Laugarren dosia 60 urtetik gorakoei «berehala» jartzeko eskatu du EMAk

Atea ireki dio neguan oroitzapeneko beste dosi bat jartzeko aukerari. Osakidetzaren arabera, %34 igo da gaitzarekin ospitaleratutakoen kopurua

Adineko emakume bat COVID-19aren aurkako txertoa hartzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Azken asteotan nabarmen egin dute gora koronabirus kasuek Europan, eta ospitaleetan eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan gero eta paziente gehiago dago COVID-19ak jota. Intzidentziaren gorakada ikusita, koronabirusaren aurkako txertoaren laugarren dosia «berehala» jartzen hasteko aholkua eman dute ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak eta EMA Sendagaien Europako Agentziak. Aholkatu dute 60 eta 79 urte bitartekoei eta gaixotasun larriak garatzeko arriskua duen edozein pertsona «zaurgarriri» jartzeko oroitzapeneko dosia. Azken dosia hartu denetik gutxienez lau hilabetera jartzea gomendatu dute, eta, dosi gehigarria jaso dutenen kasuan, sei hilabetera.

Bi erakundeek azpimarratu dute txertoak «oso eraginkorrak» direla oraindik ere bai ospitaleratzeak, bai gaixotasun larriak eta bai COVID-19ak eragindako heriotzak murrizteko. Kontuan hartuta kasuek eta ospitaleratzeek gora egin dutela azken aste hauetan, herrialde guztiei eskatu diete «ahalik eta azkarren» has daitezela oroitzapeneko dosia jartzen. «Ez dago denborarik galtzeko»,ohartarazi du Stella Kyriakides Elikagaien Osasun eta Segurtasuneko Europako komisarioak.

EMAk eta ECDCk oraingoz ez dute beharrezkotzat jo 60 urtetik beherakoei eta osasun langileei dosi gehigarri bat ematea, larri gaixotzeko arrisku handia ez badute behintzat. Hala ere, Europako Batasuneko osasun publikoko agintariei eskatu diete udazkenerako edota negurako errefortzu gehigarriak planifikatzen hasteko kolektibo zaurgarrienentzat; aholkatu dute COVID-19aren aurkako txertoak gripearen txertoekin batera emateko.

Bestalde, bi erakundeek jakinarazi dute lanean ari direla irailean omikronen aldaeretara egokitutako txertoak onartzeko. Zehazki, aldaeretara egokitutako bi txerto aztertzen ari dira oraintxe, OME Osasunaren Mundu Erakundearekin batera.

707 lagun erietxeetan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, nabarmen goratu da koronabirusak kutsatutakoen kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, horrekin batera, baita ospitaleen gaineko presioa ere. Osakidetzak jakinarazi duenez, oraintxe bertan 707 pertsona daude ospitalean gaitzarengatik, duela astebete baino %34 gehiago. Zehazki, herenegun beste 55 lagun sartu zituzten ospitalean birusagatik, eta, gainera, 32 pertsona daudeZIUetan, duela astebete baino ia %40 gehiago. Azken astean, 26 pertsona zendu dira birusak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.