PASARTEAK

2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak atzo onartutako aitzinsolasak zortzi orrialde ditu, eta beste horrenbeste atal. Segidakoak dira dokumentuan jasotako pasarterik esanguratsuenetako batzuk:

Testuinguru historikoa

Gernikako estatutuaz. «Euskal autogobernuaren sendotzean, instituzionalizazioan eta herritarren ongizatearen eta bizi kalitatearen hobekuntzan lagundu du».

«Estatutu politiko berriak subjektu juridiko-politikoa, egiazko aldebikotasuna eta gure autogobernuaren blindatzea aitortzeko oinarriak behar ditu».

Indarkeriaz. «Azken ehunurteotan, euskal gizarteak gutxienez lau esperientzia traumatiko bizi izan ditu, indarkeriaren eraginez: Gerra Zibila, diktadura frankista, ETAren terrorismoa eta legez kanpoko kontraterrorismoak».

«Ezberdinak izan arren lotura bat dute komunean: Nozitutako sufrimendu bidegabea eta, baldintza okerrenetan ere, elkarbizitza demokratikoa eta giza eskubideen, bakearen eta askatasunaren defentsan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko eta babesteko ahalegina».

Komunitate politikoa. Identitate nazionalaren aitortza

«Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berria —Euskal Herriaren parte direnez gero—, herri baten borondate demokratikoaren adierazpide juridiko-politikoa izango da».

«Euskal Herria nazio da horrela aitortzen eta identifikatzen duelako bere herritarren gehiengo batek eta, gainera, zuzenbide konparatuan ezarritako parametro guztiak betetzen dituelako».

Estatus politiko berria. Itun soziala berritzea

«Testuinguruaren ziurgabetasuna gorabehera, [euskal gizarteak] helburu gisa jartzen du modu iraunkorrean aukerak eta ongizatea sortzen jarraitzea».

«Hobeto bizitzeko eta elkarbizitzeko akordio politiko berri bat planteatzen dugu, euskal gizarte moderno, plural, berdintasunezko, kohesionatubaten eraikuntzan aurrera egitea ahalbidetzeko».

Gizon-emakumeen arteko berdintasuna

«Euskal gizartea kontziente da gizonen eta emakumeen artean egiturazko aldea dagoela aukerak izateko eta eskubide eta askatasunak gauzatzeko, arrazoi kultural, historiko, tradizional, ekonomiko eta sozialengatik. Genero desberdintasuna da erronka sozial nagusietakoa».

«Euskal gizarteak bere egitendu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna gauzatzeko bizitzaren esparru guztietan, garapen iraunkorraren oinarrizko zutabe gisa eta gizarte aurreratuago eta bidezkoago bat lortzeko, emakumeen aurkako indarkeria forma oro desagerrarazi dadin».

Legaltasun printzipioa. Printzipio demokratikoa. Erabakitzeko eskubidea

«Erabakitzea, gaur egungoabezalako mundu konplexu eta interdependente batean, elkarrekin erabakitzea da. Elkarrekin erabakitze horrek berez dakar hura partekatzen dutenen arteko aitortza, ardurak eta eskaerak. Horregatik, gizarte anitzek, izan estatu komunitateak edo estatu azpiko komunitateak,beren barne aniztasuna artikulatzen dute elkarrekin erabakitzeko mekanismoen bidez; soilik modu adostuan moldatu daitezkeen loturak ezarriz».

«Euskal autogobernua berritzeak legaltasun printzipioari erantzun behar dio. Hala ere, legeria errespetatzeak ez du printzipio demokratikoa urratu behar. Printzipio horrek eskatzen du euskal herritarren erabakiari lehentasunezko balioa ematea».

«Kontua da euskal herritarrek beren borondate kolektiboa erabakitzeko, adierazteko eta gauzatzeko eskubidea eta gaitasuna aitortzea».

Eskubide historikoak

«Eskubide historikoen jabea Euskal Herria da, haren identitate nazionalean oinarritzen baita bere errealitate juridiko-instituzionala».

Espainiako Estatuarekiko lotura

«Estatuarekin harreman eredu berri bat eratuko da, alde bikoa, berdinen artekoa, elkarrekiko errespetuzkoa eta aitortzazkoa, izaera konfederalekoa».

«Espainiako Estatuarekiko harreman marko politiko berria Espainiako Konstituzioko 1. Xedapen Gehigarriaren eta Gernikako Estatutuko Xedapen Gehigarri Bakarraren arabera egituratuko da, harreman eredua aldebikoa eta berezia ezarriz».

«Harremana elkarren arteko errespetuzkoa izango da, ez subordinatua, eta horretara bideratuko da egiazko aldebiko harreman sistema bat; euskal autogobernua blindatuko duen berme erregimen eraginkorrajasoko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.