Stella Maris Molina. Ongi Bizitzearen Aldeko Mugimenduko kidea

«Arrazarekin lotutako praktika kolonialista bat da 'chineo'-a»

Molinak azaldu du Latinoamerikan «zapaltzaileek inposatutako praktika bat» dela 'chineo' delakoa, eta gizon xuriei modua ematen diela neskak taldean bortxatzeko, «erritu iniziatiko gisa».

CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Bada bolada bat Ongi Bizitzearen Aldeko Emakumezko eta Askotariko Indigenen Mugimenduak chineo delakoa abolitzeko kanpaina bat abiatu zuela: #AboliciónDelChineo. Chineo-a zera da, kreoleek, hau da, jatorri europarra izanik Latinoamerikako herrialde batean jaiotakoek neskatxa indigenak bortxatzea. Hitz hori kolonizazio garaitik dator, espainiarrek chinita (txinatartxo) deitzen baitzieten emakume indigenei, begi urratuak zituztelako.

Salta probintzia Argentina iparraldean dago, eta hark ditu, Jujuyrekin batera, herrialdeko feminizidio, bortxaketa, abusu eta nerabeen suizidio tasarik handienak biztanleko. Aurtengo maiatzean, 250 emakume elkartu ziren Chicoana herrian: 36 nazio indigenetako ordezkariak ziren, eta Ongi Bizitzearen Aldeko Emakumezko eta Askotariko Indigenen III. Batzar Plurinazionala egin zuten. Hartan, agenda bateratu bat zehaztu zuten.

Stella Maris Molina kolla komunitateko kidea da, Iruya herrikoa —Jujuy eta Saltaren arteko mugan dago—; Ongi Bizitzearen Aldeko Mugimenduko partaidea ere bada, eta herrialdean barna dabil, chineo-aren kontrako kanpainaren berri ematen.

Hauek dira kanpaina horren helburuetako batzuk: chineo-a amaitu dadila eskatzea; gorroto krimentzat har dezaten lortzea; preskribatu ezinezkoa izatea; eta indigenen lurraldeetan diharduten eta chineo-aren konplize diren erakundeek, gizarte zibileko antolakundeek eta erlijio taldeek beren gain hartzea dagokien erantzukizun zibil eta penala.

Zer da chineo delakoa?

Duela zenbait mendetatik honat, nolabaiteko botere sozial eta ekonomikoa duten gizon xuriek, kreoleek, neskatxak bortxatzea. Horixe da chineo-a. Taldean bortxatzen dituzte, erritu iniziatiko gisa. Zenbaitek erraten dute praktika kultural bat dela, baina ez da hala, bertzeak bertze chineo hitz kreolea baita, eta ez indigena, eta talde boteredun horien praktika bat izendatzeko balio baitu.

Gainera, nabarmentzen duzue praktika hori kolonialista dela.

Praktika kolonialista bat da, arrazari lotua, eta ez da komunitate indigenan sortu; are, inbaditzailearen praktika bat da, zapaltzailearena. Konkistatzaileak honat ailegatu zirenean, bortxaketak eta hilketak egin zituzten, eta antzinako hizkuntza eta kultura guziak debekatu. Beraz, ez da gure kulturako praktika bat, zapaltzaileek inposatutakoa baizik, eta horregatik du halako kutsu arrazista, misogino eta genozida.

Zer eragin du praktika horrek komunitateetan?

Eragin lazgarria du, bortxatutako neskatxa anitz haurdun gelditzen baitira. Neska gazte anitz dira ama, baina haurdun horietako anitz ez dira erditzen, haien gorputza ez baita behar bezala prestatua, eta haurdun daudela hiltzen dira. 10 eta 16 urte arteko neskak izaten dira, eta hainbat gabezia izaten dituzte: ez dute janari aski, pobre bizi dira...

Hauxe da funtsezko bertze auzia: emakume indigenek ia ez dute justiziarako sarbiderik, eta, beraz, zenbaitetan, ez da salaketarik paratzen, edo kreoleek mehatxu egiten diete komunitateei.

Noiz hasi zen erabiltzen chineo hitza?

Argentina iparraldean betidanik erabili izan da. Hagitz ohikoa da kreoleek «chineo-ra goaz» erratea: errotua dago kreoleen hizkeran. Nolanahi ere, salaketen edo Ongi Bizitzearen Aldeko Mugimenduak 2020an abiatutako kanpainaren bidez ikusgaitasuna ematean hasi zen jendea praktika hori basakeriatzat hartzen. Gainera, wichi herriko zenbait aktibistak bortz edo sei urte daramatzate gai horri buruz solasean.

Zer egin zenuten Emakumezko eta Askotariko Indigenen III. Batzar Plurinazionalean?

Agenda bat zehaztu genuen, eta ultimatum bat bidali genion estatuari, gure eskaerak hamar puntutan bilduta. Gainera, hagitz garrantzitsua izan zen beren bizipenak kontatu zituzten emakumeen ahotsa entzutea, bai eta eskualdeetan praktika horri buruz zer iritzi duten jakitea ere.

Horregatik da hain garrantzitsua chineo-a hizpidera ekartzea eta berekin dakarren gorroto eta arrazakeria kutsu hori ikusaraztea. Zenbait feminista xurik uste dute hitz horrek nolabaiteko estigma ezartzen duela, baina, hala izanik ere, modua ematen du adierazteko praktika hori ez dela taldeko bortxaketa bat bakarrik, eta lehen aipatu ditudan ezaugarriak dituela.

Zertan datza chineo-a abolitzeko abiatu duzuen #AboliciónDelChineo kanpaina?

Kanpainaren funtsa zera da, praktika gaitzesgarri hori haurren kontrako gorroto delitu gisa ikusaraztea. Lurralde guzietan aboli dezatela eskatzen dugu, bai baitakigu Latinoamerika osoan egiten direla halakoak, nahiz eta bertzelako izenak izan.

Estatuak nola erantzun die eskaera horiei?

Zenbait kidek gure eskaerak laburbiltzen dituzten hamar puntuak leitu zizkieten zerrenda jasoa zuten funtzionarioei, baina ez zen deus ere adostu. Estatua ez ikusia egiten ari da: are, ez gara autoritateekin bildu, baizik eta erabakitzeko eta erantzun zehatzak emateko ahalik ez duen jendearekin. Hala izan da estatuarekin. Isiltasuna da nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.