Salatu dute Bilbon jazarri egin zaizkiela bortxaketa baten berri emateagatik

Bilboko Alde Zaharreko auzokideek jakinarazi dute hogei bat lagun identifikatu dituztela. Autodefentsa feministara deitu dute

Bilboko Alde Zaharreko zenbait bizilagunen agerraldia, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
«Poliziaz inguratu gaituzte. Gu beldurtzen saiatu dira. Kaleko jantzitako poliziek auzoko beste kale batera jarraitu digute, han bortizki identifikatzeko». Horrela salatu zuten atzo arratsaldean Bilboko Alde Zaharreko auzokideek bortxaketa baten berri emateagatik azkenaldian jasan duten «jazarpena eta errepresioa».

Duela hilabete batzuk, Alde Zaharreko emakume batek auzoko Ormaetxe taberna daraman gizona salatu zuen, bera drogatu eta bortxatzeagatik. Gertakari horien harira, bizilagunek informazio banaketako eta salaketarako kanpaina bat abiatu zuten, jendeari gertatutakoaren berri emateko helburuarekin. Auzokideek, baina, salatu zuten gaur egun ere tabernariak «harro» jarraitzen duela bere ostatuan lanean, jarrera «erasokorrarekin» eta egoeraren berri ematen dutenak salatzen. Horrekin batera, auzokideek jakinarazi zuten «askotariko indar polizialek» hogei bat lagun identifikatu dituztela, eta haietako batzuk isunak ere jasotzen ari direla.

Nabarmendu zutenez, ordea, mota horretako erasoak ez dira kasu bakanak: «Eraso hau ez da izan salatu den bakarra. Gero eta gehiago dira substantzia kimikoen eraginez bortxatutako eta eraso egindako emakumeak». Hori horrela, emakumeek jasaten duten indarkeria «estrukturala» dela ohartarazi zuten, eta sistemak erasotzaileak «babesten» dituela, erasoa jasan duenaren kontakizuna «etengabe» zalantzan jarrita. «Ahal dutelako bortxatzen gaituzte. Ormaetxeko tabernariak hemen jarraitzen du ahal duelako».

Mehatxuak mehatxu, tinko

Identifikazioen eta mehatxuen gainetik «aurpegia ematen» jarraituko dutela adierazi zuten auzokideek, eta autodefentsa feministara eta auzo antolakuntzara deitu zituzten herritarrak: «Erasotzaileak, bortxatzaileak, entzun: ez duzue tokirik auzo honetan, ezta beste inon ere». Erasotzaileak babesten dituztenak ere interpelatu zituzten, erasoaren konplize direla esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.