Klima larrialdiari aurre egiteko politika publikoak aldatzea exijitu du ELAk

Sindikatuak adierazi du klima aldaketara egokitzeko neurriak ez direla arlo pertsonalean hartu behar. Hainbat puntutako plana proposatu du osasungintzari, lurralde antolaketari eta nekazaritzari dagokienez

San Martin Unxen, ekaineko sutearen osteko egoera. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Politika publikoak aldatzeko eskatu du ELA sindikatuak, gizarteak ez ditzan klima larrialdiaren ondorioak «hain modu larrian» pairatu. Ohar bidez esan duenez, azken asteetako bero bolada eta suteen ostean, «inor gutxi ausartzen da» esaten ez dagoela klima aldaketarik. Sindikatuaren arabera, jadanik ezin da klima aldaketa geldiarazi, baina gizartea «ondorioetara egokitu» daiteke. Horretarako, baina, politika publikoak «egokitzea» exijitu du, eta azpimarratu du neurriak ez direla arlo pertsonalean hartu behar: «Instituzioetatik behin eta berriz gure ardura balitz bezala eskatzen zaizkigu [neurriak]».

Hainbat puntutako plana proposatu du sindikatuak: Lurralde Antolaketarako plangintzak uholde arriskuetara egokitzea, herri eta hiriak «udako beroetan eta neguko hotzetan» bizigarriak izateko diseinatzea, etxeak birgaitzera derrigortzea eta diruz laguntzea termikoki ondo isolatuta egoteko, larrialdi zerbitzuak baliabide gehiagoz hornitzea, «gero eta sarriago» gertatuko diren larrialdiei aurre egiteko, eta osasungintza publikoaren plangintza egokia egitea udan eta neguan.

Erresilientzia handiagoa

Horrez gain, nekazaritzan ere ipini du arreta ELAk. Nekazaritza politikak «egoera berrira» egokitzeko eskatu dute, eta kontuan hartzeko ekoizpenean aldaketak egongo direla tenperatura eta hezetasun aldaketengatik. «Aldaketa hauek egiteko, gobernuek laguntza tekniko eta ekonomikoak eman beharko dituzte, betiere eredu agroekologikoan sakonduz eta eredu intentsiboak baztertuz», esan dute oharrean.

Sindikatuaren arabera, ingurune naturala hobeto kontserbatuz gero, «erresilientzia handiagoa» izango du gizarteak «uholde, sute, eta izurriteei aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.