Albistea entzun

Iratxe Perez Urdiales. EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea

«Migratzaileek ez dute osasun sistema gertuko ikusten»

Emakume migranteek eta agiririk gabekoek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zerbitzuetara zer sarbide duten ikertu du Iratxe Perez Urdialesek, 2007tik 2017ra bitarteko datuak aztertuta.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2021eko irailak 18

Migratzaileen eta osasunaren arteko harremana ikertu du Iratxe Perez Urdiales (Barakaldo, Bizkaia, 1983) EHUko irakasleak. Zehazki, agiririk gabekoek eta emakumezko etorkinek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zerbitzuetan jasotzen duten arreta aztertu du. Egiturazko oztopoak antzeman du, baita migratzaileen gizarte zaurgarritasunean oinarritutako oztopo indibidualak ere.

Tesia osatu berri duzu. Zergatik aukeratu zenuen gai hori?

Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundean ibili naiz boluntario moduan. Bertan urte asko daramatzate migratzaileekin lan egiten osasun zerbitzuetarako sarbideen alde. Tesi bat egin nahi nuela ikusita, haiekin hitz eginda erabaki nuen lantzeko gai egokia zela; arazoa ezagutzeko eta gaian sakontzeko.

Nongo eta nolako datuak landu dituzu?

Euskadiko Munduko Medikuak elkarteak badauka doako klinika bat, eta datu informatizatuak jasotzen dituzte. Nik 2007tik 2017ra bitarteko datuak hartu ditut, aldian behingo analisiak egiteko eta politika desberdinek osasun sistema publikoan duten eragina ikusteko. Horretaz gain, doako klinikara etortzen ziren emakume migratzaileei itxarongelan galdetzen nien ea nirekin hitz egin nahi zuten datu horiek jasotzeko. Osasun arloko profesionalak ere elkarrizketatu nahi izan nituen, bi aldeetatik informazioa lortzeko.

Zer errealitate aurkitu duzu?

Gure helburu nagusia zen etorkinek dituzten oztopoak aurkitzea. Hainbat traba mota identifikatu genituen. Lehenik, langa pertsonalak. Jaioterriaren arabera oztopoak ez dira berdinak migratzaile guztientzat: ez dute hizkuntza bera, ezta azal kolore bera ere. Bestalde, osasun sisteman lan egiten duten langileak daude: ezin dugu ukatu gizarte estrukturalki arrazista batean gaudela, eta osasun arloko profesionalek ere zama arrazista hori dugu barneratuta. Ondorioz, etorkinak ez dira beti tokiko herritar baten modu berean tratatzen, zoritxarrez. Ezjakintasuna ere badago: langileek batzuetan ez dakite zein arauk ezartzen duen migratzaileen arreta, bertakoena baino konplexuagoa delako; horregatik, batzuetan, osasun sistemara legez sar daitekeen jendea kanpoan geratzen da.

Azkenik, ikusi dugu migratzaileek ez dutela osasun sistema gertuko ikusten; ez informatzera joateko, ezta arta jasotzera joateko ere. Askok ez dute gaztelaniaz edo euskaraz hitz egiten, eta aurrean duten pertsonak agian ez du bere jatorrizko hizkuntza hitz egiten.

Zein zailtasun izaten dituzte migratzaile horiek?

Tesia egoera administratibo irregularra duten pertsonengan zentratu nahi izan genuen, sinbolikoki pisu handia baitu bertan bizileku bat izateak. Horren ondorioz, migratzaile askok ez dute osasun sistemara hurbildu nahi ere, uste baitute pertsona irregular gisa identifikatuko dituztela.

Genero indarkeria jasaten duten migratzaileengan ere jarri nahi izan genuen arreta; izan ere, emakume horiek identifikatzeko beldur bera izaten dute, edo, besterik gabe, tratu txarrak ematen dizkien gizonaren zuzeneko mehatxuen beldur dira. Horrela, doako kliniketara joatea hautatzen dute, funtsezko osasun arreta ematen baitiete.

Genero faktoreak aipatzen dira ikerketan. Emakumeek gizonezkoek baino arazo gehiago dituzte arta jasotzeko orduan?

Ez bereziki. Biek zailtasun berberak dituzte hizkuntzari, kulturari edo arrazakeriari dagokienez. Generoari buruz ari garenean, genero indarkeria jasaten duten emakumeak azpimarratzen ditugu. Ez dute zertan arazo gehiago izan, baina badute osasun sistemaren premia handiagoa, adibidez, sexu eta ugalketa osasunarekin lotuta.

2012ko dekretuen bidez, ordura arte osasun arreta normalizatua jasotzen zuten etorkinei baldintza zorrotzagoak ezarri zizkieten, eta egoera administratibo irregularrean zeudenei osasun arreta ukatu zieten. Zer aldatu da 2012az geroztik?

Lege araudiak pisu handia du. Elkarrizketetan ikusi dugu aldaketa horiek guztiak okerrera egiteko izan direla, batez ere bi gauzatan: batetik, osasun sistemara sartzeko baldintzak zaildu direlako, eta, bestetik, ezjakintasun handia ekarri dutelako. Legeak aldatzen direnean, erabiltzaileak eta osasun arloko profesionalak nahastu egiten dira, normala denez. Horregatik, ezjakintasun hutsagatik, osasun sistemarako eskubidea duten pertsona asko ez dira sisteman sartu.

Izurria iritsi zenetik, lehen arreta kolapsatua edo mugatua egon da. Eraginik izan al du migratzaileengan?

Bai, argi eta garbi. Horrek harresi bat ekarri du lehendik zituzten hesi guztien aurrean. Aurrez aurre zituzten arazoak areagotu egiten dira telefonoz, batez ere hizkuntzagatik.

Bi migratzaile hil dira Bidasoa ibaian itota azken hilabeteetan. Boluntariotzan ere egon zarenez, nola ikusi duzu hori?

Erizaina eta boluntarioa naizen aldetik, harritu egiten nau etortzen den jendearen bizi baldintzak hain eskasak izateak. Askotan, bizilekurik ere ez dute, aterpetxean lo egiten dute baimenduta dagoenean, eta bestela kalean egiten dute lo, taldeka edo banaka. Ikusi dudan egoera oso kaskarra da. Bizitza baten bila datoz, eta tragedia bat da halako arriskua duten egoeretan murgildu behar izatea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elantxobeko portua, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Urpekari bat hilda atera dute uretatik Elantxoben

Berria

10:00ak aldera atera dute gorpua, herritar batek abisua eman ostean. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Suhiltzaile bat lanean, artxiboko irudi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

95 urteko gizon bat hil da Bilbon, bere etxeak su hartu eta gero

Berria

02:00ak aldera gertatu da ezbeharra. Gizona bizirik atera dute suhiltzaileek, baina ospitalean hil da.

Ihintz Oliden, AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea. ©Guillaume Fauveau

«Zaila da irakasleak atzematea eta atxikitzea»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Urrian, AEK-k erakundeei galdegin zien laguntzak emenda ditzatela bere irakasleek hilabete sari duinak ukan ditzaten. Ez da deus aitzinatu geroztik, baina ikasleen galdea beti berdin azkarra da.

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Iker Tubia

Apirilaren 22an izango da, Landa Eremuaren Nazioarteko Egunean. Erdizen egin asmo duten meategiaren kontrako protestetan ari dira

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...