Albistea entzun

Amaia Mayor eta Esther Saavedra. Ordezkari sindikalak Osakidetzan

«Pandemia aitzakia perfektua da osasungintza publikoa desegiteko»

Sindikatuek ohartarazi dute Osakidetza egoera larrian dagoela eta okerrera doala, eta beharrezko jo dituzte gaurko eta asteleheneko greba deialdiak. Langile faltaz mintzatu dira SATSEko eta ELAko kideak, eta planifikaziorik eza egotzi diote Jaurlaritzari.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko otsailak 25 - Bilbo

Protesta egunak dituzte Osakidetzan: SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba dute gaur lehen mailako arretan, eta astelehenean, berriz, osasun sistema publiko osoan; bihar, gainera, manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian, eguerdian. Lan baldintza kaskarrez eta Eusko Jaurlaritzaren «borondate politiko eskasaz» kexu dira SATSEko Amaia Mayor (Bilbo, 1973) eta ELAko Esther Saavedra (Amurrio, Araba, 1978), eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak: «Hau ez da lan gatazka soil bat; gatazka sozial bat da».

Gotzone Sagardui sailburuak hainbatetan esan du ez dela grebarako garai egokia Osakidetzan. Zergatik diozue baietz?

AMAIA MAYOR: Mobilizatzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Hala ere, greba ez da izan gure lehen pausoa: aurretik elkarretaratzeak eta manifestazioak egin ditugu, eta saiatu gara Osakidetzarekin hitz egiten, baina ez dugu ikusi negoziatzeko borondaterik. Mahai sektorialera ez dute mamirik ekartzen, langileen kezkak ez dituzte kontuan hartzen. Pandemia aitzakiatzat jarri dute, baina orain, egoera hobera doala dioten arren, ez dago inolako mugimendurik arazoak konpontzeko. Ez dugu beste aukerarik.

ESTHER SAAVEDRA: Osakidetzaren egoera bereziki larria da lehen arretan; gogoratu behar dugu 2019an hiru greba egin genituela. Ordutik egoerak okerrera egin du, eta Osasun Sailak aukera izan du konponbideak martxan jartzeko: pandemiak ez du zertan oztopo izan egiturazko arazoak konpontzeko. Batzuetan, Osakidetzako arduradunek hitz egiten dute kanpoko eragile bat balira bezala, baina egungo egoera euren erabaki politikoen ondorioa da: aurrezteko irizpideekin kudeatzen dute osasungintza publikoa. Hau ez da fenomeno meteorologiko bat: haien ardura da.

MAYOR: Arazoak konpontzeko, gurekin hitz egin behar dute, negoziazioa oinarrizko eskubide bat baita: agian ez dute nahi, baina negoziatzeko betebeharra dute.

Mahai sektorialetik alde egin duzue. Hordago bat izan da?

SAAVEDRA: Planto bat izan da. Mahaian behin eta berriz salatu dugu ez dagoela negoziaziorik, eta edukiak inposatzen dituztela. Euskara plana, adibidez: ekartzen dute testu itxi bat, ematen dizkizute hamar egun alegazioak egiteko, eta Osakidetzako zuzendaritzak erabakitzen du zein onartu eta zein ez; hori da negoziazio guztia. Eta horrela, gai guztiekin.

MAYOR: Mahaian ez da negoziatzen, eta adostutakoa ere ez da betetzen. Baina jarrera eta formak ere ez dira egokiak.

SAAVEDRA: Garapen profesionalarekin gertatu dena bereziki larria da. Berez, soldata osagarri bat da, Osakidetzan egindako bide profesionala saritzeko. 2011n eten egin zuten, hau da, soldatan murrizketa bat aplikatu zuten, eta oraindik mantentzen da. Iazko uztailean Osakidetzak akordio bat lortu zuen mahai sektorialean garapen profesionala berreskuratzeko —ELAk eta SATSEk ez genuen babestu—, baina hura gauzatzeko, abenduan argitaratu behar zen deialdia oraindik ez dute egin. Nahiko esanguratsua da.

MAYOR: 2012an gaia auzitara eraman genuen, eta 2018an epaileak arrazoia eman zigun: atzerapenak ere ordaindu behar dituzte. Izan ere, garapen profesionala eten zenean, langileen parte bati bakarrik eragin zion, baina orain, hainbeste urte pasatu direnez, langile guztiei eragiten die.

Sindikatu asko batu zarete grebara, baina kanpoan geratu da Medikuen Sindikatua. Zergatik?

SAAVEDRA: Ez da guregatik izan. Intersindikala aktibatu genuenean, gonbidatu genituen, uste genuelako inportantea zela denok elkarrekin ibilbide komun bat egitea, baina ezezkoa jaso genuen, esparru horretan ez zutelako ikusten lan egiteko aukerarik. Guretzat oso larria da haiek ez egotea. Argi dugu Osakidetzak ondo funtzionatzeko talde lana indartu behar dela, eta kategoria guztiek dutela garrantzia, elkarren beharra dutelako.

Jaurlaritzak dio Osakidetzan izan diren arazoak pandemiako gainkargaren ondorio direla. Zuek diozue egiturazkoak direla. Zein dira arazo horiek?

