Tammy Pustilnick. Txileko Harmonizazio batzordeko koordinatzailea

«Oinarrizko eskubideen katalogo berri bat osatu dugu»

Pustilnickek esan du Txileko Konstituzio berriaren zirriborroak gizartearen eskaerei erantzuten diela, eta eskubide sozialetan eta berdintasunean jarri du arreta, baita jatorrizko herrien aitortzan ere

BERRIA.
jon ordonez garmendia
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Txileko konstituzio berriaren zirriborroa amaitu berri du Tammy Pustilnickek, beste 153 konstituziogileekin batera. Abokatua da, eta giza eskubideetan eta genero gaietan aditua. Orain, zirriborroaren artikuluak uztartu eta testuari koherentzia emango dion Harmonizazio batzordeko koordinatzailea da, Daniel Bravorekin batera. Atzo hasi ziren lan horretan ariko diren 70 konstituziogileak, Calaman. Idatziz erantzun ditu BERRIAren galderak.

Zirriborroak kutsu feminista argia du. Zer artikulu nabarmenduko zenituzke zuk?

Giza eskubideen eta generoaren alorrean garrantzitsuak diren neurri asko daude, baina guztien artean genero berdintasun substantiboa konstituzionalki babesten duen artikulua nabarmenduko nuke; estatuaren organoetan eta gizarte zibila antolatzeko eremuetan tratu eta baldintza berak bermatzen dizkie emakume, haur eta dibertsitate eta disidentzia sexu-generikoei.

Beste bi ere bai. Batetik, demokrazia parekidearen artikulua: emakumeek, gizonek, dibertsitate eta disidentzia sexu-generikoek berdintasunean parte hartuko duten estatu bat aldarrikatu eta bultzatzen du. Bestetik, aitortzen duena prozesu demokratikoan pertsona multzo horiek ondo ordezkatzea printzipio eta gutxieneko baldintza bat dela demokrazia osorako eta herritartasunerako.

Azkenik, garrantzitsua iruditzen zait zaintzari buruzko artikulua, zeinak jasotzen duen pertsona guztiek dutela zainduak izateko eta beren burua zaintzeko eskubidea, jaiotzen direnetik hiltzen diren arte. Gainera, zaintza hori duina izan dadin eta berdintasunean eta ardurak partekatuz egin dadin baliabideak eskaintzera behartzen du estatua.

Harmonizazio batzordeko koordinatzailea zara. Zirriborroari koherentzia emateaz gain, ulertzeko modukoa izatea ere badagokizue, irailaren 4ko plebiszituan ahalik eta babes handiena izan dezan. Ez dizu beldurrik ematen testua formala izateak babes hori ahultzea?

Ez. Baina egia da zirriborroaren komunikazioa eta sustapena ezinbestekoa izango dela ulertezintasuna ahalik eta gehien murrizteko; konstituzio baterako beste edozein proiektuk bezala, honek ere izango ditu atal teknikoak.

Hamar hilabete baino gehiagoz aritu zarete artikuluak pentsatzen eta bozkatzen. Zer iruditu zaizu prozesu hori?

Egokia. Desberdintasunen aurrean, gogoeta lehenetsi da, elkar entzuteko, ulertzeko eta babesteko asmoa, Gizartearen beharrei erantzuten dien konstituzio proiektu bat osatzeko. Garbi dago hainbat gauza hobetu zitezkeela, baina nire kide konstituziogileok eta beren lan taldeek duten guztia eman dute prozesuaren etapa bakoitzean.

Testu guztia aintzat hartuta, zeintzuk dira gakoak?

Nire ustez, gako nagusia da oinarrizko eskubideen katalogo berri bat osatu dugula. Horrek aukera emango du hainbat gai modu egokian lantzeko: sexu eta ugalketa eskubideak, sexu hezkuntza integrala, hezkuntzarako eskubidea, osasunerako eskubidea, indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea eta zaintzarako eskubidea, besteak beste. Gure historian paradigma aldaketa bat ekarriko du horrek, oraingo gizarteari eta bere beharrei erantzuteko.

Gainera, nabarmenduko nuke organo parekide batek egin duela konstituzioa, jatorrizko herriak barruan hartuz, gizarte zibilaren parte hartze handiarekin.

Zer artikuluk erantzuten diete gizartearen eskaera handiei?

Nire ustez, honako hau dioenak: «Txile estatu erregionala, plurinazionala eta interkulturala da, lurralde autonomoek berdintasunean eta elkartasunean osatzen dutena, estatuaren batasuna eta osotasuna gordez». Agindu horrek estatuaren izaera berria ezartzen du, deszentralizazioarekin loturiko eskaerei erantzunez, jatorrizko herriak aitortzen dituen aldi berean.

Estatuak ura eta ziklo hidrologikoa babestu behar duela dioen artikulua ere azpimarratuko nuke, zeinak gaineratzen duen ura ezinbestekoa dela bizitzarako, giza eskubideetarako eta naturarako. Baita mineralen ustiaketa arautzen duena ere: ustiaketek epemuga bat izango dutela dio, ez direla luzatuko, eta belaunaldien arteko interes orokorra eta ingurumenaren babesa lehenesten ditu.

Ba al dago hutsunerik?

Niretzat ez da egokia hutsuneez hitz egitea. Ordenamendu juridiko guztietan oinarrizko arau bat da konstituzioa, eta legeak behar ditu, hor jasotzen dena arautzeko. Konstituzioak alor orokorrenak jasotzen ditu, eta legegileak horiek izan behar ditu oinarri.

Eskuina jada kanpaina egiten ari dela dirudi. Zer espero duzu hurrengo hilabeteetan?

Konstituzio berri batek izan behar duen tamainako kanpaina espero dut, egian oinarritua eta maltzurkeria ideologikorik gabea. Guztiek xehetasunak ezagutzea nahi nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.