Justine Masika. Kongoko Errepublika Demokratikoko ekintzailea

«Bortxatzen duenak ez du plazer sexualagatik egiten»

Sexu indarkeriaren biktimen ahotsa da Masika: «Oso zaila da egunero bortxatuak izan diren emakumeen lekukotzak entzutea, baina beharrezkoa da. Suntsituta dagoen pertsona bat beste baten laguntzarekin berrosatu daiteke».

KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoan 100.000 emakume bortxatzen dituzte urtean, asko eta asko haurrak, tartean haurtxoak. Justine Masikak (Butembo, Kongoko Errepublika Demokratikoa, 1965) horiek entzuten, babesten eta laztantzen ematen du eguna: «Nire familia dira». SFVS Indarkeria Sexualaren Biktima izandako Emakumeen Sinergia sortu zuen 2003an beste lau emakumerekin batera, eta gaur egun erakundeko presidentea da. Bakearen Nobel Saria jasotzeko zerrendan urtero-urtero agertzen diren izenetako bat da berea, sexu indarkeriaren biktimen ahotsa izatera bideratu baitu bere bizitza.

Alboan gobernuz kanpoko erakundeari esker etorri da Euskal Herrira. BERRIA-rekin hizketan ari dela, telefonoan jaso berri duen argazki bat erakutsi nahi izan du. Emakume bat agertzen da irudian, hila, lurrean etzanda, sastraka artean, baginan punta zorrotzeko makila bat sartuta duela. «Beni eskualdean agertu da».

2007ko irailaren 18an, soldaduak zure etxean sartu ziren. Zer gertatu zen?

Nire bizitzako egunik gogorrena izan zen. Nazioarteko Zigor Auzitegia Kivu iparraldeko krimenak ikertzen ari zen, eta nik sexu indarkeriaren biktimen lekukotasunak biltzen nituen, inkestak egiten nizkien biktimei. Egun hartan soldaduak fitxak bilatzera etorri ziren etxera, baina fitxak ez zeuden etxean, bulegoan baizik. Nire sei seme-alabak lotu zituzten, pistola ateraz, eta, mendeku gisa, nire bi alabak 40 minutuz torturatu zituzten. Soldadu bat 21 urteko alaba bortxatzen saiatu zen, baina, ez zuenez lortu, labanaz eraso zion. Oso latza izan zen. Une hartan nire lana uztea pentsatu nuen; ezin nuen besteak laguntzeko nire alaben bizitza arriskuan jarri, baina laguntzen nituen emakumeak etorri ziren etxera, eta esan zidaten nik abandonatzen banituen gauzek okerrera egingo zutela. Erabaki zaila izan zen, baina zorionez aurrera egitea erabaki nuen, ekintzaile izaten jarraitzeko indarra eta itxaropena eman zizkidan horrek.

Zure aktibismoa zigortzeko ekintza bat izan al zen?

Hala da. Soldaduek ez zuten nahi egiten zituzten sarraskiak salatzea eta dokumentatzea. Paramilitarrak ziren.

Salaketa jarri zenuen. Justizia egin al da?

Ez dute inor zigortu. Nazioarteko Zigor Auzitegian zigortu dituzte, baina beste krimen batzuengatik, ez nire etxean gertatutakoagatik. Nik neuk deklaratu dut Nazioarteko Zigor Auzitegian. Kivu iparraldean krimen latzak gertatu dira: hilketak, sarraskiak, bortxaketak...

Urtean 100.000 emakume bortxatzen dituzte Kongon.

Hori esaten dute, baina kopuru hori ez da zehatza, emakume askok ez dutelako salaketarik jartzen. Emakume batek lotsa sentitzen du bortxatua izan bada; ezkutatu egiten du, komunitateak eta familiak estigmatizatu eta zokoratu egiten duelako. Bigarren krimen bat da.

Emakume izate hutsaren ondorioa....

Bai. Gure herrialdeko tradizio eta ohituren arabera, emakumea gizonen azpitik dago, objektu baino ez da, eta gizonek, ezkontzean, dotearekin batera jasotzen duten zerbait dela uste dute, hiru ahuntz edo etxe bat dituzten bezala.