SAAVEDRA: Hiru zutabe daude. Lehena, inbertsio publiko falta: diru gehiago behar dugu osasungintza publikoan kalitatezko zerbitzua emateko eta lan baldintzak egokiak izateko; Europako Batasunaren batezbestekoa BPGaren %7 da, eta hemen %4,9koa da. Bigarrena, lan baldintza txarrak: murrizketak egin dira azken hamar urteetan eta mantentzen ari dira, erosahalmena %15etik gora galdu dugu... Osakidetzak kontratatzeko eta ordaintzeko erabiltzen duen irizpidea ekonomikoa da. Eta hirugarrena: behin-behinekotasuna oso arazo larria da.

Behin-behinekotasunaren inguruko datuetan dantza handia dago. Zenbatekoa da zehazki?

SAAVEDRA: 2021eko otsailean Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako datuen arabera, behin-behineko 24.600 langile zeuden orduan Osakidetzan: %58; eta ia 9.000k zeukaten zortzi urtetik gorako antzinatasuna. Langile horiek egonkortu behar dira, haiek eramaten baitute aurrera egunero zerbitzua.

MAYOR: Arazo handia dugu langile faltarekin eta prekaritatearekin. Baina, horrez gain, badago enplegu ezkutua deitzen dioguna ere: Osakidetzan langile asko daude egiturazko funtzioak betetzen, urte asko egiten dituzte lanean normal, baina euren lanpostuek ez dute koderik, hau da, ofizialki postu horiek ez dira existitzen eskaintza publiko batera eramateko.

SAAVEDRA: Beti esaten digute egoera koiunturala dela, lan jakin batzuekin lotuta... Baina lanpostuak egonkorrak dira, eta lan estrukturala ateratzen dute: horiek gabe Osakidetzak ez luke normal funtzionatuko. Gure zenbakien arabera, 3.000 edo 3.500 langile daude hala. Eta horiek guztiak lanean arituta ere, ez dira nahikoak: guk diogu plantilla handitu egin behar dela; guztira, 5.000 postu berri inguru.

MAYOR: Izan ere, plantilla faltaren ondorioz, eguneroko lanean gainkarga handia pairatzen dute langileek: batez ere lehen arretan, leku batetik bestera joan behar dute, hutsuneak ez dira betetzen, denbora gutxirekin egiten dute lan, kontratu oso motzak dituzte... Horri gehitzen bazaio lan baldintzak ez direla onak eta garapen profesionalerako aukerarik ez dagoela, langile askok erabakitzen dute alde egitea, alor pribatura edo atzerrira.

Aipatu izan duzue langile batzuk egoten direla aste bat leku batean eta hurrengoan beste batean. Hori hala da?

SAAVEDRA: Bai. Gogoan dut emakume gazte baten bizitza laborala: hiru urtean 200 kontratu izan zituen. Behin-behinekotasunaren datuen atzean izugarrizko prekaritatea dago. Mediku espezialista batzuek egonkortasun handiagoa dute, baina gainerako kategoriak hala dabiltza, lehen arretako medikuak barne: batzuek kontratua daukate ESI batean, eta ESI horren barruan edonon lan egin dezaketenez, egun batean osasun etxe batean daude, eta hurrengoan beste batean.

MAYOR: Eta lekua ez ezik, ordutegia ere aldatzen diete, astero. Eta hala, ez dute oporrak hartzeko eskubiderik, edo udatik kanpo hartu behar dituzte, eta pandemiarekin, ezta hori ere. Baldintza horietan oso zaila da lana eta familia bateratzea, eta kontuan hartu behar dugu Osakidetzako langile gehienak emakumeak garela.

SAAVEDRA: Beste adibide bat: emakume bat, medikua lehen arretan, oso gaztea, baina jada nazkatu da eta larrialdietara joan da; alaba txiki bat dauka, eta udan soldatarik gabeko baimen bat eskatu behar izan zuen, kontratuak kateatuta ez zuelako oporretarako eskubiderik. Hiru urtean 200 kontratu izan zituen beste emakumeak ez zuen oporrik izan epe horretan: lehertuta amaitu zuen, baja hartu behar izan zuen. Langile batzuk behin-behineko izanda erretiratzen ari dira; hori pasatzen ari da, eta ez da kasu bat edo bi. Eta horrek guztiak eragina du zerbitzua ematen denean: egun bakoitzean toki batean banago, ez dut esperientziarik pilatuko.

MAYOR: Eta erabiltzaileek ere nabaritzen dute: kontsultara doazen bakoitzean pertsona diferente bat topatzen dute, eta langileak oso profesionalak izan arren, eragina du kalitatezko arretan. Gainera, zentroak ere ixten ari dira: mahai sektorialean esaten digute langilerik ez dagoenez osasun etxeetako ordutegiak murriztuko dituztela, eta aste batetik bestera jakinaraziko dutela zer zentro egongo den zabalik. Esaten dugunean egoera okerrera doala, horretaz ari gara. Orain arte, osasun etxea itxita zegoenerako, etengabeko arreta zentroak egon dira, baina horiek ere ixten ari dira; beraz, denak joango gara larrialdietara kontu normaletarako?

