduen rola gaur egungo gizarteetan?

Nire ustez, gero eta garrantzitsuagoa da mugimendu sozialen egitekoa, gizartea demokraziaren alde mobilizatzeko lana alderdien eta sindikatuen bidez egiten baitzen garai batean, baina, gaur egun, gero eta gehiago uzten da hori gizarte mugimenduen esku, tresna tradizional horiek babesa, zilegitasuna eta leialtasunak galtzen ari baitira. Europan, Espainia da prozesu horren adibide argienetako bat; han, gizarte mugimenduak ez daude deskonektatuta gainerako eragileetatik —sindikatu eta alderdietatik—. Alderdi ezkertiar klasikoak [PSOE] eskuinera eginiko mugimenduak ezbaian jarri du ezker horren eta gizarte mugimenduen arteko aliantza tradizionala. Bestalde, alderdiak sortu dira, estatu mailan baina baita tokian-tokian ere, gizarte mugimenduak udal gobernuen barruan eta kanpoan dituztenak aldi berean: Bartzelonan, kasurako, gobernuaren parte izanez eta gobernua kanpotik estutuz. Gizarte mugimenduen zeregina lan mugimenduaren hasierako bera da: gizartea antolatzea ez ezik, erakundeetara iristeko bide berriak garatzea ere.

Mugimendu batzuek instituzioekin eta elite politikoekin lankidetzan aritzea lehenesten dute; beste batzuek, ordea, erakundeen erabakiei aurre egitea.

Gai garrantzitsua da. Mugimendu askoren barnean daude instituzioekin batera aritzearekin kritikoagoak diren taldeak eta aldekoagoak direnak. Begira emakumeen mugimendua: instituzioetatik kanpo aritu dira presioan, baina, neurri batean, badago feminismo instituzional bat ere. Beste adibide bat da mugimendu ekologista, aldi berean baititu instituzioen barneko eta kanpoko estrategiak. Mugimendu baten indarra hor datza: kanpotik presio egiteko ahalmenaren eta aldarrikapena erakundeetan eta alderdien sisteman bideratzeko gaitasunaren arteko konbinazioan.

Bestalde, boteretik gertuegi zaudenean, arrisku nagusia kooptazioa da; iraganeko esperientzia ugarik erakusten dute gizarte mugimenduen indar mobilizatzailea ahuldu egiten dela alderdi aliatua boterera iristen denean. Berriki, hori gertatu da Grezian eta Espainian: indarrak instituzioetara bideratzen direnean, protestarako indar gutxiago dago. Badago beste arrisku bat: mugimendu bat ezin da etengabe mobilizatuta egon, zikloka mobilizatzen da, eta, sendo erakundetuta ez badago, gerta liteke mugimendu hori mobilizazio zikloa amaitzean desagertzea, eta pentsaraztea borrokak ez duela ezertarako balio izan.

Mugimendu sozialen garrantzia gutxiesteko sortu zen gehiengo isilaren kontzeptua. Zer erantzungo zenieke darabiltenei?

Badago gehiengoaren indarrari egindako kritika normatibo bat: gehiengoaren indarra arriskutsua izan daiteke demokraziarentzat. Gobernu batek gehiengoaren babesa izateak ez du esan nahi erabakiak demokratikoak direnik. Demokraziaren definizio nagusietan ere jasotzen da balio ugariren arteko oreka bat beharrezkoa dela eta, esaterako, gutxiengoaren eskubideak bermatu behar direla. Esan nahi dut dena ezin dela utzi gehiengoaren erabakiaren esku. Gizarte mugimenduen ikuspegitik, ez da beharrezkoa gehiengoen mugimendu bat izatea zilegi izateko. Gaur egun babes zabala duten mugimendu batzuen aldarriekin —ezkontza homosexualekin, esaterako— oso talde txikiak hasi ziren; baina garrantzitsua izan zen orduan talde txiki horiek hor egotea zenbait ideiari aurre egiteko eta ideia berriak sortzeko. Normala da hasieran mugimendu batek gehiengoa ez ordezkatzea, baina garrantzitsua da ahots kritikoak plazaratzeko aukera izatea.

Zeintzuk dira «behetik gorako erreferendumen» ezaugarriak?

Erreferendumena gai zaila izan ohi da, une batean jendeari eskatzen zaiolako hautu sinplista bat egiteko bi aukeraren artean. Aitzitik, erreferendumen alde positiboetako bat da boto emaileen arreta gai baterantz bideratzen dutela; erabakiak gobernuen esku utzi beharrean, jendea informatu egiten da. Irlandan abortuaz egindakoaren kasuan, tresna baliagarria izan zen alderdi politikoen artean zegoen blokeo bat gainditzeko. Liburuan, aztertzeko kasu gisa hartu genituen Eskoziako independentzia erreferenduma, Kataluniako independentziari buruzko galdeketak eta Italian uraren pribatizazioaz eginikoa. Ondorioztatu genuenez, mugimendu sozialek parte hartzen dutenean, gaiari buruzko kezka eta ezagutza handiagoa izaten da, erreferenduma bera pluralagoa izan ohi da, deliberatzaileagoa, eta prozesuaren eragina, handiagoa, emaitza edozein dela ere.

Zeintzuk dira Kataluniako prozesu subiranistaren ondorio edo irakaspen nagusiak?

Egoera aldakorra da oraindik; zaila da behin betiko ondorioak ateratzea. Irudipena dut erreferenduma oso polarizatzailea izan zela, baina, aldi berean, ez zela izan kolpe bakarreko gertakaria. Erreferendumak eta beste protesta molde batzuek ondorio positiboak izan zituzten, jendetza inplikatu zelako, alderdi politikoek eta gizarte mugimenduek rol garrantzitsua jokatu zutelako, eztabaidak asko zabaldu zirelako gizartean... Orain despolarizazio prozesu bat gerta daiteke. Uste dut eztabaida ez dela soilik federalismora bideratuko,baizik eta baitaerrepublikanismora ere, eta hori garrantzitsua izango da luzera begira. Erreferenduma katalizatzaile izan daiteke epe luzera, [Espainiako] ezkerrak pentsa dezan nola landu gai nazionala, beti izan baitzaio errazagoa klase ardatzari erantzutea. Ez ikusi egitea ez da aukera bat: Katalunian eta Euskal Herrian, jendeari ezin diozu esan auzi nazionala, hizkuntza eta abar ez direla hain garrantzitsuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.