Frankismoko azken fusilatzeek 40 urte. Txiki eta Otaegi

Aske nahi zuten haizean

Igandean dira 40 urte frankismoak ETAko Txiki eta Otaegi eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituela.Denera, 11 lagun zigortu zituzten heriotzara, lau gerra kontseilutan.Mobilizazio ugari izan ziren Euskal Herrian eta Europan

Hodei Iruretagoiena.
2015eko irailaren 25a
00:00
Entzun
1975eko irailaren 27ko goizaldea. Bartzelonako Modelo, Burgosko kartzela, Madrilgo Carabanchel. Kartzeletako kaperetan pasatu zuten gaua ETAko kide Jon Paredes Manot Txiki-k eta Angel Otaegi Etxeberriak, eta FRAPeko Jose Humberto Baenak, Jose Luis Sanchez Bravok eta Ramon Garcia Sanzek. Azkatasun-goxalderuntz… idatzi zuen Lauaxetak 1935ean, frankistek fusilatu baino bi urte lehenago: Amar gasteren lerdena bixitza-barik lurrean! 40 urtera, Franco diktadorea ohean hil bezperatan —azaroan zendu zen—, 08:30 eta 09:30 artean, erregimenaren fusilamendu batailoiek hil zituzten bostak.

Mili eta polimilien arteko zatiketaren ondoren ere, indartsu ekin zion ETAk 1975 hartan. Ibilbide bat egina zuen ordurako. Erregimenaren amaieraren arriskuaz jabetuta-edo, gogor egin zuen frankismoak; Euskal Herrian bereziki. Apirilaren 26an salbuespen egoera ezarri zuen Bizkaian eta Gipuzkoan. Maiatzean, gertatzen zenaren berri ematea debekatu zuten, eta argitalpen klandestinoen bidez zabaldu zen informazioa herritarren artean.

Carlos Fonseca kazetari eta idazleak Mañana cuando me maten liburuaren Donostiako aurkezpenean azaldu zuenez, ordurako bi alde zeuden frankismoaren barruan: «Sektore irekiagoak batetik, kalkuluagatik edo interesagatik izan arren, eta Francorik gabeko frankismoan jarraitu nahi zutenak bestetik». Erresistentziaren aldean ere bereizten ari ziren «trantsizio lasaia» egin nahi zutenak, eta «hausturaren» aldekoak.

Azken horien artean zeuden Txiki eta Otaegi. Zortzi bat urterekin iritsi zen Zarautza Txiki (1954, Zalamea de la Serena, Extremadura, Espainia), familiarekin. EGIn aritu ondoren, hemezortzi urterekin sartu zen ETAn. 1974ko udan egin behar izan zuen alde, bera eta beste bi kide auto batzuk lapurtzen ikusi zituztenean. Egitasmo handiagoa zuten esku artean: Luis Gomez-Acebo enpresaria bahitzea. Juan Borboikoaren arreba Pilar Borboikoaren senarra zen Gomez-Acebo, eta Zarautzen pasatzen zuten uda. Hango hondartzan haiek zaintzetik, Ipar Euskal Herrira egin zuen alde Txikik, komando Berezietan sartzeko prestakuntza jasotzera.

Dagoeneko klandestinitatean, Donostian ezagutu zuen Jose Manuel Bujanda Bixar-ek. 1974an, «irailean-edo». «Ni Bixar naiz. 'Ni Txiki naiz'. Elkarrizketa hori txertatuta daukat, baina ez naiz oroitzen despedidaz». Iruñean ibili ziren gehienbat, azpiegitura lanetan. Adar jotzailea zela gogoratzen du, «ekintzailea». Zazpi hilabete egin zituzten elkarrekin, despeditu eta bakoitzak bere bidea hartu arte. Ordukoak «eromen» garaiak zirela dio: «Legezkotasunetik klandestinitatera, eta klandestinitatetik hilobira, edo onenean, kartzelara igarotzea, hilabetetako kontua zen».

Atxiloketak, epaiketak

Nuarbe eta Azpeitia artean zebilen garai hartan Otaegi (Nuarbe, Gipuzkoa, 1942). Hura ere EGIn aritu ondoren sartu zen ETAn; langile frontean aurrena, militarrean gero. Nuarben bizi arren—Azpeititik zazpi bat kilometrora—, Azpeitian aritzen zen lanean, eta han egin zuen lagun kuadrilla ere. Arauntza elkartean afaltzen zuen askotan, eta azkenera arte gorde zuen ohitura hori, komandoentzako azpiegituraz arduratu behar izaten zuen arren.

