Gorka Urbizu. Musikaria

«Oraindik ez dugu musikaria langile bezala tratatzen»

Taldearen «etenaldi mugagabea» iragarri eta sei hilabetera, Berri Txarrak-ek Adarra saria jasoko du gaur Donostian. Viktoria Eugenia antzokian emango duen kontzertuarekin ospatuko du.

IBAI ARRIETA.
mikel lizarralde
Lekunberri
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Berri Txarrak-ekin AEBetan eta Mexikon bira egin ostean, Gorka Urbizu (1977) etxean da egunotan, Lekunberrin (Nafarroa); atsedenetik gutxi du, baina, egonaldiak. Hasia da entseguak egiten David Gonzalez eta Galder Izagirre taldekideekin, uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin emango duten kontzertu handirako, eta gaur bertan Donostia Kulturak banatzen duen Adarra saria jasoko du.

Sei hilabete igaro dira «etenaldi mugagabea» iragarri zenutenetik. Nola bizi izan duzue orduz geroztik taldearen inguruan sortu den zurrunbilo guztia?

Gainezka egin digun sentsazio batekin, baina jasotako esker on horri erantzuteko nahiarekin. Logistikoki eta mediatikoki gogorra izan da, baina esker on horri eusten diogu. Gero, sarrerak agortzearena-eta... Gehiegi nabarmentzen da, eta inportantea ez da hori. Rock talde bat gara, ibilbide bat egin duena, eta listo.

Zer moduz orain arteko bira?

Beude bira txikiarekin hasi ginen, gero Europan, AEBetan eta Mexikon izan gara, eta orain udako jaialdien aroari ekingo diogu. Banekien lehenagotik ere, baina areto txikietan gozatu dut gehien. Infrasoinuak diskoarekin [2017] ez dugu aukera hori izan; BECekoa egin genuen, baina, planteamendu hori dela eta, aretoetan jo gabe gelditu ginen. Eta horietan izugarri gozatu dugu. Europako kontzertuak ere oso ondo atera ziren, eta AEBetan, gure maila undergroundean! [barrez]. Tabernaren batean jo dugu, disko denda batean... Oso polita izan da. Ez dira bira luzeak izan, eta hartu diegu neurria.

Zuk zeuk esan zenuen, otsailean, etenaldiaren aukera hor zegoela azken aldian. 25 urteko lanak eragindako nekea izan da etenaren eragile nagusia?

Bi arrazoi nagusi egon dira. Batetik, higadura hori, normala dena. 25 urtean ez dut atseden handirik izan. Jotzea asko gustatzen zait, eta horretaz ez naiz aspertu, baina azkeneko urteetan Berri Txarrak bilakatu da transantlantiko txiki bat, musikaz gaindiko lan izugarria duena atzean. Horregatik, aparte egoteko beharra dut, batzuetan kasik estali ere egiten duelako funtsezkoa dena. Onartzen dut ogibidearen parte dela, eta, denborarekin, ikasi dut musikaren parte ere badela. Eta gero dago reset artistiko bat egiteko gogoa; Infrasoinu hori aspaldi dago hor, eta orain beharra dut nire ardatza izan den hori apartatzeko, distantzia hartzeko eta egile bezala aurrera egiteko.

Asmo jakinik?

Ez, oraingoz ez. Orain erabat zentratuta nago taldean.

Afizioak ofizio izaten segituko du?

Nahiko nuke! [barrez] Bestela ez dakit zer egingo nukeen. Ikasketaz irakaslea naizela uste dut. Edo filologoa! Gogorra izango litzateke.

Taldearen garairik onenetako batean etorri da erabakia...

Bai, ziurrenik errazagoa izango litzateke taldearekin jarraitzea. Jende asko harritu egin da horregatik. «Baina, orain?», galdetzen digute. Eta nik, baina horren ordez, horrexegatik jarriko nuke.Lehen ere nahi nuen oroitzapen kolektibo polit bat utzi. Honetan gabiltzanontzat oso ulergarria da erabakia; musikari eta artista askok esan didate hori. Publikoarentzat agian zailagoa da sortzailearen behar horiek ulertzea, etaharritu egiten da. Egiten duzun horretatik bizitzea pribilegio bat den bezala, pribilegio bat da nahi duzun momentuan utzi ahal izatea. Beharrezkoa dut, nahiz eta badakidan hau guztia faltan sumatuko dudala.

Nolabaiteko ariketa bat da zuretzat?