Herbehereetako gizon batek behin esan zidan gizon izateak lotsa ematen ziola gure herrialdean gizonek egiten dutena ikusita. Emakume bat bortxatzen duenak ez du plazer sexualagatik egiten, emakumeari min egiteagatik egiten du, hura suntsitzeko. Denetarik sartzen diete, baita punta zorrotzeko objektuak ere, genitalak erabat hondatuz. 35 urteko gizon batek 8 hilabeteko haur bat bortxatzen duenean, suntsitzeko bortxatzen du. Suntsitu egin nahi gaituzte. Botere kontu bat da ere. Hiesaz kutsatutako paramilitarrek uste dute emakume birjina bat edo haurtxo bat bortxatuta sendatu egingo direla.

2002an sortu zenuten SFVS. Zertan aldatu dira gauzak?

18.000 emakume artatu ditugu eratutako sarearen bidez. Guregana etortzen diren emakumeak etsita datoz, bizitzeko gogorik gabe, baina, gure laguntzari esker aurrera egiteko kemena aurkitzen dute. Hori da gure lorpenik handiena, emakume horiei zutitzen laguntzea. Ondorio fisikoak eta psikologikoak dituzte, traumatizatuta datoz, eta guk artatu egiten ditugu, gizarteratzen laguntzen diegu eta aholkularitza juridikoa ematen diegu.

Gizarteak kontzientzia hartzea da beste lorpen bat, gero eta ezagutza handiagoa baitago komunitateetan. Sentsibilizazio lan handia egiten dugu, baita tribuetako buruzagiekin ere. Gobernuak sexu indarkeriaren kontra onartutako legeak ere aipatu behar dira, berdintasun legea ere bai. Aurrerapauso handiak eman ditugu, eta paperean behintzat onartzen dituzte gure eskubideak; beste kontu bat da praktikara eramatea. Legeak hor daude.Orain gure erronka da horiek betearaztea.

Testigantza latzak jaso dituzu, tartean masan egindako bortxaketenak. Zein da iluntasun horren irakaspena?

Oso zaila da egunero bortxatuak izan diren emakumeak entzutea, baina beharrezkoa da. Suntsituta dagoen pertsona bat beste pertsona baten laguntzarekin berrosatu daitekeela ikustea da irakaspena. Gizakiek pertsonak suntsitu ditzakete edo pertsonak berrosatu. Norberaren hautu bat da. Alde batean edo bestean egon zaitezke. Gizateriak hori dauka ikasteko.

Zaila da emakume izatea, are gehiago gerra testuinguru batean, baina egun batean pozez biziko gara emakume jaio izanagatik. Fededuna naiz. Besteak gu bezainbat maite behar ditugula pentsatzen dut, eta emakumeengan sinesten dut, dugun indarrean sinesten dut, egunero ikusten baitut dugun indarra. Egunetik egunera are handiagoa da gure indarra .

Zu zeu jazarrita zaude emakumeen eskubideak defendatzeagatik, ezta?

Bai. Nire konpromisoaren ondorio bat da. Jendeak ez du onartzen nire bizitzaren parte bat besteak laguntzeko izatea; gertukoek ere ez dute onartzen hori, ezta nire senarra zenak ere. Etxean egotea eta familia zaintzea nahi zuen, ez komunitateko emakumeak laguntzea. Ez zuen ulertzen emakume ekintzailea izan nahi nuela. Gizonek ez gaituzte laguntzen eta ez gaituzte ulertzen, baina emakume guztien artean familia bat osatu dugu, eta oso polita da hori, elkar babesten dugulako. 2012tik 2014ra Belgikara erbesteratu behar izan nuen, mehatxatuta nengoelako, eta emakume horien falta sumatu nuen gehien.

Kongo gerra etengabean bizi da aspalditik. Han daude munduko koltan erreserben %80. Koltana al dago gerra horien jatorrian?

