Neurrira. Elkarrizketa. Mikel Artola Izagirre. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kidea

«Bertsotan egiteko teknika sinplea da; aplikatzea, ez»

Bertsolaritzako irakasgaian ahozkotasuna gehiago landuko duen metodologia berritzen dihardu Bertsozale Elkarteak azken urte parean, eta proiektu horren parte izan da Artola Izagirre.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2020ko uztailak 4

Ikasleari papera kendu, eta bat-batean sortzeko gaitasuna eskatuko dio bertsolaritzako irakasgaiak laster. Ahozkotasuna gehiago lantzeko helburuarekin, Bertsozale Elkartea metodologia berri bat ari da garatzen. Elkarteko kide Mikel Artola Izagirre (Alegia, Gipuzkoa, 1989) haren inguruan arituko da EHUko udako ikastaroetan, uztailaren 9an.

Gaur egun, zein metodologia erabiltzen da hezkuntza arautuan bertsolaritza irakasteko?

Orain arte, metodologia bertsolaritzaren curriculumak ezarri du. 2008an sortu zen, eta geroztik egin diren materialak hartan oinarritu dira. Sekuentzia didaktikoen metodologia erabiltzen da, eta horrek bukaerako helburu komunikatibo bat eskatzen du, hau da, bertsoa zerbait komunikatzeko egitea. Aurretik idatzi egin behar da, eta, gero, buruz ikasita edo paperetik kantatu.

Bertsozale Elkartean metodologiaren berrikuntza ari zarete garatzen.

Duela bi edo hiru urte irakasleen arteko gogoeta abiatu genuen. Eredu hori zalantzan jartzen hasi ginen, ez gaizki funtzionatzen zuelako, baizik eta pentsatu genuelako erronka bat izan zitekeela ikasleak bat-batean sortzen jartzea hezkuntza arautuan ere.

Zeintzuk dira metodologia berriaren ezaugarriak?

Gaitasunetan oinarritutako paradigma bati jarraituz gero, gaur egun hezkuntzak egiten duen bezala, metodologia aktibo bat erabili behar dugu. Funtsean, horrek esan nahi du, batetik, praktikatik edo eginez ikastea, eta, bestetik, ikasleak autonomia izatea bere ikasketa erregulatzeko. Irakaslearen lana motibatzea izango litzateke, ikasleei ikasteko gogoa eragiteko baliabideak eskuragarri jartzea.

Zeintzuk izango dira ariketa praktiko horiek?

Bertso eskoletan egiten direnak: errimak lantzeko errima kateen jolas bat egitea, adibidez. Jolasetik gertu dauden jarduerak proposatzen ari gara, gehienbat. Metodologia oraindik guztiz itxi gabe dagoen arren, praktikan azken urteetan funtzionatzen ari dena biltzen ari gara, eta hori lau arlotan dago antolatua: hizkuntza gaitasuna, musika, kultura eta trebetasun pertsonal eta soziala. Berez, bertsotan egiteko teknika nahiko sinplea da, baina aplikatzea ez da izaten hain erreza: oinaren araberako esaldiak egin behar dira, bukaerako errimaren arabera moldatu behar da gainontzeko esaldia, bakarrik kantatzen jakin behar da, jendaurrean egoteko beldurra gainditzen...

Zergatik da garrantzitsua ahozko sormena lantzea hezkuntza arautuan?

Gizartean egunero dauzkagu geure burua azaltzeko premia ematen diguten egoerak: pertsonalak, jendaurrean hitz egitea egokitu zaigulako edo lan elkarrizketa bat egin behar dugulako. Horretan, nik uste, bertsolaritzak ekarpen ikaragarria egin dezake, eta jada egiten du. Azken batean, ikaslea ohitzen da besteen aurrean jartzen bere iritzia modu antolatu batean azaltzeko. Idatziz egiten denak ez du eskatzen besteen aurrean jartzea, baina ahozko sorkuntzak bai. Horri eransten baldin badiogu inprobisazioa, zer esanik ez. Inprobisatu beharrak ziurgabetasuna dakar, eta ikasleak horretan ere trebatzen dira.