1974ko abuztuan, Guardia Zibilak Jose Antonio Garmendia oso larri zauritu eta atxilotu zuen Donostian. Haren berri izan bezain laster, herritik alde egin eta Hernanin ezkutatu zen Otaegi. Izan ere, berak lortu zien etxebizitza Azpeitian Garmendiari eta haren komandoko kideei, lau bat hilabete lehenago. Apirilaren 3an, Gregorio Posadas guardia zibila hil zuten, Azpeitiko Informazio Zerbitzuetako arduraduna, eta horrekin lotu zuten Garmendia. Hamar bat egunetan ez zitzaizkiola bila joan ikusita, Hernanitik etxera itzultzea erabaki zuen Otaegik. Hiru hilabetera, ordea, atxilotu egin zuten, azaroaren 18an. Martuteneko kartzelan sartu zuten aurrena, Burgosekoan gero.

Txikik, Bartzelonan egin zituen polizia frankistaren eskuetan erori aurreko azken hilabeteak. 1975eko uztailaren 30ean atxilotu zuten, Iñaki Perez Beotegi Wilson-ekin. Banco de Bilbaoren sukurtsal bat zaintzen ari ziren, Llucmajor plazan. Inkomunikatua zutela Txikik bere buruaren aurka egindako deklarazio bat erabili zuen Poliziak, hiru aste lehenago Banco Santanderren aurka gertatutako lapurreta bat leporatzeko —Ovidio Diaz Lopez polizia hil zen tiroketan, atrakatzaileak ihesi joatean—. Bi etakideak etxean gordetzeagatik atxilotu zuten Jordi Roca, eta hark esan zuen tortura zantzuak zituela Txikik espetxera eraman zutenean.

Lau gerra kontseilu izan ziren aste gutxitan; 11 heriotza zigor jarri zituzten: Garmendia, Otaegi eta Txikiren aurkakoak, eta FRAPeko zortzi kiderenak. Garmendia eta Otaegiren epaiketa egin zuten lehenengo, abuztuaren 28an, Burgosen. Senideei ez zieten sartzen utzi. Txikiren aurkakoa, irailaren 19an izan zen, Bartzelonan. Guztietan, agerian geratu zen frankismoko Justizia Militarraren izaera, Fonsecaren esanetan: atzerako eraginez ezarri zieten 1975eko «lege antiterrorista», lekuko batzuk bakarrik onartu zituzten, defentsaren frogarik ez zuten ia onartu...

Fonsecak garai hartako dokumentu ugari aztertu ditu liburua egiteko. 40 urte geroago, lanak izan ditu horietako batzuk eskuratzeko, eta zentsuratuta eman dizkiote asko. Otaegiren sumarioa, esaterako, «ofizialki desagertua» dago. Madrilen dagoela esan berri diote familiari, baina erantzunaren zain daude oraindik. Ikerketen ondorioa argi azaldu zuen idazleak Donostiako aurkezpenean: «Aldez aurretik erabakia zegoen epaitutakoei heriotz zigorrak ezartzea».

Sei indultu, bost fusilatu

Irailaren 26an, Txiki bisitatu zuen Miguel Castellsek —haren abokatu zen beste kausa batean—. Hark atera zuen Modelo kartzelatik Txikik hil bezperan Euskal Herriari zuzendutako mezua. «Lokutorioan, Txikiren eta nire artean kristal bat zegoen, leiho txiki batekin. Txikiren atzean, ate bat, kristal batekin. Funtzionario bat zebilen han, eta begiratu egiten zuen noizbehinka. Eraman nuen liburu bat, eta orri zuri bat hartu nuen handik, berak idazteko. Funtzionarioa azaltzen zenean, keinu bat egiten nion geratzeko, besorik ez mugitzeko».

Oraindik ez zuten ministroen kontseiluaren erabakiaren berri: sei indultu, eta bost fusilamendu. Castellsen esanetan, «politikoki logikoa» zen denei buruz batera erabakitzea, «kalkulatzeko zein kostu izango zuten». Izan zuten kosturik: Euskal Herrian, zein Europan, mobilizazio handiak izan ziren heriotz zigorren aurka. NBEk eta EBk bertan behera utzi zituzten Espainiarekin egitekoak ziren hainbat akordio, momentu hartan behintzat. Azken unera arte, hainbat bidetatik eskatu zuten zigortuak indultatzeko, tartean, Vaticanotik ere bai.

Otaegi Burgosko kartzelan hil zuten, lekukorik gabe, 08:35ean. Txiki, Sardanyolan, Collserolako hilerrian gora igota, Eusko Gudariak kantari eta «ikurrina gogoan hartuta». Hala idatzi zuen hil bezperan Euskal Herriarentzako mezuan. «Orain, zuei dagokizue guri justizia egitea». 40 urtera, zain daude oraindik ere. Mendi eze, ikurrin eder, azke nai zattut axian; amar gazteren lerdena...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.