Hala da. Kongo oso herrialde aberatsa da mineraletan, eta natur baliabideen ustiaketak etengabeko indarkeria eragiten du. Koltanaz gain, bestelako lehengaiak ere badaude: urrea, diamanteak, wolframa, petrolioa, egurra... Kongok baliabideetan aberatsa izateko zorigaitza izan du. Herrialdea aberatsa da, baina herritarrak pobreak dira, oso baldintza gogorretan bizi dira, egunean dolar bat baino gutxiagorekin. Drama hutsa da. Ustelkeria da beste arazo bat.

Felix Tshisekedik irabazi zituen 2018ko abenduko hauteskundeak. Zerbaitetan aldatu da egoera gobernu berriarekin?

Ez da ezertan aldatu. Gobernua ustela da. Huts egin duen estatu batean bizi gara. Joseph Kabilak bere lekukoa pasa zion Tshisekediri. Oposizioak irabazi zituen hauteskundeak, eta itxaropena piztu zen, baina iruzurra egin zuten, et,a protestak egon arren, aginteari eutsi zioten.

Kivun bereziki da larria egoera?

Hogei urtez luzatzen ari da gatazka. Kivun bakarrik 30 talde armatu baino gehiago daude, eta talde horien liskarretan emakumea da lehen biktima. Bortxaketa gerra arma gisa erabiltzen dute. Mineralak kontrolatu nahi dituzte, gero saldu eta trukean armak erosteko. Indarkeria ziklo etengabea da. Gerra ekonomiko bat da, mineralak kontrolatzeko gerra. Kongok bederatzi herrialderekin egiten du muga; handik ateratzen dituzte mineralak. Kivuk Uganda, Ruanda eta Burundirekin egiten du muga, eta hortik esportatzen dute koltana. Asiara eramaten dute, eta, han prozesatu ostean, mundu osoan banatzen dute.

Denok erabiltzen ditugu sakelakoak, baina jakin behar dugu koltanaren atzean zer dagoen; ez ditugu ahaztu behar meategietan lan egiten duten haurrak, egun osoz, mineralak eskuekin ateratzen, eta meategien inguruetan prostituzioan aritzen diren neskatoak, sexualki esplotatzen dituztenak.

Koltanak ez dauka arazorik herrialdetik atera eta mugak zeharkatzeko. Pobreziatik eta gerratik ihes egiten duten herritarrek, aldiz, mugak itxita dauzkate.

Hala da. Tragedia hutsa da. Gosetik eta segurtasun faltatik egiten dute ihes, eta bidean arrisku asko dituzte, bereziki emakumeek eta haurrek. Ugandara, Ruandara eta Kenyara joaten dira asko, errefuxiatu guneetara, eta, aukera badute, iparraldera jotzen dute gero, Libiara. Basamortua zeharkatu behar dute, eta mafiei ordaintzeko dirua behar duzu.

Non dago irtenbidea?

Justizia egin behar da, ustelkeriaren kontra borrokatu behar da, eta zigorgabetasuna amaitu. Gobernu zintzoak behar ditugu, eta, bestetik, mineralen trazabilitate sistemak ezarri behar dira, mineral horien jatorria, ibilbidea eta helmuga zehazteko. Arauak ezarri behar dira legez kanpo ustiatutako mineralekin egindako produkturik ez ekoizteko. Gatazkarik gabeko teknologia bat aldarrikatu behar dugu.

Afrikaren etorkizuna emakumeena dela esaten da. Emakumeak boterean egongo balira, gauzak bestelakoak izango al ziren?

Baietz uste dut. Emakumeok gertukoak zaintzeko joera dugu. Gizonak, aldiz, euren buruarengan baino ez dute pentsatzen. Emakumeok eskuzabalagoak gara. Kontua da gizonek ez dutela boterea galdu nahi, ez dute boterea emakumeengan utzi nahi. Gure erronka da pixkanaka-pixkanaka tokian tokiko boterea bereganatzea, gure komunitateetan, eta behetik gora egitea, gure printzipioak galdu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.