Pausan «autoritate arauak» behar direla erantzun du Etxegaraik

Pausa atseden zentroko segurtasun misioko kargudunaren kontrako salaketak ukatu ditu Euskal Elkargoko lehendakariak

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
«BERRIA egunkariak dioena faltsua da». Baionako Pausa atseden zentroan P.B. izeneko segurtasun misioko kargudunak sortutako arazo larriei buruz egunkari honek argitaratutako artikuluaren ondotik, gertatutako guzia ukatzen segitzen du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak. «Nire adierazpenak lortzen entseatu dira, baina abiapuntutik oinarri faltsuak dituzte. Faltsua da Pausa gunerako izendatu dudan segurtasun misioko karguduna arazo larri batzuen iturburua dela. Arrunt faltsua da», adierazi zuen atzo Euskal Irratien mikrofonoetan.

Alta, lekuko andanaren arabera, jarrera «autoritarioa» dauka migranteen harrera zentroan Rambo erraten dioten gizonak: ez ditu errespetatzen erabakiak, eta bere baitarik beste batzuk hartzen ditu; migranteak ostikoka iratzarri izan ditu, 06:00etan; finkatutako ordutegitik kanpo agertzen direnak identifikatzen ditu; migranteei galdeketa zorrotzak egin izan dizkie, inork jakin gabe informazio horiek norentzat diren; magrebtarrei harrera egitea ukatu du azkenaldian... Lekukoen arabera, segurtasun misioko kargudun hori litzateke lehen astean Atherbeak Pausa zentroa uzteko erabakia hartu izanaren arrazoi nagusietako bat. P.B. kanpo ematea edo elkartearen agindupean ezartzea eskatu zuen Atherbeak. Etxegaraik errefusatu du.

Miarritzen (Lapurdi) izaten ari den Lurrama azokaren irekiera ekitaldiaren ondotik egin zioten galdera Euskal Irratiek, atzo goizean, Elkargoko lehendakariari. Ezinbestekotzat dauka segurtasun misioko kargudun hori halako zentro batean. «Jakin behar da gisa horretako zentro baten plantan ezartzeak autoritate arau batzuk errespetatzea eskatzen duela, eta, halako egoeretan, polizia pixka bat ere behar da, bistan dena», azaldu zuen. «Migranteak babestu behar ditugu kanpotik etor daitezkeen pertsona batzuei begira; zentrora sartu eta bertan lasaitasunezkoa ez zen giro bat sortzen entseatu diren gizon batzuk aipatzen ditut», gehitu du, P.B.-k harrera debekatu nahi zien magrebtarrei buruz ari ote zen zehaztu gabe. Momentuko, Pausan segitzen du P.B.-k. Bera da, azken astean, atseden zentroko arduradun nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.