Arrosaren 23 irratiak aplikazio batean entzun ahalko dira

Datorren astean egongo da aplikazioa eskuragarri, doan. Hilaren 28an, Arrosaren jardunaldiak egingo dituzte, Errenterian

urtzi urkizu
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Arrosa irrati sareak gailu eramangarrietarako aplikazio bat sortu du, eta datorren asterako egongo da prest. «Aplikazioa deskargatzen duenak Arrosa sareko 23 irratiak entzun ahalko ditu, dagoen tokian dagoela», iragarri du Ion Etxebarria Arrosako koordinatzaileak. «Klik batean 23 irrati egongo dira eskura. Oraingoz hori eskainiko du aplikazioak, eta irrati bakoitzaren webgunerako sarrera zuzena ere eskainiko du». Etxebarriak azaldu duenez, ez da izango podcastak entzuteko aplikazio bat, nahiz eta Arrosaren webguneak ematen duen aukera zenbait podcast entzuteko.

Hilaren 28an, bestalde, IX. Arrosa Jardunaldiak egingo dituzte, Errenterian (Gipuzkoa). Herri horretako irrati libreak, Zintzilik-ek, 35 urte bete ditu aurten, eta aitzakia hori baliatu dute jardunaldiak Errenterian antolatzeko. Jardunaldien egunerako aplikazioa martxan egongo dela ziurtatu du Etxebarriak.

Jardunaldien barne, hiru hitzaldi-tailer egingo dituzte goizean: Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak Irratigintza eta hizkuntza ez-sexista hitzaldia emango du Mikelazulo kultur elkartean, 11:30ean; ordu berean, Zintzilik-en egoitza berrituan, podcastak egiteko tailer teoriko-praktiko bat egingo dute; eta Gaztaño auzoko egoitza berrian tailer tekniko bat emango dute Radio Enlace sistema praktikara eraman, 5GHz frekuentzia librean. Azken hori informatikariei eta teknikariei zuzendua egongo da.

Bazkaria Bukagaitz auzo elkartean egingo dute, arratsaldean bingo musikala eta karaokea izango dituzte, eta gauean kontzertuak egongo dira Niessen aretoan. Floxbin, El Quinto con Tenedor eta Fetitxe taldeek joko dute, 21:15etik aurrera. Kontzertuen antolatzailea Oarso Musika elkartea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.