Donostiako 69. Zinemaldia. Zinemira. Iñaki Alforja. Zinemagilea

«Helburua ez zen ikertzea, familiari lagun egitea baizik»

Naparraren senideak filmatzen hasi zirenean, Iñaki Alforjak eta Iban Toledok ez zekiten nola amaituko zuten lana. Dokumentala egina dute, eta ez da ageri haren gorpurik; «memoria dago».

GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Jose Miguel Etxeberria Naparra desagertu eta aste batzuetara haren autoa agertu zenean, duela 41 urte, aitak bolantea kendu, eta etxean gorde zuen. Familiaren memoria gordetzen duen objektu horretatik abiatuta, Iñaki Alforjak (Iruñea, 1967) eta Iban Toledok senideen bilaketa lana kontatu dute Bolante baten historia dokumentalean. Gaur aurkeztuko dute, Donostiako Zinemaldian.

Zer istorio duzu zuk Naparra auziarekin?

Alde batetik, memoriari lotutako lanak egin izan ditut: San Kristobal gotorlekuko ihesari buruz, botilen hilerriari buruz... Ezagutzen nituen Nafarroan memoria berreskuratzeko lan egiten duten elkarteak. Bestetik, harreman pertsonala neukan Eneko Etxeberriarekin, Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaiarekin. Maiz esan izan dugu hor bazegoela kontatzeko moduko istorio bat.

Amaierarik ez duena.

CESIDeko [Espainiako zerbitzu sekretuetako] kide ohiaren informazioa atera, eta gorpua lurpetik ateratzeaz hizketan hasi zirenean, ikusi genuen hor bagenuela amaiera bat. Amaiera hori izan positiboa zitekeen, Jose Miguelen gorpua aurkitu izan balute, ala negatiboa. Nolanahi ere, bukaera horrek gogoeta bultzatzen du: zer egiten dugu memoriarekin?

Zenbat denbora igaro duzue filmatzen?

Azken bost urteak. Pandemia eragozpen bat izan da, dena geldotu duelako, baina bukaera lantzeko eta osatzeko aukera ere eman digu. Azkenean, amaiera irekia da: ez dago gorpurik; memoria dago. Zer egingo dugu Oierrekin, Enekoren 11 urteko semearekin? Gizarteak belaunaldi horri pasatuko dio istorio hau?

Eneko da filmaren gidaria. Argi zenuten horrela behar zuela?

Hasieratik Eneko izan da protagonista, eta guk lagundu egin diogu; hari eta familiari. Eskuzabaltasun izugarria izan dute. Haien bizitzetan eta guneetan sartzen uzteaz gain, haien emozioetan eta gogoetetan sartzen ere utzi digute. Hori opari bat da guretzat, pertsona gisa eta dokumental egile gisa. Helburua ez zen ikerketa erreportaje bat egitea; ez dugu sekreturik edo gako berririk kontatzen. Familiari lagun egin diogu; haiek esaten dutena dakigu, eta sinetsi egiten diegu.

Zenbat pertsonak parte hartu duzue filmaketan?

Lantalde txiki bat nahi genuen, familia ez inbaditzeko, eroso egon zitezen. Dokumental batean, jendeak eskertzen du hori. Hiruzpalau joaten ginen filmatzera.

Testuinguruari garrantzia eman diozue, gerra zikina zer izan zen azaltzeari.

Euskal Herritik kanpokoek uler dezaten, eta ez kanpokoek soilik, baita 20 urte dituztenek ere. Uste genuen gako batzuk eman behar genituela. Lau artxiborekin erakusten dugu nolakoa zen garai hartako Iruñea, zer izan zen gerra zikina, trantsizioa... Marko bat ipini diogu Enekoren istorioari, erakusteko zer gertatu den 15 urte zituenetik orain arte.

Senideek denborari buruz hitz egiten dute, nola pasatzen den eta zer pisu duen.

Denboraren igarotzea oso garrantzitsua da: 41 urtean, Enekoren familia bila aritu da egunero-egunero. Pentsatzen dugunean zer egin dugun guk azken 41 urteetan, kontuan izan behar dugu haiek bila aritu direla etengabe. Horregatik markatzen dugu denbora: ordulari baten antzera entzuten diren kolpe erritmikoak, urtaroen aldaketak, omenaldietako irudiak... Urtero gauza bera, jende bera, gero eta zaharrago.

Iaz atera ziren Naparra. Kasu irekia liburua, Non dago Mikel? dokumentala... Sumatzen duzu gai horiei buruz hitz egiteko eta horiek argitzeko gogo bat?

Orain da hori kontatzeko garaia. Nik puzzle baten gisa imajinatzen dut: kontakizunez beteriko puzzle bat. Puzzle horren pieza bat da Mikel Zabalzari gertatutakoa, beste bat Jose Miguel Etxeberriarena... Horien bidez ikusiko dugu puzzlea osorik. Kontatzeko beharra daukagu, eta entzuteko beharra ere bai. Pertsonak hor daude, bizirik. Memoriaren inguruan lan egin dugunok beti joan behar izan dugu jende oso adinduarengana, eta dena da «esaten zen», «hari kontatu zioten»... Ez, ez, protagonistak hemen daude. Entzun diezaiegun.

Bolantea izenburura eraman duzue, memoria intimoaren objektu bat sinbolo bihurtuta. Zergatik?

Familiako bitxikeria bat zen, anekdota txiki bat. Haiek ere ez zuten ulertzen zergatik hainbeste buelta horrekin. Joseba Zabalzaren Gogoan hartzeko izenak lanetik sortu zen: argazki bat egin zien Enekori eta Celesi [amari] autoa agertu zen lekuan, bolantearekin. Hori da Jose Miguelek ukitu zuen azken gauza, desagertu aurretik. Absentziaren eta bilaketaren sinbolo bat ikusi genuen hor. Familiako istorio batetik abiatuz, metafora bat sortu dugu.

Gainera, autoa baliatu duzue pertsonaiak aurkezteko.

Denak gidatzen aurkeztu ditugu, bolantea esku artean dutela. Horrek are indar handiagoa ematen dio bolantearen istorioari.

Gustura zaudete Donostiako Zinemaldian aurkeztuta?

Zinemagile gisa, jaialdi honetan egon nahi duzu, kalitatearengatik eta etxekoa delako. Bestalde, uste genuen istorio hau hemen egoteak ikusgai egiten zuela. Bestela, zaila izaten da jendeak hitz egitea, lana ezagutaraztea... Gure esperantza da ikusten duen norbaitek esatea: «Nik badakit zerbait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.