Koronabirusa. Aner Uriarte. Bilboko epaile dekanoa

«Justizian kolapso handia dugu, eta areagotu egingo da»

Justizia administrazioan presazkoak ez diren jarduera guztiak eten izanak arazo handiak ekarriko dituela uste du Uriartek; «zerbitzu publikoa» den neurrian, egoerari «ikaragarria» deritzo.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bilboko epaile dekano Aner Uriarte (Bilbo, 1971) «kezkaturik» dago pandemia dela eta: kezka sortzen dio egoera orokorrak, eta baita justizia administrazioarenak ere, aurreikusten duelako ohiko funtzionamenduan izandako etenaldiak arazoak ekarriko dituela gerora.

Euskara ikasten ari da Uriarte, eta, zailtasunak zailtasun, Bilboko epaile dekanoak euskara hutsez egin du BERRIArekin izandako elkarrizketa.

Zer moduz daramazu pandemiarena?

Txarto. Egoera gehiegi aldatu da, eta nik neuk gauza askoren falta sumatzen dut. Gure bizitza aldatu egin da, eta oraindik ez gara jabetzen zenbateraino aldatuko den. Ni Athleticen zalea naiz, eta Sevillara [Espainiako Koparen finalera] joatekoa nintzen; noiz ikusiko dugu berriro futbol partida bat, zaleekin? Ez dakit. Pesimista naiz.

Justizian ere gauzak aldatuko ditu honek?

Bai. Justizia jauregi honetan, adibidez, bete-betean lanean ari ginenean, jende asko ibiltzen zen. Baina, alarma egoera amaitzen denean, gauzak ez dira berdin izango. Nire kezka nagusia dauztartu egin beharko dugula bete-betean aritze hori osasun arloko segurtasun neurriekin. Eta hori oso zaila izango da. Lan handia datorkigula uste dut.

Pandemiak zertan eragin du justiziaren funtzionamenduan?

Jarduera normala geldirik dago; larritasun handiko kontuak baino ez ditugu egin, [Espainiako] gobernuak hala eskatu duelako. Alarma egoera ezartzen zuen dekretuan, agindua horixe zen: dena gelditzea, auzi larriak izan ezik. Guardiako epaitegia, genero indarkeria auziak daramatzana, erregistro zibila, lehen instantziako auzitegi bat eta barneratze psikiatrikoak arautzen dituena baino ez daude lanean.

Lan arloan, berriz, auzi batzuk bideratzen ari dira; adibidez, segurtasun neurri gehiago eskatu dituzten langileenak eta abar, eta zigor arloan epaiketa batzuk egin dira, batez ere tartean behin-behineko presoren bat egon denean; kasu horretan, presoak badu aske gelditzeko aukera erruduntzat jotzen ez bada, eta, beraz, auzi hori ezin da gelditu.

Gainerako auzibide guztiak geldituta daude, beraz.

Bai, baina ez guk nahi dugulako, legeak hala agintzen duelako baizik, eta epaileok legeari jarraitu behar diogu.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak berretsi du arlo judizialeko jarduera guztiek etenda jarraituko dutela maiatzaren 24ra arte. Epe hori gaindituta, zuek ere egingo al duzue normaltasunera itzultzeko trantsiziorik?

Planak egiten ari gara, baina gauza askorik ez dakigu. Ezaguna den moduan, gobernuak lau fase ezarri ditu normaltasunera itzultzeko; justiziari dagokionez, berriz, inork ez du ezer esan oraindik [geroztik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aurkeztu ditu trantsiziorako lehen irizpideak]. Gauza batzuk normaltzen ari dira: nik jada hitzordua dut ile apaindegira joateko. Justizia, berriz, itxita dago oraindik. Ez da oso normala.

Zer ondorio du horrek?

Bilbon, 5.000 epaiketa bertan behera utzi ditugu: hori, zerbitzu publiko batentzat, ikaragarria da. Ekonomikoki ere larria da, profesionalek ez dutelako fakturatzen, baina, gainera, ez gara gure gizartearen arazoak konpontzen ari. Nik uste dut jende asko ez dela konturatzen justizia zein garrantzitsua den gure gizartearentzat.

Nola konponduko duzue hori lanera itzultzen zaretenean?

Pixkanaka-pixkanaka egin beharko dugu. Baina ekainean, eta hurrengo hilabeteetan ere, epaiketa gehiago daude programatuta. Gainera, seguru asko zenbait arlotan, lan arloan edo administrazioarekiko auzien arloan, auzibide uholdea izango dugu pandemiaren ondorioz. Oso kezkatuta nago: kolapso handia dugu, eta datozen hilabeteetan ere areagotu egingo da.

Etorriko diren auzibideen artean konfinamendua urratzeagatik jarritako salaketak egongo dira: 30.000 baino gehiago Hego Euskal Herrian, aste honetako datuen arabera.

Hala da. Administrazioarekiko auzien arloan diharduten lankideek badakite hortik lan handia etorriko dela, salaketa horietatik asko auzitara iritsiko direlako; salaketa horietako askotan zalantza egon daiteke isuna bidezkoa den ala ez, eta salatutakoak errekurtsoa jartzeko aukera izango du.

Salaketa jaso duten herritarrek ba al dute beren burua defendatzeko bidea, salaketa bidezkoa ez dela pentsatzen badute?

Bai. Administrazioarekiko auzien arloa, hain zuzen, administrazioa kontrolatzeko eta herritarren eskubideak babesteko dago. Seguru asko, errekurtso asko aurkeztuko dira, eta litekeena da horretan aritzen diren lankideek isun batzuk atzera botatzea. Administrazioarekiko auzibideetan horixe izaten da normalena: errekurtso batzuk onartzen dira, eta beste batzuk ez.

Sare sozialetan eta hedabideetan salaketak egon dira Poliziaren jardueraren inguruan. Zuek jaso duzue horrelako salaketarik?

Ez dakit, baina, horrelako salaketarik iritsiko balitz, zigor arloko lankideek aztertuko lituzkete, normala den bezala.

Konfinamendu garaiko beste kezka bat izan da indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen ingurukoa. Jite horretako salaketa gehiago jaso al duzue azken aste hauetan?

Ez, alderantziz, apur bat jaitsi dira salaketa horiek. Baina kezkatuta gaude, eta uste dut gainerako erakundeak ere bai, litekeena delako genero indarkeria pairatzen duten emakumeentzat zailagoa izatea salaketa jartzea konfinamenduaren ondorioz. Orain, konfinamenduaren neurriak apur bat laxatu dira, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.