Ikusi nahi dut zer den Berri Txarrak-en ez egotea. Gehiegizko esposizio horretatik aldendu nahi dut, ikusteko zer egiteko gai naizen. Pasioak hor jarraitzen du; ez dut bestela ulertzen hau. Gauza asko gertatu zaizkio taldeari, saiatu delako, egin egin dituelako, txorakeriak albo batera utzita. Ibilbide bat egin dugu, disfrutatu dugu, eta pasioa hor egon da beti.

Agurrak bultzatu zaitu atzera begiratu eta taldearen ibilbidea perspektiba batekin aztertzera?

Denbora da poligrafo bakarra-rekin [2014], pause sakatu eta egin genuen errepaso bat. Hor hasi ginen balioesten egindakoa, eta uste dut denborarekin gehiago baloratuko dugula. Bederatzi disko egin ditugu, mila kontzertu baino gehiago...

Metal eszenan hasi zineten, baina inoiz ez duzue beldurrik izan beste eremu batzuetara ere mugitzeko. Gogoko izan duzue arriskatzea?

Askotan egin dugu lan erreakzioz; aurreko lanari erantzun nahi izan diogu askotan. Hori seinale ona izan da, erakusten duelako musika zerbait bizia dela, eta garapen horrek erakusten duelako ez garela robotak, formula bakar bati segitzen diotenak. Badago dena harilkatzen duen zerbait, letrak egiteko edo kantatzeko modua... Baina zabaldu egin da gure esparrua. Metala oraindik asko gustatzen zait, baina gure kolore paleta asko zabaldu da. Harro nago horretaz, uste dudalako orain jendeak naturaltasunez hartzen duela.

Hala ere, eta adibide bat jartzeko, Lemak, aingurak kantua atera zenutenean, jarraitzaile batzuek harriduraz hartu zuten.

Normala da, baina hori da ordena naturala. Egileak proposatzen du, eta gero, zalea dator, edo ez dator. Kontrakoa egiten duzunean, inpostazioa erabatekoa da; igarri egiten da, eta porrota da hasieratik. Bestea porrota izan daiteke, baina gutxienez zintzoa zara egin nahi duzun horrekin. Alde horretatik, gu publikoa xaxatzen saiatu gara. Esaterako, Jaio.Musika.Hil [2005] mugarri bat izan zen. Lana utzi genuen, atzerriko bidea ireki genuen, eta gogoratzen dut Oreka atera genuela aurrerapen kantu bezala. Eta orduan hura nolabaiteko probokazioa izan zen. Orain ez du ematen hainbesterako, baina aurreko lana, Libre [2003], metal-hardcore disko bat zen; bere melodiarekin, baina gogorra. Eta Oreka izan zen horren erreakzioa. Jaio.Musika.Hil-ekin hurbildu zitzaigun jende berria, eta hurrengo pausoa izan zen Steve Albinirekin grabatutako disko gordin hori [Payola, 2009]. Uztearen arrazoietako bat ere badago horren atzean; errepikatzearen beldurra hor dago.

Albini aipatu duzu, baina era guztietako ekoizleekin egin duzue lan: Ross Robinson, Bill Stevenson, Ricky Falkner... Soinu jakinen edo lan egiteko moduen bila ibili zarete beti?

Nahi gabe, baina aldarrikatu dugu ekoizlearen figura hori. Euskal Herrian ez da oso ohikoa izan, hemen teknikariarekin nahasten dugulako askotan ekoizlea. Baleko soinu bat lortzeko modu asko dago, hemen zein kanpoan, baina kantua nola jantzi... hor dago gakoa. Adibidez, Albinirekin edo Robinsonekin lan egiteak ez du zerikusirik. Hori ezin da adierazi ere egin, baina irakaspen izugarria da musikari batentzat, erakusten dizulako bakoitzak musika ulertzeko zer modu duen. Propio joan gara horretara, jakiteko zer den batekin edo bestearekin grabatzea; ez hainbeste soinu baten bila. Batek ematen dio garrantzia momentuari, besteak artifiziorik gabe aritzeari, hangoak perfekzioari... Robinsonek, adibidez, ez zekien mp3 bat egiten! Baina psikologikoki asko estutzen gintuen, eta hortik lortzen zuen gure onena. Hori egiten du ekoizle batek; ez teknikari batek.

Borroka bat ere bada?

