Albistea entzun

Cristina Guntin. Eibar errugbi taldeko entrenatzailea

«Finalerdietara iritsi nahi dugu gutxienez»

Eibarrek etzi ekingo dio denboraldiari, Madrilgo Sanse Scrumen zelaian. Talde «txikia eta dinamikoa» dutela nabarmendu du Cristina Guntin entrenatzaileak.
ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2021eko irailak 30

Zazpigarren denboraldiz zuzenduko du Cristina Guntinek (Vigo, Galizia, 1979) emakumezkoen Eibar errugbi taldea. Hamalau jardunaldiko liga batean talde «luzea» izatea «ezinbestekoa» dela iritzi dio, eta azpimarratu du alde horretatik nahi luketen egoeratik «urrun» daudela. Hala ere, entrenamenduetan «hobekuntza handia» ikusi du.

Nolako taldea osatu duzue Ohorezko Mailan jokatuko duzuen bigarren denboraldirako?

Iragan denboraldiko taldearen antzekoa izango da: txikia eta oso dinamikoa. Aurreko lerroa apur bat hankamotz geratu zaigu, eta, beraz, ikusi beharko dugu postu horretako etxeko jokalariek bigarren denboraldi honetan aurrerapauso bat ematen duten. Beste postu batzuetan maila handiko jokalariak ditugu, nahiz eta egia den Espainiako selekzioarekin aritzen diren jokalariek, duten egutegiarekin, gutxi jokatuko dutela gurekin.

Amaia Erbina eta Barbara Pla jokalari garrantzitsuek ez dute taldean jarraituko, besteak beste. Baja garrantzitsuak dirudite.

Bai, hala da. Ikusi beharko dugu ekarri ditugun jokalariekin hobera edo okerrera egin dugun. Iera Etxebarria, Joana Murray, Ageda Pis, Nut Mora, Lauren Roberts eta Jessi Courtman fitxatu ditugu. Iera Etxebarria da egin dugun fitxaketarik garrantzitsuena; ilusioa egiten digu gure elastikoarekin ikusteak. Courtman eta Robertsi dagokienez, gurekin lan egiten duen Jobs Sports LLC jokalarien bitartekari agentziari esker sinatu ditugu. Gustura lan egiten dugu agentzia horrekin.

Mailari eusteko helburua izanagatik ere, finala jokatzeko zorian izan zineten. Denboraldi berrirako, helburuak eguneratzea beharrezkoa izango zen, ezta?

Ez dut beste erremediorik izan [kar, kar, kar]. Ezin dugu urte batean finalerdia jokatu eta hurrengoan zortzigarren amaitu. Porrot handia litzateke hori, argi eta garbi. Finalerdietara iritsi nahi dugu, gutxienez. Ez diot nik soilik, jokalariek ere uste berbera dute.

Majadahondaren aurka azken segundoetan galdu zenuten finalerdia. Ikasgai ona izan da?

Lehen zati oso ona jokatu genuen. Baina bero handia egiten zuen, eta nire jokalariek beroarekin ez dute gustura jokatzen. Atsedenaldian, jokalari batzuk leher eginda zeuden, zorabiatuta eta botaka egiteko gogoarekin. Esan genuen ezin genuela partida galdu, baina ez genuen bigarren zati ona jokatu. Porrot horrek mila entrenamenduk baino gehiago irakasten du.

Liga erregularra luzeagoa izango da aurten. Aldaketa handia da?

Hamalau jardunaldi dira, eta jokalariak ez daude ohituta hainbeste neurketa jokatzera. Niretzat aldaketa handia da, bai. Partida horiei jokalariek beren selekzioekin jokatu behar dituztenak gehitu behar zaizkie. Hortaz, maila handiko talderik luzeena duenak abantaila izango du. Maila handiko hamabost jokalarirekin ezin da horrelako liga bat ondo jokatu.

Alde horretatik, nola ikusten duzu taldea?

Ez gaude nahiko nukeen tokian. Are gehiago, urrun gaudela esango nuke. Gustatuko litzaidake goi mailako 30 jokalari izatea lehen taldean, eta beste 30 bigarren taldean, Erregional mailakoak.

Urrun zaudetela diozu. Goi mailako zenbat jokalari dituzu zure aginduetara?

Goi mailan jokatzeko moduan dauden 27 jokalari izango nituzke, lana ondo egiten jarraitzen badugu. Denera, 42 jokalarirekin ari gara lanean. Harrobian neska asko ditugu, baina, kluba ez denez heldutasunera iritsi, oraindik ezin ditugu lan horren fruituak jaso.

Denboraldiaurrean egindako lanarekin gustura amaitu duzu?

Oso luzea egin zaigu. Abuztuaren 15ean hasi ginen lanean, eta iruditzen zaigu denbora asko igaro dugula prestaketan. Lehiatzea gogoko duen taldea daukat, eta lehiatzen ez duenean urduritu egiten da. Egiari zor, entrenamenduetan hobekuntza handia nabari dut. Ea sistema landuagoak aplikatu eta gauza ezberdinak egiteko gai garen aurrerantzean.

Sanse Scrum taldearen aurka abiatuko duzue denboraldia. Nolako aurkaria da?

Denboraldi batetik hurrengora taldeak asko aldatu ohi dira, eta, beraz, zaila egiten zait zer-nolako aurkaria izango den aurreikustea. Argi daukadana da partida zaila izango dela, eta, gainera, belar artifizialean jokatu beharko dugu; ez gaude ohituta. Azkenaldian taldea aldatzen ari da: ikasle izateari utzi, eta langile bilakatu dira jokalari batzuk. Jokalari batzuek ezingo dute lehen partida jokatu. Horregatik, berriro diot, talde luzea izatea ezinbestekoa da, hutsuneak hutsune, partida guztiak bermeekin lehiatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Frantziako eta Irlandako selekzioetako jokalariak, lehian, iaz bi taldeek Parisen jokatutako partidan. ©MOHAMMED BADRA / EFE

Sei Nazioei Torneoari ekingo diote gaur

Iñaki Berastegi

Gaur hasiko da Sei Nazioen Torneoa, eta Frantzia eta Irlanda dira hura irabazteko faboritoak. Irailean Frantzian jokatuko den Munduko Txapelketari begira daude selekzioak

 ©Jagoba Manterola-Julio Muñoz / foku-efe

Esku onetan egotearen patxada

Eñaut Agirrebengoa

Berme osoko bi atezain ditu Osasunak: Aitor Fernandez eta Sergio Herrera. Bata finko bihurtu da ligan, eta bestea ikusgarri dabil Kopan. Haien arteko lehia «taldearentzat mesede» dela dio Asier Riesgok

Osasunak arretari eutsi nahi dio, eta Espanyoli etxetik kanpo irabazi

Osasunak arretari eutsi nahi dio, eta Espanyoli etxetik kanpo irabazi

Eñaut Agirrebengoa

Kopaz ahaztu eta ligan bide onera itzultzen saiatuko dira gaur nafarrak. Aimar ez dago jokatzeko moduan, ezta Vidal eta Peña ere

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Oso garai politean bizi naiz orain; gozatzen ari naiz»

Julen Etxeberria

Hirugarrenez jarraian ordezkatuko du Mariezkurrena, eta hirugarrenez irabazi nahi du Peñarekin. Haren ustez, enpresari erakutsi dio «kontuan hartu» behar dutela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.