ETB1 kateak 'Sukaldaria' saioa estreinatuko du bihar gauean

Joseba Argiñanok 'Historias a bocados' saioaren formatu bera erabiliko du, euskaraz. ETB2n beste saio bat egingo du hilaren 16tik aurrera

urtzi urkizu
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Joseba Argiñano gozogile eta sukaldariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1985) Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko ditu, bertako bizilagunen istorioak eta gastronomia ezagutzeko asmoz. Hori da ETB1eko Sukaldaria saio berriaren ardatz nagusia. Funtsean, Argiñanok berak aitortu duenez, ETB2ko Historias a Bocados saioan egiten duena egingo du euskarazko programan. ETB1ek bihar estreinatuko du saioa, 22:35ean.

Aurreneko atalean, Argiñano Orozkon (Bizkaia) ibiliko da. Julia Barberena 77 urteko okinarekin izango du lehen hitzordua. Baserrian era guztietako ogiak egiten ditu, eta aurkezle bera lanean jarriko du. Ogia egiten amaitu ostean, bere espezialitatea prestatzen erakutsiko du: euskal pastela. «Sekulako artista da Barberena», adierazi du Argiñanok. Saioko beste protagonista bat Felix Muguruza filologoa izango da. Txintxiburduntzia izeneko errituala erakutsiko dio Argiñanori. Bestalde, Jose Mari Olabarria 83 urteko artzainarekin mintzatuko da aurkezlea. Haren emazte Josefina Petralandak indabak prestatuko ditu, eta bi gizonek txorizoa gehituko diete. Giro onean bazkalduko dute, Olabarria artzain bizitzari buruz mintzatzen den bitartean.«Orozko inguruko azken artzaina da bera».

Saio berri bat ETB2n ere

Oraingoz, Sukaldaria saioko lau atal grabatuko dituzte. «Tokiko gastronomia eta ohitura ezagutuz joango gara», esan du Argiñanok. Kamera aurrean euskaraz gaztelaniaz baino hobeto sentitzen dela gaineratu du gozogileak: «Lehen programa da euskaraz egiten dudana. Erdarakadak aterako zaizkit, agian, baina ni euskaraz oso ondo sentitzen naiz».

Gaztelaniazko katean ere jarraituko du Argiñanok. Izan ere, hilaren 16an ETB2k Escapadas con Joseba Argiñano programa estreinatuko du. «Historias a Bocados baino dinamikoagoa izango da. Hiru elkarrizketatu izan beharrean, pertsonaia bakar bat izango da protagonista atal bakoitzean. Bestalde, atal bakoitzean toki gehiagotara joango gara». ETB2ko saio berriko aurreneko atalean, protagonista Javier Clemente futbol entrenatzailea izango da. Zarautzen (Gipuzkoa) jarriko dute zita, eta gero hainbat txokotara joango dira. «Hamaiketako eder bat egingo dugu. Nire senide batzuk ere azalduko dira atal horretan: amarekin eta izebarekin, Kirkilla-Enea jatetxera joango gara, eta anaia batek hotela erakutsiko digu».

Argiñanok ez daki telebistan luzaroan arituko den. Orain «gustura» dago, behintzat: «Herriz herri ibiltzea oso aberasgarria izaten ari da». Nova katerako gozogintzari buruzko saio bat egin zuen, baina ETBn gehiago gozatzen ari dela aitortu du: «Asko ikasten ari naiz, eta oso pozik ari naiz herriak ezagutzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.