Herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Biharamuna

Herriko bozen hirugarren itzulia: Euskal Elkargoko lehendakariaren hautaketa

Ondoko asteetan jokatuko da Euskal Elkargoko lehendakari izateko lehia. Alain Iriartek erran du gogoa duela, eta Jean Rene Etxegarairen hautagaitza ere espero da. Errepublikanoak ere antolatzen ari dira

Jean Rene Etxegarai, igandean, emaitzak jaso ondoren. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Uztailaren 17an eginen dute Euskal Elkargoaren lehen biltzarra Baionan, eta lehendakaria hautatzeko bozkatuko dute bertan. Hautagaitza bat baino gehiago izanen dela espero dute.

Galdera egin zaion bakoitzean erantzun argi bat ematea saihestu du Jean Rene Etxegarai orain arteko lehendakariak. Baionako auzapez izateko kanpainan «zentratua» zela zioen; ez zuela bestelako lehentasunik. Igandean bozen %53,8 lortuta, Baionako auzapez karguarekin batera orain arte zuen pisu politikoa atxikitzea lortu du. Aurki iragarri beharko luke bere hautagaitza, eta badirudi hasi dela diskurtsoa prestatzen: Elkargoan sor litezkeen zati politikoen kontra mintzatu da Sud Ouest egunkarian, 2017an izan zuen bateratzaile rolari atxikiz.

Parean, Miarritze, Angelu eta Donibane Lohizuneko LR-ko auzapezak ados eman litezke. «Abertzaleen bultzada bat bada. Antolatuak dira, mezu politiko batekin. Gure aldetik ere antolatzearen aldekoa naiz», adierazi du Claude Olive Angeluko auzapezak Sud Ouest-en ere.

Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta EH Baiko kidea lehendakari izateko «prest» agertu da, eta erran du «pentsatzen» ari zela hautagaitza aurkeztea. Uztailaren 9an eginen du biltzar nagusia EH Baik, eta bertan erabakiko dute Iriarten hautagaitza babestu ala ez. «Elkarrekin ikusiko dugu ea Iriarten gogoetak eta EH Bai mugimenduaren gogoeta eta erabakiek bat eginen duten», adierazi zuen Iker Elizalde EH Baiko zuzendaritzako kideak igandean, argi utzita Etxegarai eta Iriarten artean hautatu behar balu abertzalearen alde eginen lukeela.Hego Lapurdin lortu emaitza onen ondotik, Filipe Aramendi Urruñako auzapez hautatuak erran du hautagaitza aurkeztu beharko litzatekeela. EH Baiko kideek izanen dute azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.