Zer eragin izan dute eskola hauek euskararen erabileran?

Eskoletan askotan esan izan digute euskaraz pentsatzen jartzen ditugula ikasleak eta erreferente batzuk ematen dizkiegula. Gaitasun komunikatiboa ez ezik, erabilera sustatzeko ere balio du. Gainera, kultur transmisioan ere eragina du, kultur ondarean txertatzen direlako, baina modu aktibo batean, parte hartzaile izanez.

Nolakoa izaten da klase horien harrera? Ikasleak gogoz joaten dira?

Orokorrean, harrera oso ona izaten da. Egia da abantaila batzuk ditugula: beraiek ez gaituzte eguneroko irakasle modura ikusten, eta ikasgelara sartzean antzematen duzu nobedade bezala hartzen dutela. Probatzen dutenean zer den bertsotan egitea, disfrutatu egiten dute. Eskolen balorazioa ere oso positiboa da. Ahozkotasuna lantzeko premia du hezkuntzak, baina zalantzak dituzte nola egin dezaketen. Horregatik funtzionatzen du proiektu honek.

Azken hilabeteetan hezkuntza ez-presentziala izan da, koronabirusaren eraginez. Nola moldatu zarete egoera berrira?

Leku batzuetan erraztasun gehiagorekin beste batzuetan baino, eskola bakoitza modu desberdinean antolatu delako. Hala ere, proiektuak martxan segitu du. Kasu batzuetan, bertsolaritzako irakasleak Internet bidezko klaseetan parte hartu izan du, bertako tutoreek lagunduta. Beste batzuetan, etxean egiteko moduko lanak bidali dira. Horretarako oso baliagarri izan zaigu orain bi urte martxan jarri genuen bertsoikasgela.eus. Material mordoa dago etxetik ere landu ahal izateko.

Zer moduz baloratu dute egokitzapen hori?

Guraso batzuek eskertu dizkigute hizkuntza modu jolasti batean lantzeko ariketak. Gainera, ikasleek euskaraz oso gutxi hitz egin dute konfinamendu garaian, eta bertsolaritzako klaseak eguneroko dinamika aldatu die, eta euskararekin kontaktuan jarri ditu modu ludiko batean.

Posible litzateke irakasgai hori modu ez-presentzialean luzaroan egitea?

Luzaroan iraungo balu, arazoak sortuko lituzke. Klasean gaudenean, ikaslea gorputz batekin jartzen da besteen aurrean, eta hori online egitea ez da gauza bera. Ez gaude ziur ahozkora gehiago hurbiltzen den metodo berri hau nola molda litekeen Internet bidezko ikastaroetara.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Haurrak eta hezitzaile bat Baztango haur eskolan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Haur eskolak talde iraunkorrekin abiatuko dira Nafarroan

Olatz Esteban Ezkati

Lau egoera posible irudikatu ditu Hezkuntza Sailak, eta COVID-19aren bilakaeraren arabera ezarriko da bat edo beste. Jantoki zerbitzua bermatuko dutela esan du gobernuak

Pentsiodunek agerraldia egin zuten, atzo, Justizia jauregiaren aurrean, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txostena aurkeztuko diote fiskaltzari

Maialen Arteaga

Irailaren 7an bilduko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskalarekin, pandemiako testigantzak biltzen dituen txostena emateko

Langile bat, Garesen, piperra biltzen iaz. ©Jesus Diges / efe

Nafarroan, PCR probak egingo dizkiete sasoikako langileei

Joxerra Senar

Abuztutik urrira bitartean, ardorako mahats bilketan edo bestelako barazki eta fruituen uzta bilketarako Nafarroaz kanpotik etorriko diren langileei probak egingo dizkiete, etan positibo emanez gero, konfinamenduan lagunduko die gobernuak.

Basurtun, PCR probak egiten ©Javier Zorrila / efe

300 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian eta Araban gorakada nabarmenak izan dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna