Atxikimendu ugari bildu ditu Greziatik haurrak ekartzeko ekinbideak

45 eragiletik gora batu zaizkio igarobide seguruak irekitzeko Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek egindako eskaerari

Elkarteek atzo Gasteizen egindako agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Greziako errefuxiatu esparruetan gaixorik dauden umeak Euskal Herrira ekartzeko ekinbideak aurrerapausoak eman dituela jakinarazi dute Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek. Maiatzean, atxikimenduak biltzeari ekin zioten erakundeen, alderdien eta gizarte eragileen artean, Greziatik umeak ekarri ahal izateko, eta, bi elkarteek jakinarazi dutenez, eskariarekin bat egin dute Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako 45 gizarte eragile eta mugimenduk baino gehiagok. Besteak beste, UGT, CCOO, ELA, ESK, LAB, EHNE eta Steilas sindikatuek babestu dute proposamena. Azken bi hilabeteotan, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PSE-EE taldeekin elkartu dira Eusko Legebiltzarrean, eta, irailetik aurrera, Nafarroako alderdiekin batzartuko dira.

Espainiako Diputatuen Kongresuko atea ere joko dute, babes bila. Idatzi baten bidez, talde parlamentarioetako ordezkariei helaraziko diete ekinbidea. Arantxa Gutierrez Paz Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko ordezkariarenustez, EspainiakoGobernuaren «borondate politikoa» ezinbestekoa da auzia konpontzeko.

Uste dute nazioarteko araudiak aukerak ematen dituela igarobideak zabaltzeko. Rosabel Argote Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak gogoratu du Ukrainako gerraren ondorioz jada ez dela «utopikoa» errefuxiatuentzako igarobide «seguruak» zabaltzeko ideia. Elkarteek hiru bide proposatu dituzte horretarako. Batetik, Eusko Jaurlaritzarieskatu diote bisa humanitarioen bitartez Euskal Herrira etortzeko bidea irekitzeko errefuxiatuei. Igarobide humanitarioak zabaldu arte, Schengen eremuko estatuetan ibiltzeko aukera ematea proposatu dute, halaber. Bestetik, galdegin dute aldi baterako babes araubidea eta bizileku baimena onartzea harreran hartutakoentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.