Meral Simsek Dogan. Idazle kurdua

«Hil eta itsasora botako gintuztela pentsatu nuen»

Turkiak PKK-ko kide izateaz akusatu du idazlea. Hark argi du zein den bere aurkako jazarpenaren arrazoia: «Egia oihukatzen duzunean, jopuntu bilakatzen zara».

ORSOLA CASAGRANDE.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kide izateaz akusatu dute Meral Simsek Dogan idazle kurdua (Diyarbakir, 1981). Gaur, haren aurkako prozeduraren beste auzi saio bat egingo dute, Diyarbakirren. Fiskalak hamabost urteko kartzela zigorra eskatzen du. Auzitegian idazlearen aurka aurkeztutako frogak hauek dira: hark idatzitako liburuak eta PEN klubak saritu eta laster Comma Press etxeak argitaratuko duen ipuin bat.

Joan den ekainean, Meral Simsekek Greziara igarotzen saiatzea erabaki zuen. Bidaiatzea debekatua zuenez, aurrez jazarpen politikoaren biktima izandako milaka kazetarik, demokratikoki aukeratutako politikarik, sindikalistak... egindako bidea hartu zuen. Bestela ere zaila den bidaia amesgaizto bilakatu zen Greziako Poliziak idazlea atxilotu, jipoitu, eta sexu gehiegikeriak egin zizkionean, gero Turkiako agintarien esku uzteko.

Gaurko epaiketa baino lehen, BERRIAk Meral Simsekekin hitz egin du. «Diyarbakirren jaio nintzen, 1981ean. Bi seme-alaba ditut. Ahizpa zaharrena eta anaia galdu nituen Turkian, 1990eko urte nahasietan: [Kurdistanen] askatasunaren aldeko borrokan hil zituzten. Nire anaiak ez du oraindik hilobirik», dio idazleak.

Kurduen kausarekin oso konprometitutako familia batetik zatoz, eta oso gaztetatik ezagutu duzu tortura.

13 urte nituela atxilotu ninduten lehen aldiz. Deskarga elektrikoekin torturatu ninduten, eta makila batekin bortxatu. Nire anai-arrebak hitz egitera behartu nahi zituzten. Arazo asko jasan behar izan nituen torturatua izan eta gero. Idazteak lagundu zidan salatzen, ez bakarrik niri gertatutakoa, baita nire herriak, herri kurduak, egunero sufritzen duena ere. Eta, orduan, agintariak nire literatura lana PKK-ko kide nintzen frogatzat hartzen hasi ziren, eta erakunde terrorista baten aldeko propagandatzat jo zuten.

2020ko abenduaren 9an, polizia agenteak nire apartamentura sartu ziren gauaren erdian, eta atxilotu egin ninduten. Nire sariak eta ordenagailua bahitu zituzten, Malatyako Poliziaren terrorismoaren aurkako departamentura eraman ninduten, eta biluzarazi egin ninduten, arakatzeko. Ebakuntza bat egin berri zidaten. 1990eko hamarkadako torturen ondorioz, umetokia kendu behar izan zidaten, eta heste zati bat ere galdu nuen. Miatu behar ninduen poliziari esan nion ebakuntza bat egin berri zidatela, baina bagina arakatu zidan, berdin-berdin.

Urte horretako ekainaren amaieran, herrialdetik irtetea erabaki zenuen. Greziara joateko asmoa zenuen, baina gauzak ez ziren irten espero zenuen moduan.

Ekainaren 29an, Evros ibaia zeharkatu nuen Rojavako emakume batekin, Dicle Mohamedekin; ihesean zihoala topo egin nuen harekin. Orain badakit Dicle errefuxiatuentzako kanpaleku batean itxita dagoela, hemen, Turkian. Hamabi orduz goseak eta egarriak ibili ondoren, Greziako bi poliziak geldiarazi gintuzten. Amesgaizto baten amaiera zela iruditu zitzaidan, baina oso oker nengoen. PEN klubeko nire gutuna erakutsi nien poliziei, eta esan nien Turkiako jazarpenetik ihesi nindoala. Poliziek ez zuten begiratu ere egin papera, gu jotzen hasi ziren, eta furgoneta batera igotzera behartu gintuzten. Han biluzarazi eta miatu egin gintuzten, baita gure sexu organoak ere. Handik atera, eta beste ibilgailu batean sartu gintuzten. Autoaren barruan odol usain izugarria zegoen, eta odol arrastoak zeuden nonahi. Giza gernua eta gorotza zeuden alde guztietan. Uste nuen atxilotze gunera eramango gintuztela eta han abokatuek jasoko gintuztela. Pare bat alditan gelditu ginen, eta ohartu nintzen norbait turkieraz ari zela han. Jaitsi gintuzten, eta ikusi nuen uraren ertzean geundela. Aurpegia estalita zuten zaindariak zeuden gure inguruan. Hil eta itsasora botako gintuztela pentsatu nuen. Nire egoera azaltzen hasi nintzen turkieraz. Erregutzen hasi nintzen. Izugarrizko jipoia eman zidaten. Eta, gero, txalupa batera bota ninduten, Diclerekin batera. Han, aurre egin nien, eta uretara bota ninduten. Turkiako soldaduak ikusi nituen aurkako aldean. Dicle ere uretara jaurti zuten. Igeri egiten saiatu ginen. Diclek lurrera iristen lagundu zidan. Amore eman genuen militarren aurrean. Diclek ez zuen hitz egiten turkieraz. Haren egoera azaldu nien militarrei. Ipsalako mugako kontrolera eraman gintuzten. Han jakinarazi zidaten atxilotuta nengoela atzerrira bidaiatzeko debekua urratzeagatik, eta Edirneko espetxean sartu ninduten.

Astebeteren buruan, aske utzi zintuzten, baina astean hiru alditan sinatzera joateko baldintzarekin. Orain, epaiketa, eta zure lanak dira zure aurkako frogak...

Ez da harritzekoa nire aurka egitea. Legeak benetan ezertarako balio ez duen herrialde batean egia oihukatzen duzunean, jopuntu bilakatzen zara, halabeharrez.

Tamalez, nire literatura lan ia osoa erabiltzen ari dira nire aurka jotzeko. Jaso nituen sariak, sinadura saioak eta mintegiak... denak hartu dituzte elementu kriminaltzat. Ez dut ukatuko nire eta nire seme-alaben segurtasunak kezkatzen nauela. Nire seme-alabak seguru bizitzea nahi dut. Bi anai-arreba galdu nituen gerran. Idazle bat naiz, besterik ez. Nire artea egin nahi dut berriz, eta seme-alabak inguru seguru batean hazi. Hori da guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.