Umiltasun lezio bat da. Onartu behar duzu kantuak ez direla ukiezinak. Ezagutzen ez duzun eta nolabait mitifikatuta duzun batekin daukazun konfiantza harreman bat da. Eta, gainera, hizkuntza menderatzen ez duzula eta, batzuetan ez duzu denbora nahikorik zuk nahi duzun hori guztia adierazteko. Robinsonekin, berak hala eskatuta, bost aste egon ginen. Eta Albinirekin, juxtu kontrakoa; bere webgunean, taldeak jarri behar du zenbat egun behar dituen, eta gehienez zortzi uzten dizkizu. Gehiago nahi badituzu, galdetzen dizu: «Benetan? Azal iezadazu zergatik nahi dituzun egun gehiago». Baina arrazoi zuen. Bere lan egiteko moduagatik, sobera izan genuen denbora.

Arriskuak hartzea beharrezkoa zaizu?

Payola beste norbaitek grabatu izan balu, agian oihartzun handiagoa izango zuen, radiofriendly-agoa izango zen. Masterra hainbat hedabidetara bidali genuenean, batek baino gehiagok galdetu zigun ea hura demo bat ote zen! «Chicagora joan zarete soinu hau izateko?». Eta guk, «ba, bai!». Eta puntu mitomano bat ere badu Albinirekin lan egiteak; hori horrela da, zergatik ez aitortu. Pixies, PJ Harvey eta Neurosisekin egin du lan!

Gaur egun, oraindik ere arrisku handikoa al da musikari profesionalaren lanbidea?

Prekaritatea izugarria da, eta gurea salbuespena da. Jende asko dator kontzertuetara, eta ez dugu estutasunik; baina erabakia hartzen duzunean... Oraindik ere arraroa egiten da norbaitek profesionalizazioaren bidea hartzea. Konplexu horiek barruraino sartuta ditugu. Prekaritateaz hitz egiten dugunean ere, oso gutxitan hitz egiten da sortzailearenaz; ez da ikusten sortzailea langile bezala. Zaila egiten da gauza natural bat bezala hartzea. Ematen du haizetik bizi behar dugula denok, baina ni ez naiz aritzen sare sozialetan txapa ematen plazer hutsez. Oraindik ez dugu musikaria langile bezala tratatzen. Eta denon jarduna da beharrezkoa; denon artean osatzen dugu ekosistema kultural herren hau. Inportantea da denon ekarpena; inportantea da talde amateurrak egotea, eta inportantea da musika lanbide duten sortzaileak izatea. Garbi izanda batak ez zaituela bestea baino hobea egiten. Baina profesional izateak ez du esan nahi saldu zarenik edo salduko zarenik. Gustatzen zaizun horretatik bizitzeko aukerari eustea oso duina da; guk hala egin genuen, eta ez naiz damutzen.

Arrakasta gaizki ikusia dago?

Guk zale gehiegi ditugu zenbait eremutan aldarrikatuak izateko. Oso garbi daukat zer eta nola egiten dugun, eta alde horretatik ez dut inolako burujanik, baina anbizioa izatea ere gaizki ikusia dago. Anbizio artistikoa! Normala da zure ogibidean aurrera egin nahia, eta are gehiago sorkuntzan. Kultura normal bat izango bagina, agian ez litzateke halako eztabaidarik izango, baina bitartean badago halako kanibalismo bat. Berez, inork ulertuko ez duen zerbait egiteak edo hogei lagunen aurrean jotzeak ez du xarma berezirik. Maite ditut zale gutxi dituzten taldeak, baina ez dira interesgarriagoak zale gutxi dituztelako.

Zenbaterako zama izan da zale batzuek espero zuten moduan jokatu ez izana? MTVren kontzertuarekin gertatu zen.

Erabaki asko egon dira jendeak ulertu edo konpartitu ez dituenak. Agian hanka sartu genuen; agian ez. Niretzat, mila kontzertutik gorako ibilbidean, beste bat izan zen. Eta egia da zalaparta sortu zela, baina uste dut batzuetan gehiegi balioesten dugula erabateko koherentzia, eta korporatibismoa dugula sartuta hezurretaraino. Bira horretan bertan egon gintezkeen, beste jaialdi batean, Movistar agertokian edo banku batek babestutakoan; kontraesan asko ditugu, baina uste dut eztabaida beste bat zela.

Beti egin duzue euskaraz aritzeko hautua. Musikari gazte askoren artean, ordea, lausotu egin da hizkuntzaren hautu hori, eta gero eta gehiago dira hizkuntza bat eta beste darabiltenak. Zer deritzozu joera horri?

Deigarria egiten zait. Norberak egin behar du nahi duena, baina ez zait askorik gustatzen disko berean egile berak hizkuntza aldaketa egitea. Gainera, uste dut politikoki halako lozorro batean sartzen zaituela. Gure kultur sistema txiki, txikitu eta osatu gabearen sintoma ere bada hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.