Albistea entzun

«Auzitegiak arazo bihurtu dira izurriaren aurkako politikan»

'Alarma egoera, osasuna: nork agintzen du?' itaunari erantzuten ahalegindu da Lasagabaster, aski kritiko: epidemian, osasun irizpideak lehenetsita, lege erantzun hobea eman zitekeela uste du.

ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2021eko irailak 28 - Bilbo

COVID-19a eta botere publikoak Euskadin: Espainiako auzitegien jurisprudentziari begirada jardunaldia antolatu zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitateak lehengo astean, Bilbon. Zuzenbideko katedradun Iñaki Lasagabasterrek (Gasteiz, 1953) eman zuen lehen hitzaldia, goiburu aski erakargarri batekin: Alarma egoera, osasuna: nork agintzen du?. Hego Euskal Herrian, oro har, COVID-19aren osasun krisian iraunkorra izan da izurria kontrolatzeko neurrien gaineko agintea zein erakundek duen argitzeko zailtasuna, eta auzitegietatik heldu diren ebazpen hainbatek are gehiago katramilatu dute, gainera, egoera. Eusko Jaurlaritzak izan ditu, batez ere, buruko minak alde horretatik, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak atzera bota baititu gobernu autonomikoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ebatzitako hainbat neurri. Lasagabasterren ustez, autonomien eskumenak ez dira aintzat hartu: «Ardura nagusiak autonomia erkidegoen esku egon behar zuen: osasuna eskumen autonomikoa da».

 

Autonomietan oro har, eta EAEn bereziki, osasun krisia bideratzeko egon den gaitasun faltaz hausnarketa egin duzu. Zer egin zitekeen?

Niretzat, arazo handiena auzitegietan egon da. Horren inguruan egin behar zen lege on bat onartu, eta horrekin arautu zer egin daitekeen: zer neurri har daitezkeen.

Erkidegoak lege propioak egiteaz ari zara. Eusko Legebiltzarrak, esaterako, onetsi du lege bat pandemien aurka...

Bai, baina aurtengo ekainean. Aragoin, adibidez, onartu zuten lege bat iazko urrian, edo azaroan. Lehenago egin behar zen berandu egin duguna.

Legearekin ere, Madrilera neurri irmoagoen eske jo izan du Jaurlaritzak: alarma egoera behar zela esaten ikusi genuen Urkullu lehendakaria. Zergatik?

Horren arrazoia EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak hartutako erabaki batzuetan dago: onartezinak diren neurri batzuk hartu ditu. Horien aldean, beste aukera batzuk egon zitezkeen, baina Eusko Jaurlaritzako lehendakariak erabaki zuen alarma egoera eskatzea. Planteamendu horrekin ez nago ados, pentsatzen baitut bidea zela auzitegien erabakien kontra helegiteak jartzea, edota lege bat onartzea propio izurriaren aurkako neurriak ebazteko. Eta Eusko Legebiltzarrak egin zuen legea, bai: baina berandu. Eta teknikoki aldatu egin beharko dugu laster, gure eskumenak babesteko.

Lege horrek, funtsean, egoerari behar bezala aurre egiteko baliabiderik ez duela ematen diote hainbat adituk. Balio al du edukierez eta ordutegiez aparteko neurriak hartzeko?

Nik uste dut posible dela beste murrizketa batzuk ere onartzea. Oraintxe, adibidez, Galizian osasun ziurtagiria erabiltzen hastea erabaki dute; nik ez dakit neurri ona den, baina horrelako neurriak hartzea posible da. Hor izango dugun arazo bat beharbada izango da zentralizazio prozesu bat gertatuko dela: esan dezakete neurri batzuk Madrilen hartu behar direla, berdinak izan behar dutela toki guztietan, eta gobernu zentralak eskuduntzak izan behar dituela horretarako. Alegia, litekeena da Espainiako Gobernuak lege bat egitea, eta erkidegoak behartzea horren bidez berak esaten duena betetzera. Niretzat hori kezkagarria da; nahi ez dugun toki batera eraman gaitzake.

Lege propioen garrantziaz ari zara. Eusko Legebiltzarrean onetsitakoa, eraginkorragoa izate aldera, nola findu daiteke?

