Letraduek geldialdi mugagabeari ekin diote Hego Euskal Herrian

Soldatak igotzea eta «negoziazio kolektibo propioak» izatea eskatzen dute grebaren bidez. Eremu guztietan ez du erantzun bera izan grebak

Nafarroako Justizia Jauregia. VILLAR LOPEZ / EFE.
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
«Justizia geldituko dugu, gure eskuetatik ia epaitegi osoa pasatzen da eta». Horrela mintzatu da Adriana Obispo EAEko Justizia Administrazioaren Letraduen Batasun Progresistaren ordezkaria greba mugagabeaz. Azaldu du urte anitz daramatzatela Espainiako Justizia Ministerioak zerbait egiteko zain, baina ez dela ezer gertatzen. Geldialdia Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan izanen da. «Duela urte eta erdi aldizkako geldialdiak egiten hasi ginen, eta, horien bidez, akordio batzuk lortu genituen ministerioarekin. Baina inoiz ez dira bete; horregatik erabaki dugu geldialdi mugagabe bat hastea».

Bi eskakizun nagusi dituzte letraduek: soldatak igotzea eta «negoziazio kolektibo propioak» izatea. Lehenbizikoari dagokionez, Obispok dio 2009an epaileei konpetentzia batzuk kendu zizkietela, eta letraduei eman; baina lan horiek inoiz ez dizkietela ordaindu. Gainera, funtzionario publikoak taldeka sailkatzen dira A1, A2, B, C1 eta C2. Obispok erran du letraduak A1 taldean daudela, eta gutxien kobratzen dutenak direla multzo horretan.

«Negoziazio kolektibo propioak» dira letraduen bigarren eskakizuna. Sindikatu interprofesionalek ordezkatzen dituzte profesional horiek eta, aldi berean, Justizia Administrazioko bertze funtzionarioak. Tartean «aurkako interesak» daudela dio Obispok: «Ministerioak gure alde eskaintzen duen guztia baztertzen dute, eta, gure ordezkaritza dutenez, ez zaigu ezer iristen».

Letraduen hiru elkartek deitu dute geldialdira: Justizia Administrazioko Letraduen Elkargo Nazionala (CNLAJ), Justizia Administrazioaren Letraduen Batasun Progresista (UPSJ) eta Justizia Administrazioaren Letraduen Elkarte Independentea (AINLAJ). Obispok azaldu du talde horien helburua ez dela «herritarrei eta epaitegietan egunero lan egiten dutenei kalte egitea». Beren aldarrikapenak betetzea bertzerik ez dute nahi: «Ministerioaren erantzunaren zain gaude; ez du greba batzordearekin bildu ere egin nahi izan».

Gogoratu du, baina, geldialdiak ondorio nabarmenak izanen dituela, letraduen figura bereziki garrantzitsua delako. «Epaiketak epaileak egiten baditu ere, guk gure fede publikoarekin ziurtatu behar dugu auzi saioa modu zuzenean egin dela, aparteko gorabeherarik gabe. Guk auzi saio hori ezin badugu onetsi, ez du eraginik, eta bertan behera gelditu beharko du». Hortaz, epaiketa anitz egin gabe geldituko dira grebak dirauen bitartean, kasu jakin batzuekin zerikusia duten horiek izan ezik. Adingabeekin eta espetxeratuekin lotura dutenak, erraterako.

Epaiketekin lotutako ondorioez gain, banakoei egiten zaizkien ordainketa judizialak ere bertan behera geldituko dira —elikadurarekin eta zorrekin zerikusia dutenak, adibidez—. Altxor publikoari egiten zaizkion ekarpenak ere ez dira egingo —isunak, erraterako—. Letraduek baitute sarbidea Gordailuen eta Kontsignazio Judizialen kontura.

UPSJk adierazi duenez, geldialdiaren lehenbiziko egunean nabarmen aldatu da erantzuna eremuaren arabera: Araban %70, Bizkaian %51, Gipuzkoan %30 eta Nafarroan %40. Ministerioak bertze datu batzuk zabaldu ditu: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %23ko erantzuna, eta Nafarroan %18koa. Orokorrean, lehen auzialdiko epaitegietan nabaritu ziren gehien grebaren ondorioak. Ondorio gutxien jasan zituztenak, berriz, gizarte arlokoak izan ziren.

Ministerioaren erantzuna

Antonio Rodriguez Justiziako Estatu idazkaria greba mugagabeaz mintzatu zen atzo. Haren erranetan, letraduek egiten duten «edozein erreklamazio lekuz kanpo dago». Azaldu zuen profesional horiek soldata igoerak izan dituztela, eta «beren mailan hobekien kobratzen dutenak» direla. Gehitu zuen geldialdiak «motibazio politikoak» dituela soilik, eta «herriaren kontrakoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.