Maite Asensio Lozano.
ANALISIA

Ehungarrena

2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Iazko azaroaren 25aren bueltan, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren ingurumarietan, abiatu zuen BERRIAk gaiari buruzko webgune berezia. Bertan ageri dira 2003tik bortizkeria molde horren ondorioz hildako emakumeen eta haurren inguruko datuak, mapa batean kokatuta. 98 andre ziren orduan, eta 11 adingabe. Lantaldeak bazekien zenbaki horiek mugitu egingo zirela lehenago edo geroago, eta ehungarren biktima hilabete gutxira iritsiko zela. Ez da ohikoa izaten, baina Euskal Herriak urte erdi baino gehiago egin du hilketa matxistarik gabe. Zortzi egunean, baina, bi andrazko hil dituzte; biak Lapurdin, biak tiroz, eta bien senarrek bere burua hil dute gero.

Eta biak ziren adinekoak. 81 urte zituen Mayie Nervik, joan den astelehenean Urruñan hildako emazteak, eta 72 zituen Chantal Joantegik, atzo Bardozen hildakoak. 2003tik, 70 urtetik gorako beste hamabi andre hil dituzte. Asaldura gutxiago eragiten dute hilketa horiek; nolabait ere, gaixo egoteagatik edo bizitzaren amaiera hurbilago izateagatik malko gutxiago mereziko balute bezala. Eta oharkabean joaten dira haien izen-abizenak, bizitzak eta sufrimenduak.

Besteak beste, adinak dakartzan berariazko arrisku faktoreak dauzkate emakume horiek, eta horietako bat da bizitzea tokatu zaien garaia: zer irakatsi dieten eta zer barneratu duten. Bikote harremanari eutsi egin behar diotela, senarraren tratu txarrak ez direla hainbesterako, edo banatuz gero ea nola biziko diren eurak bakarrik; halakoak luzaroan entzun izan dituzte andre edadetuek, eta askok ez dute izan argudiooi aurre egiteko tresnarik. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak atzo adierazi zuen Bardozeko bikotea «arazorik gabea» zela; bada, normaltasuna susmagarria da egoera batzuetan: indarkeriaz bizitzea naturalizatuta daukanarentzat, indarkeria normala da, eta normaltasuna indarkeria da.

Indarkeria matxista bizitzaren eremu guztietan dago; adin guztietan pairatzen dute andreek eta neskek, edozein klasetakoak direla, edozein ikasketa maila edo lanbide dutela. Abagune batzuetan hain dago naturalizatuta, hain da sotila, ezen zaila baita ohartzea, beranduegi den arte. Baina hor dago.

Dora Angulo da BERRIAren mapako lehen zauria; 2003ko apirilean hil zuten, Antsoainen (Nafarroa), eta orduan bortxa matxistaren aurkako diskurtsoa ez zegoen egun bezain irmo. Hamasei urteotan, mugimendu feministak diskurtso eta jardun erradikalei esker lortu du bere ikuspegia gizarteratzea. Oraingo olatu feministak urrats kuantitatiboak ekarri ditu, eta agerian utzi du pauso kualitatiboen falta: labankada, zaplaztekoa, ukitua, iraina, baztertzea dakartzaten jarrera eta jokabideak identifikatzeko gaitasuna ere zabaltzea, eta horiei aurre egiteko indarra biltzea.

Emakume bat hil dute Bardozen, astebetean eraildako bigarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.