Salatu izan duzue erretiroekin ez dela izan planifikaziorik. Langileak faltako dira?

SAAVEDRA: Langileak falta dira jada: garai hori iritsi da. Eta bazekiten iritsi behar zela: guk orain hamar urte ohartarazi genien. Urtero mila jubilazio inguru ditugu Osakidetzan. Etengabe entzuten dugu ez dagoela langilerik, baina ez dago plangintzarik eskasia horri aurre egiteko. Ez dago medikurik, eta ados, ez da erraza mediku bat trebatzea, baina administraririk ere ez dago? Badaude, baina ez dago baldintza duinik, eta langileek ez dute nahi Osakidetzak eskaintzen diena. Azken batean, pandemia eta langile falta aitzakia perfektua izaten ari dira osasungintza publikoa desegiteko, eta tiraderan zeuden planak martxan jartzeko: eredu berri baterantz goaz, non arreta eskasagoa emango den, non seguruenik erizainek eta gainerako kategoriek beste ardura batzuk hartu beharko dituzten mediku faltagatik, eta hori askoz merkeagoa izango da Osasun Sailarentzat.

MAYOR: Guk eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari langileen aldeko apustu irmoa egiteko: ez gara gastu bat, baizik eta inbertsio bat. Askotan iragartzen dituzte baliabide materialak, makinak, unitate berriak... Baina herritarrak artatzeko eta tresnak erabiltzeko langileak behar ditugu, eta langile horiek egon behar dute ondo, kalitatezko arreta emateko. Osakidetzak gure lan baldintzak zaindu behar ditu, hemen lan egitea erakargarria izateko. Osasungintza publikoa altxor bat da gizartearentzat; beti egon gara harro, eta orain? Suntsitzen ari gara. Ezin gara geratu ezer egin gabe. Egoera oso larria da; horregatik ari gara mobilizatzen.

Lan eskaintza publikoak egiten ari da Osasun Saila, lanpostu askotakoak, baina zuek diozue ez dela nahikoa. Legez eskuak lotuak ditu Jaurlaritzak?

MAYOR: Orain arte, lanpostu hutsen betetze tasaren muga egon da, baina orain enplegua egonkortzeko legea onartu du Espainiako Gobernuak. Ikusiko dugu zenbat lanpostu sortzen dituzten.

SAAVEDRA: Lanpostu hutsen betetze tasa ere aitzakia ona izan da nahi izan dutena egiteko. Horretaz hitz egiten dute kanpoko eragile bat balira bezala, berriro, baina Madrildik etorritako erabaki askok hemengo alderdien babesa izan dute: EAJk aurrekontu legeak babestu izan ditu, eta beste gai batzuk jarri ditu mahai gainean boto horien truke, baina Osakidetza ez da inoiz lehentasun izan.

Pandemian gertatutakoak nolabaiteko haustura bat ekarri du?

SAAVEDRA: Nik uste dut azkenean gizartea konturatu dela nolako egoera genuen Osakidetzan. Eta langileak ere ohartu dira zer datorren, batez ere lehen arretan; askorentzat bokazioa oso inportantea izan da lana aurrera ateratzeko, baina orain ikusi dute Osasun Sailari bost axola zaiola. Izan ere, arazoa ez da pandemia soilik, baizik eta eredua: helburua da joatea minimoen arreta batera.

MAYOR: Bai, herritarrek nabaritzen dute nola kostatzen zaien osasun sistemara sartzea, nolako arreta jasotzen duten, langile gutxi daudela, ez dutela astirik... Horregatik diogu minimoen arreta dela: gutxieneko zerbitzuetan gaude. Gauza asko daude Osakidetzan konpontzeko: epe ertainera zeozer egin beharko du zuzendaritzak. Bestela, lan baldintzak gero eta okerragoak badira, langileek alde egiten badute, eta arduradun politikoek ez badute ezer egiten, nork lan egingo du osasungintza publikoan?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Santurtzin hilik topatutako adingabe baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza

Jon O. Urain

Ostiralean zerraldo topatu zuten senideek. Ertzaintzak baieztatu du gorpuak kolpeak zituela eta litekeena dela horien ondorioz hil izana
 ©Andoni Lubaki / Foku

Suak zerua ilundu zuenekoa

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Suteek hagitz gogor jo dute Nafarroa, eta 14.500 hektarea inguru utzi dituzte kiskalita. San Martin Unx da suak inguratutako herrietako bat. Etxerik ez dute galdu, baina izua bazter uztea ez da erraza izaten ari herriko biztanleentzat. Suhiltzaileek, berriz, baliabiderik eza salatu dute.

Eva Isturiz, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria, Iruñeko Sarasate pasealekuan. ©Idoia Zabaleta, FOKU

«Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua»

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza

Festetako sexu erasoen kontrako aurtengo kanpaina aurkeztu du berriki Nafarroako Berdintasun Institutuak, Berridatz ditzagun jaiak lelopean. Erasoen gaineko aurreiritziak hautsi beharra nabarmendu du erakunde horretako zuzendari Eva Isturizek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...