Nire ustez, ez luke hain lotuta egon behar alarma egoera bati lotutako aukerekin; uste dut ez dela ona. Niretzat aproposagoa litzateke osasun gaietan bakarrik pentsatuta egitea. Gero ikusi beharko da zer bide egiten duen legeak. Orain arte lauzpabost dekretu onartu dira legea onetsi zenetik; oraindik ez daukat ikuspegi bat landuta horren inguruan. Baina, tira, hortxe ikusi da: dekretuetako baten aurka egin dute dagoeneko auzitegiek. Hain zuzen ere, hortxe dago futbol estadioetarako ezarritako edukiera mugaren harira emandako ebazpena; bertan behera utzi du dekretuak esaten duena, nahiz eta legea hor egon. Uste dut azkenean auzitegiak arazo bat bihurtu direla pandemiaren aurkako politika egiteko.

Bai, eta ulertzen zaila da. Jardunaldian aztertu zenuten EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eta Nafarroakoak zer ebazpen klase hartu dituzten gai honetan, eta kontrajarriak izan dira. Halako arazoak saiheste aldera, nondik edan behar dute erkidegoek izurri bati erantzuteko?

Estatuan, hortxe dago 3/1986 lege organikoa, osasun publikoari buruzkoa, eta horrek esaten du «behar diren neurriak» hartu behar direla. Horren harira, Espainiako Auzitegi Gorenak berak esan du orain arte hartutako neurri guztiak onartu dituela, eta, gainera, esan du posible dela horiek hartzea. Hori hala bada, hemen ere badugu horiek hartzeko era....

Horiek horrela, irmoago jokatu behar zen zenbait ebazpenen inguruan? Helegiteak jarriz?

Beharbada, bai. Valentzian eta Balear uharteetan, adibidez, helegiteak planteatu dituzte Auzitegi Gorenean, eta onartu egin dizkiete, eta kasu horietan Gorenak zuzendu egin ditu auzitegi nagusiek emandako ebazpenak: jurisprudentzia jarri du. Baina Eusko Jaurlaritzak ez du hori egin. Nik uste dut egin behar lukeela, baina ez du egin. Ez dakit zergatik, ez dut ondo ulertzen.

Alarma egoera bide egokia izan ote den izurriari erantzuteko. Kritikak eragin ditu, eta kritikoa zara zu ere erabilera horrekin...

Pandemia osasun arazoa da; alarma egoera ez da beharrezkoa horren kontra aritzeko. Auzitegi Gorenak ere hori esan du: etxeratze agindua bera, esaterako, eta antzeko beste hainbat neurri, osasun arloko legeekin har daitezke. Alarma egoeraren arauak ordena publikoko arazoetan aplikatu behar dira. Adibidez, orain Kanaria uharteetan sumendia dela-eta jendea etxetik ateratzeko eta beste neurri batzuk hartzeko, ez dute alarma edo salbuespen egoerarik erabili; babes zibilaren arloko arauak erabili dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Patera bat, Kanariar Uharteetan. / ©Javier Fuentes Figueroa, EFE

Atxondon bizi den familia bateko zazpi ahaide hil dira Europara iritsi nahian

Jon Ordoñez Garmendia

Asteazkenerako bilkura batera deitu dute, 19:00etarako, euren senideak galdu dituzten hiru atxondarrei elkartasuna adierazteko, Anboto.org-k jakinarazi duenez.

Astebetean 939 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Astebetean 939 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Arantxa Iraola

COVID-19ak jotako 97 pertsona daude erietxeetan, horietako 31 ZIUetan; astebetean zortzi gaixo hil direla jakinarazi du Osakidetzak.

Hetelek emandako prentsaurrekoa, gaur goizean, Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxeek Lanbide Heziketa inklusiboa lortzeko itun bat eskatu dute

Irati Urdalleta Lete

Hetel elkarteak nabarmendu duenez, Oinarrizko lanbide Heziketa «aukera eskola bat» da, besteak beste, hezkuntzan arazoak dituzten gazteei edo migratzaileei laguntzen dielako.

Beste sarekada batean haur pornografiarekin lotuta atzemandakoa informatika materiala ©HANS KLAUS TECHT, EFE

Hiru gizon atxilotu dituzte Donostian, Urretxun eta Lazkaon haur pornografiagatik

Berria

Haur pornografia izatea eta Interneten zabaltzea leporatzen diete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna