Futbol partidak, bertikalean

Gol-ek Tiktok sare sozialean emango du gaur Reala-Betis partida. Lehen aldia da Europako lehia ofizial bat 9:16 formatuan ematen dutena

urtzi urkizu
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Futbol zale gehienak telebista pantaila batean daude ohituta partidak ikustera, pantaila horizontal batean. Baina Espainiako Ligako futbol partida bat bertikalean emango du estreinakoz Gol kateak, Tiktok sare sozialeko bere profilean, doan: Reala-Betis partida. 21:00etan hasiko da lehia, Donostiako Anoeta estadioan, baina Tiktok-eko emankizuna 20:30ean abiaraziko dute. Jokalarien beroketa ariketak, partidaren atarikoak eta hamaikakoen berri emango dute.

Partida ikusteko hau behar da: Tiktok aplikazioa sakelako telefonoan instalatua izatea, eta Gol katearen profilari jarraitzea. Baita sakelako telefonoak Interneterako sarbidea izatea ere. Realaren eta Betisen arteko partida telebistako ohiko emankizunean ere ikusi ahalko da Golen, horizontalean.

Baina berezia da Tiktok bidezko emankizuna. Arduradunek nabarmendu dute Europako liga guztien artetik lehen aldia izango dela partida bat modu horretan emango dena. Horretarako, Mediapro enpresak —emankizunez arduratzen da— Anoetara lantalde eta teknologia berezituak eramango ditu: 30 langile arituko dira emankizun bertikala eskaintzeko modua egiten, eta 4K teknologiako unitate ibiltari bat izango dute futbol zelaian. Grafikoak gaineratuko dituzte, propio sakelakoan ikusteko.

Nacho Hernaezek eta Carla Gabianek —Tiktoken futbol gaiez aritu ohi dira— egingo dute partidaren kontakizuna sare sozialean. Berrikuntza gisa jo daiteke, halaber, zaleek aukera izango dutela bi esatariekin interakzioa izateko. Gainera, sare sozialeko txatean idatzi ahalko dute ikusleek, edo Tiktokek ematen dituen beste aukerak baliatu.

Espainiako Ligako Estrategia Digitaleko zuzendari Alfredo Bermejok zera adierazi du: «Ligaren aurrerapauso bat da ikus-entzule berriak eraikitzeko bilaketan eta futbola ikus-entzule guztiengana eramateko saiakeran».

Partidaren emankizuna Mediapro, Espainiako Liga eta Tiktok sare sozialaren arteko akordio bati esker iritsi da. Soraya Castellanos Tiktokeko Espainiako ordezkariak nabarmendu du sare sozial horretan futbol zale ugari elkartu ohi direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.